Ibarraldeko pilotarien elkargune izango den pilota txapelketa

Irudian, pasa den asteburuan lehen jardunaldiko partidak jokatu ziren

Berastegi, Leaburu-Txarama eta Ibarrako pilota eskolak I. Eskuz Banakako Txapelketa jokatzen ari dira

Ibarraldeko bailara eta bertako pilotariak bilduko dituen I. eskuz banakako txapelketa abiatu berri dute Leaburu-Txaramako, Berastegiko eta Ibarrako Sendi Ekintza pilota eskolek. Pasa den asteburuan hasi, eta apirilaren 16an jokatuko dituzte finalak.

Eskoletako pilotari gazteek «lehiatzeko gogoa» zutela ikusita sortu zen txapelketarako ideia, Izaskun Ormaetxea Ibarrako Sendi Ekintza pilota eskolako arduradunaren esanetan. Beraien «nahiak» urritik otsailera bitarte eskolarteko eskuzko txapelketak asetzen zituela dio Ormaetxeak, baina otsailetik aurrera dagoen hutsunea eta banakakoan dagoena ase nahian bururatu zitzaien txapelketa hori antolatzea.
Txapelketak, hala ere, helburu ezberdinak ditu: «Batetik, lehiatzeko grina hori ase eta eskuz banakako modalitatea lantzea, eta bestetik, bailara ikuspegi hori eman eta pilota pixka bat indartzea bailara mailan, pilota eskolen arteko harremana indartuz».

Lehen jardunaldia pasa den asteburuan izan zuten, eta hasierako urduritasunak gaindituta «ondo» atera zela dio Ormaetxeak.

Hiru pilota eskoletako 34 haurrek parte hartuko dute ligaxka honetan, 22 benjaminak eta 12 kimuak. Bestalde, lehiatzeko «gogoa» duten bejamin-aurrekoak ere badituzte, baina ikasle horiek ez dira lehiatzen ari une honetan eta aurrerago topaketaren bat antolatzeko asmoa dute.

Etorkizuna egon badagoela uste du Ormaetxeak, baina Ibarraldeko bailaran pilotaz gaindiko «harremanak» sortzea faltan botatzen zuten eta hortaz, aurrera begira sortu daitezkeen harremanak ere «aberasgarri» direla uste du ibartarrak.

Eskolarteko txapelketaren eta Ataria Pilota Txapelketaren artean kokatu dute txapelketa hau, beste txapelketekin bat ez egiteko asmoz. Apirilaren 9an izango dute hirugarren saioarekin amaituko da ligaxka, eta 16ko finalaren aurretik talde bakoitzetik puntu gehien dituztenek finalaurrekoak jokatuko dituzte astean zehar eta apirilaren 16an ospakizunarekin eta guzti jokatuko dituzte finalak.

Pilota partidak egoitzak dituzten frontoi guztietan jokatuko dituzte, eta izena eman duten pilotari kopurua ikusita laugarren pilotaleku bat ere behar zuten, eta horregatik Ibarran bi pilotalekutan jokatuko dute: Belabieta kiroldegian eta Uzturpe ikastolako frontoian.

Oraindik balorazio orokorra egiteko goiz bada ere, oraingoz txapelketak «ilusioa» piztu duela uste du Ormaetxeak, eta aurrera begira ere harreman hori mantentzea espero dute.  Hurrengo partidak asteburu honetan bertan izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!