«Gure nahia eta ametsa da Tolosaldea galdeketen olatura batzea»

Iñigo Terradillos 2016ko mar. 17a, 13:05

Debagoiena eta Goierri eskualdeetan eta Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako hainbat herritan ekainean egingo diren galdeketekin erabakitzeko fasean sartu eta une erabakigarrian murgilduko da dinamika

2013an abiatu zen dinamika da Gure Esku Dago, erabakitzeko eskubidea gauzatzea helburu duena. Horrela sortu zen eta ordutik hamaika ekimen burutu dira helburu hori oinarri hartuta. Aurrera begira eman asmo dituzten pausoei buruz hitz egin du Jone Amonarrizek (Tolosa, 1993). Gure Esku Dago herri ekimeneko komunikazio arduraduna da bera.

Hainbat herritan galdeketak egingo dituztela jakin dugu. 
Esan daiteke orain iritsi dela benetako garaia Gure Esku Dagorentzat. Gaur arte lortu duguna izugarria izan da, denbora gutxian urrats sendoak eman ditugu. Bi urteak oso emankorrak izan dira; herritarrak saretu ditugu, eta guztiak erabakitzeko eskubidearen inguruan batzea lortu du dinamikak. Orain arteko lorpen horiek —eta gehiago— oinarri, ekintzetara jauzi egiteko momentua da. Erabakitzeko unea. Fase erabakigarrian sartu gara.

Gaia azaleratu, gizarteratu eta herritarrak sentsibilizatzeko, zein ekimen antolatu dituzue azken urteetan?
Hamaika ekimen, jardunaldi eta festa egin ditugu Euskal Herri osoan zehar. Nagusiak bi izan dira. Batetik, 2014ko giza-katea, aurreikuspen guztiak gainditu zituena; 150.000 euskal herritarrek parte hartu zuten. Bestetik, joan den urtean erronka harago joan zen, Euskal Herriko bost hiriburuetan indar eta borondate erakustaldi indartsua egin zen; ez genuen lortu estadioak betetzea baina bai milaka eta milaka herritarren borondatea, aldarrikapena eta nahia azaleratzea.

Diskurtsoetatik ekintzetara pasako zarete. 
Helburua galdeketa egitea bada ere, Gure Esku Dagok baditu beste erronka batzuk, beharbada hainbeste nabarmentzen ez direnak baina izugarrizko garrantzia dutenak bai prozesuarentzat eta baita herriarentzat ere: gaia gizarteratzea, parte hartzea sustatzea, herritarrak saretzea, adosguneak sortzea, indarrak batzea eta bizikidetza ahalbidetzea, besteak beste. Helburu horiek betetzearekin batera sortzen dira galdeketa egiteko baldintzak.

Non egingo dira galdeketak 2016an?
Galdeketa egingo duten bi eskualdeak Gipuzkoakoak dira: Goierri eta Debagoiena; herriak, aldiz, Dima (Bizkaia), Ispaster (Bizkaia), Azpeitia (Gipuzkoa) eta Bakaiku (Nafarroa). Denera 150.000 lagun egongo dira deituta.

Herri bakoitza bere kontura dabil antolaketa lanetan?
Bakoitza bere bidea egiten ari da baina guztiak norabide berean. Gure Esku Dagok protokolo bat du herri galdeketak egiteko, legeak babesten duena eta herriek bete beharrekoa. Lau urrats markatzen ditu: aztertu, proposatu, adostu eta erabaki. Besteak beste, galdeketa egin behar duen herriak edo eskualdeak elkarte bat sortu behar du: Azpeitian Hitzartu, Goierrin Elkarrekin eta Debagoienan Erain Debagoiena sortu dituzte, adibidez. Sinadura bilketa bat ere egin behar dute aurrez, parte hartzea bermatzeko eta galdeketa egin ahal izateko. Euren kabuz ari dira lanean, baina beti Gure Esku Dagoren aterkipean. Dimentsio handia hartzen ari da.

Ekainean zein egunetan egingo dira galdeketak?
Ekainaren 12a, 19a eta 26a dira, hasiera batean, galdeketa egunen datak. Espainiako hauteskundeak errepikatuko badira, ordea, egunez aldatu beharko dira. Aukera aztertzen ari dira.

Behin galdeketak eginda, zer? Zer indar izango du horrek?
Izugarrizko potentzia izango du. Aurten galdeketa egingo duten herrien eta eskualdeen erantzuna oso ona izatea espero duguna, izan dadila bultzada bat gainerako herriak kutsatzeko eta bide hori hartzera animatzeko. Olatu bat sortuko da eta Euskal Herri osoa hartuko du datozen bi-hiru urteetan. Baina olatu horrek jarraipena izan dezan bultzada ekonomiko bat ere behar du Gure Esku Dagok, egitura sostengatzeko ez ezik, nazio mailako erronkari heltzeko. Bazkidetza kanpaina bat jarria dugu martxan eta hori indartu nahiko genuke. Azken hilabeteotan garatutako Eskura hausnarketaren ondorio da bazkidearen figura. Dinamikaren barne funtzionamendua are demokratiko eta horizontalagoa izan dadin sortu da.

Bazkide egiteko zer egin behar da?
Oso modu errazean egin daiteke bazkide, beti azpimarratzen dugun bezala, bakoitzak ahal eta nahi duen neurriko kuota aukeratuz. Herrietako ordezkariek eskuorri batzuk dituzte eta horiek beteta egin daiteke bazkidetza, edo, bestela, Gure Esku Dagoren atarian datu batzuk sartuta. Urte osoan bost euroko ekarpena edo hortik gorakoa egin daiteke. Denek daukate lekua Gure Esku Dagon. Hamasei urtetik gora duen edonor.

Tolosaldean zertan ari da Gure Esku Dago?
Lanean, buru belarri. Eskualde mailan adierazpen bat lantzen ari gara ekainaren 5ari begira, aurrerantzean eragile ezberdinekin osatzea gustatuko litzaigukeena. Gure nahia eta ametsa da Tolosaldea galdeketen olatura batzea.

Galdeketen harira, Adierazpen Egunak egingo dira. Zein da ekimen honen helburua?
Herritarrek hartuko dute hitza. Ekainaren 4an eta 5ean herriek adierazpenak egingo dituzte. Forma ezberdinak hartuko dituzte, herrietako baldintzen eta planen araberakoak. Zentzu horretan aniztasun handia egongo da, baina ziur egun garrantzitsua izango dela. Jai giroan ospatuko bada ere, edukiak izango ditu.

2018an jarri duzue jomuga. Erabakitzeko eskubidea gauzatuko da urte horretan?
Gure Esku Dago hiltzeko borondatez jaio zen eta 2019a baino lehen dinamika desagertzea espero da. Ekintza plan bat onartu zen iazko azaroan datozen hiru urteei begira; 2018a euskal herritarrontzat mugarri izatea da erronka, eta erabakiari nazio mailatik heltzea. Ordurako herritarren borondatea eta nahia indar handiz azaleratuko dira. Hau hasiera besterik ez da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!