«Iraganak ez du oztopo izan behar prozesu subiranistak abiarazteko»

Iñigo Terradillos 2016ko mar. 23a, 09:20

Euskal Herriari estatus berri bat ematea abertzaletasunatik haragoko auzitzat du Antton Izagirre Independentistak sareko kideak eta, bide horretan, erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrak gero eta sendoago bilakatuko direla uste du

Aurtengo Aberri Eguna inflexio puntua izatea nahi du, Independentistak sareak. Euskal estatuaren aldarrikapena festaren bidetik eramango dute, Iruñean, baina lelo labur eta argia gailenduko zaie, nafar hiriburuko hitzorduei: Bai. Bertaratuko den herritar uholdea horretako kide da Antton Izagirre tolosarra.

Aurtengo mezua, argia.
Bai. Uste dugu bai hitza biltzailea dela, inklusioa bultzatzen duen kontzeptua dela. Bai independentziari esatean, zentzu zabalenean esan nahi dugu: sortu nahi dugun Euskal Herri burujabe horri bai, eta bai, ziklo berri batean sartzeari. Menpekotasun egoera batetik, erabakitzeko gaitasuna dugun ziklo batera pasatu behar dugu. Iruditzen zaigu leloaren inguruan ez direla abertzaleak soilik biltzen: egungo egoera soziala, euskararen egoera, egoera menperatzailea gaindituko dituen estatu berri bat sortzea, abertzaletasunetik harago dago.

Euskal estatu horretan abertzaleek eta ez-abertzaleek dute lekua. 
Euskal jendarteak erabaki behar du Euskal Herriak zer izan behar duen. Dudarik gabe, guk independentzia bultzatuko dugu, baina orain arte bere burua espainiartzat jo duena ere egon daiteke estatu demokratiko berri baten alde. Identitateak, hizkuntzak nahiz historiak pisu handia duten arren, Euskal Herria estatu berri bat izango da, herritarrok hala nahi baldin badugu. 

Zergatik inflexio puntua?
Baditugu erabakitzeko eskubidea gauzatu izanaren adibideak, Katalunian eta Eskozian, eta uste dugu Euskal Herriak ere horrelako prozesu batean sartu behar duela. Orain arte, abertzale eta ez-abertzaleen arteko eztabaidan aritu izan gara, eta pauso praktikoak emateko ordua da.

Zein pertzepzio duzue baiezkoren aldeko jarreraz?
Orain arte alderdi politikoak izan dira status quo hori aldatzearen alde posizionatu direnak, eta aldebikotasuna eta aldebakartasuna defendatzen duten jarrerak daude. Guk uste dugu estatu frantziarra eta espainiarra elkarrizketarako itxita daudela, eta, beraz, herritarrek gehiengoz hartu behar dutela aurrera egiteko erabakia. Euskobarometroak emandako portzentajeak eta argitaratu berri diren beste estatistika batzuek independentista kopuru desberdina eman du, beraz, harago joan daiteke, eta lehenengo egitekoa hitza ematea da. Sartu nahi izan diren beldurrak uxatu egingo dira.

Beldurra sortzen saiatzen dira?
Badago joera bat. Estatus berri bat ezinezkoa dela diote, Europatik kanpo geratuko litzatekeela, ekonomikoki ez litzateela bideragarria, ilegala litzatekeela,... Eszeptizismoa sortu nahi dute, jarrera kontserbatzaileak indartu nahian.

Aldiz, zein onura ekarriko lituzke estatu independenteak?
Hasteko, erabakitzen ari garela sinestea ekarriko luke. Hori ikuspegi soziologikotik oso garrantzitsua da; goitik erabakiak hartu beharrean, denon artean erabakitzen dela, alegia. Horrez gain, Independentistak taldean, uste dugu hemen badagoela gaitasun politiko, ekonomiko eta soziala, gertu ditugun ereduak atzean utzi eta egoera berri bat sortzeko. 

Zein dira prozesu subiranista bat abiarazteko baldintzak? 
Egungo egoeratik harago joateko gogoa izatea. Hori gehiengo sozialak aldarrikatu du azken urteotan, baina, politikoki ere, uste dugu indar metatzea gerta daitekeela, horren alde. Bide hori noraino iritsiko litzatekeen? Prozesuak berak erakutsiko liguke, baina abiarazi egin behar da, eta badaude horretarako baldintzak.

Iragana zama moduan aipatu izan du zenbaitek. 
Askok gatazkari, indarkeria aroari eta ulertu ezinari egiten diote erreferentzia. Horretan geratu nahi dute, baina, zorionez, aro hori gainditzen ari gara, eta iraganak ez du oztopo izan behar prozesu subiranistak abiarazteko. Ez dugu uste gatazka politikoak sortu dituen zauriak itxi eta erabateko bizikidetzara iritsi behar denik, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko; aurrera egin behar da.

Zuen sarea itzalean geratu da, azken urteotan, Gure Esku Dago-ren indarragatik?
Euskal Herrian politikarako hainbat bide itxita zeudenean eman zituen lehen urratsak, Independentistak sareak; ilegalizazio garaian. Oihartzun handia izan zuen, baina, gerora, joko politikoa zabaldu egin da, eta Independentistak ez da alderdi politiko bakar baten dinamikan sartu. Gainera, bada gure sareak defendatzen duena baino lehenagoko pauso bat: Baiesan aurretik, aukera izan behar dugu erabakitzeko. Eta, hain zuzen horretarako daude erabakitzeko eskubidearen alde metatu diren indarrak. Guk hori erabat errespetatu dugu, baina, erabakia gauzatzeko unea iristen denean, herritarrei zer erabaki nahi duten galdetu beharko zaie, eta guk Bai aldarrikatuko dugu.

Hauteskundeen urtea da aurtengoa. Emaitzei begira egongo zarete?
Taldeak beti egiten du bere hausnarketa, emaitzen arabera. Baina, aipatu bezala, gure egitekoa ez da alderdi politiko honen edo haren jomugan egotea, baizik eta alderdi politiko guztiei geure hitza izateko aukera eskatzea.

Iganderako zein deialdi luzatuko diezue herritarei?
Azken urteotan jendetza bildu izan da Iruñean, eta igandean errepikatzea espero dugu. Indarberriturik gaude, fase berri batera pasa behar dugulako. Horrenbestez, igandean Golem zinema paretik irtengo den manifestaldi koloretsuan parte hartzera deituko ditugu herritarrak, festa eta aldarrikapena zentzu positibo batean uztartuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!