«Askotan pobrezia egoera azalerazteak lotsa ematen digu»

Iñigo Terradillos 2016ko mar. 17a, 11:38

Nekane Berriotxoa ezkerrean, eta Arantxa Corrales eskuinean

Duintasuna elkarteak hileroko gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eskatu berri du, eta kopuru hortatik behera daudenak batez ere emakumeak direla salatu du. Nekane Berriotxoa eta Arantxa Corrales elkarteko kideak dira.

Gipuzkoako erretirodun eta pentsiodunen elkartea da Duintasuna elkartea, eta Euskal Herrian adineko emakume asko prekarietate egoera «gogorrean» bizi direla salatu berri du.

Milaka emakumeren prekarietate egoera salatu duzue.
Arantxa Corrales: Duintasuna elkartea pentsiodun eta pertsona helduen elkartea da. Gipuzkoa mailan aritzen gara. Gizon eta emakumeok parte hartzen dugu bertan, baina emakumeok gure aldarrikapen propioak ditugula pentsatzen dugu, eta horregatik hilean behin Duintasuna elkarteko emakumeok biltzen gara gure aldarrikapen propioak eztabaidatzeko, gure egoeraz hitz egiteko eta ikusteko zer egin dezakegun emakume helduen bizimodua hobetzeko edo aurrera eramateko. Gehienbat azaroaren 25aren Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna eta martxoaren 8aren Emakumeen Nazioarteko Eguna inguruan, zerbait berezia prestatzeko biltzen gara. Aurten testuinguru horretan milaka emakume oso egoera gogorrean bizi garela aldarrikatu nahi izan dugu eta hori plazaratu egin behar dugu, zeren askotan pobrezia egoera hori azalarazteak lotsa ematen digu, bereziki Euskal Herrian. Baina, guk pentsatzen dugu ausartak izan behar dugula nola bizi garen esateko. Ez badugu onartzen nola bizi garen, zaila izango da hortik ateratzea.

Hori azaleratzeko datuak ere badituzue, ezta?
Nekane Berriotxoa: Adineko pertsonen soldatak normalean 600 euro inguruan daude. Esaterako, autonomoak izan direnak, zeren kontutan izan behar dugu emakume asko bere negozioaren jabe izan direla, eta nahiz eta kotizatu soldata oso baxuak gelditzen direla erretiroa hartzerakoan. Alargunen kasuan ere gauza bera gertatzen da; Diputaziotik eta osatzeko laguntza pixka bat izan arren egoera larrian bizi dira.

Zerbait orokorra dela esango al zenukete?
A.C.: Bai. Hego Euskal Herrian gutxienez ia 300.000 pertsona gara, pentsio oso txikiekin bizi garenok eta horietatik gehienok emakumeak gara. Gure inguruan gizon gehienek metalurgian egin dute lan eta pentsio nahiko duinak izaten dituzte. Askotan pentsiodunei buruz hitz egiten denean, esaten da pentsiodunak zeinen ondo bizi diren. Baina, datuak irakurtzen jakin behar da, eta batzuek pentsio duinak dituzten arren, gehienek ez.

Erretiro garaian dauden milaka emakume pobrezia egoeran edo pobrezia mugaren azpitik bizi direla salatu duzue. Egoera gogorra eta larria bizi dute emakume askok, ezta?
A.C.: Guk 1.080 euroko pentsioak eskatzen ditugu. Egun hauetan kalean ibili gara sinadurak biltzen eta esan izan digute 400 edo 500 euro kobratzen dutela zenbait emakumek. Hortaz, non gaude? Errealitate hori non dago? Zergatik ez da agertzen benetako errealitatea?

Ezkutuan egon dela diozue.
N.B.: Bai, ezkutuan egon da. Bizi garen gizartean zerbait ezin dudala erosi, edo ezin dudala kafe bat hartu esatea, inori ez zaio gustatzen.
A.C.: Askotan zifrak botatzen ditugunean jendea harrituta geratzen da, baina Nekanek esan duen bezala, asko autonomoak izan dira (tabernariak, dendariak...) eta pentsa zer nolako kotizazioak izan dituzten; gehienak emakumeak. Beste emakume askok aitorgabeko lanetan egin dute lan, hau da, lan egin dute baina kotizatzeko eskubide edo aukerarik gabe. Lan izugarria egin dute, baina gero eskubiderik ez dute: etxeko lanak egiten aritu diren emakumeak, prostituzioan lan egin dutenak, kanpotik etorri direnak, preso egon direnak... Alargunek ere pentsio txiki bat daukate eta ez daukate beste diru sarrerarik. Beste emakume asko ere ezkonduta daude, gizonek pentsioa dute eta beraiek ere lan asko egin dute gizartea aurrera ateratzeko baina ez daukate inongo eskubiderik. Horiek guztiak batuta milaka gara. Batzuek pentsio duina daukate, baina emakume gehienok ez, eta hori salatu egin behar da. Askotan politikoei eta entzuten diegu, emakumeek zenbat lan egin duten, zenbat balio duten, gizartea aurrera eraman dutela...

Hitz politak dira, baina hitzak eskubide bilakatu behar dira, baita eskubide ekonomikoak ere.

Erretiroduna emakumezkoa ala gizonezkoa izan aldea izugarria da, ezta?
N.B.: Nabarmen, eta lehen esan bezala ez dugu jende hori kalean ikusi. Osasunaren gaia ere hor dago, zeren emakumeak bizi esperantza luzeagoa dauka, baina gero ez dauzka bitarteko ekonomikoak aurrera egiteko, eta horrez gain bestelako faktore batzuk ere agertzen dira: krisia, koordainketa... Horrek osasunean eragin zuzena duelarik.

Nola aldatu egoera?
A.C.: Eusko Legebiltzarrera eta Nafarroako Parlamentura sinadurak eraman ditugu Herri Ekimen Legegilea aurkezteko Duintasuna elkarteak beste hainbat elkarterekin batera. Pentsio duin bat eskatzeko, behar dugulako. Eta legez ezin bada onartu, behintzat Eusko Jaurlaritzak osagarri bat jarri dezala, bizimodu duin bat eman ahal izateko, ez dugu luxurik eskatzen. 1.080 euroko pentsioak edo diru sarrerak eskatzen ditugu, eta horretarako sinadurak jasotzen ari gara. Izan ere, Europako Mahai Sozialak bere kalkuluak egin ditu, eta horren arabera Hego Euskal Herrian bizimodu duin bat emateko gutxienez 1.080 euro behar dira.
N.B.: Eusko Legebiltzarrean 60.000 sinadura behar dira gaia eztabaidatzeko bakarrik. Eskubide hori izateko bakarrik. Hori gogorra da. Gaia aurkezteko saiakera egin genuen, baina ezezkoa jaso genuen, ez omen delako bidezkoa.

Nola egin daiteke bat ekimen honekin?
N.B.: Mahaiak egongo dira kalean, zenbait enpresetara ere emango dira zerrendak sinatzeko eta ikusi beharko da Tolosaldean nola antolatzen dugun lana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!