Aizkolari azkarrenaren bila

Asier Imaz 2016ko mar. 18a, 11:24

Joakin Garmendia eta Unai Zabala rantxo batean elkartuko dira igandean, 12:30ean, Zizurkilgo Muga Ranch-en. Azkarrena nor den erabaki nahi dute, baina eskuetan, aizkorak bakarrik izango dituzte.

Mahai gainean 1.000 euro jarri ditu alde bakoitzak, eta egin beharreko lana: lau enbor ebakitzea. Unai Zabalak emango ditu egurrak. Sarrera 3 eurotan jarri dute, eta 14 urtetik beherakoak doain sartzeko aukera izango dute.

Joakin Garmendia izan zen apustua martxan jarri zuena. Anoetarra 70 urteko gaztea da, eta bera joan zen Zabalarengana, festa pixka bat jarri beharra zegoela esanaz. Garmendia herri kiroletan ezaguna da, aizkoran bezala segan, segan bezala idiekin... baina beti jaia jartzeko prest. Plazagizona da Garmendia, eta hori, bere alde edukiko du igandeko apustuan. Azken aldian segan ibili baldin bada ere, urrutira joan gabe iazko uztailean Merkaderrekin egin zuen jokoa, aizkora zer den ongi ezagutzen du. Esperientzia ere aldeko izango du, beraz.

Zabalaren erantzuna
Joakin Garmendiak desafioa bota zienean, zabalatarrak ez ziren kokildu. Unai Zabala hasiberria da aizkoran, baina jadanik, 5 aldiz izan du plazan aritzeko aukera. Horrelako apusturik sekula jokatu ez baldin badu ere, diru kontuan tarteko, gaztetasunaren indarra eta ausardia dauka, eta horri heldu nahi dio 17 urteko txaramarrak.


Aizkora txikitatik gustatu izan zaio Unai Zabalari. Etxerako egurra mozterakoan hor ibiltzen zen. Herri kirol zaleak dira zabalatarrak, eta lehen aizkora osaba batek oparitu zion. Orduan hasi zen serioski aizkoran, entrenamenduetan buru-belarri sartuz. Bere prestakuntzan bi elementu nabarmentzen ditu txaramarrak: mendia eta egurra.


Igandean osaba izango du alboan, erakustaile lanetan, eta horri heltzen dio gazteak: «Jendearen aurrean aritzea ez da erraza izaten. Nik plazan etxeko lana egin nahiko nuke, baina urduritasuna kontuan hartu beharko da. Ondoan osaba edukiko dut, eta berak asko lagunduko didalakoan nago, erritmoa markatzen, lasaitzen...».


Gogotsu dago Unai Zabala, eta aizkoran ibiltzea gustatzen zaionez, plazan lan txukuna egin nahi du, behin apustua bukatuta ere aurrera gogotsu jarraitzeko. Bere aurkaria plazagizona dela badaki, eta alde horretatik lasaiago ibiliko dela, baina berak dion bezala, beti komeni da urduritasun puntu batekin plazara joatea.

GARMENDIA VS. ZABALA
Eguna: Martxoak 20, igandea
Ordua: 12:30ak.
Lekua: Zizurkilgo Muga Ranch.
Sarrera: 3 euro. 14 urtetik beherakoek doain.  
Apustua dirutan: Alde bakoitzak 1.000 euro.
Lana: Kanaerdiko lau enbor ebakitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!