Gutuna: Martin gogoratuz

Juankar Agirre Apaolaza 2016ko mar. 17a, 11:36

Harrigarria duk, Martin, naturan landare batzuk, besteei nola laguntzen dieten ikustea. Urkiarena, kasu. Pello Zabala fraide frantziskotarrak, Naturaren mintzoa liburuan zera dio: «Sute baten ondoren, lurra lehengoratzeko, urkia bezalakorik ez dago. 

Haizeak, bere hazi arinak astindu eta lurrean zabalduko ditu». Lankide izan nuen basomutil batek ere, zera esaten zidan: «Urkiak, pago eta haritzari lurra prestatzen ziok eta orduan basoa bere heldutasunera helduko duk».

Hi, Martin, ez hintzen euskal hiztuna, baina, zenbat maite huan euskara eta euskal kultura...

Hamaika bider ibili hintzen Santa eskean eta Olentzero errondetan, auzoko dantza taldean, euskal kulturari arnasa eta bizia emanez. Benito Lertxundiren Oi ama Euskal Herri abestia entzuten dudanean, hire aurpegia, Florenena eta beste askorena etortzen zaidak burura.

Auzoan ere, gauza bera. Amarotzi bizia emateko lurra prestatzen, eta besteentzako lanean, urkiak bezala, haziak lurrean zabaltzen. Adibideak ugariak dituk: San Joan eta Gabonetako barrikoteak, jaien antolakuntza eta beste hainbat une.

Fede esparruan, berriz, hire baitako Jainkoaren esperientzia ongi islatzen huan, nire aburuz. Behin Florenek hiri buruz esan zidaan: «Behin, honako hau aipatu nioan Martini: 'Aizak Martin, ziur nagok hik sinesmena dioan Jainko horrek, une honetan, gu biok gauzkala, belaun alde banatan eserita, bi haurtxo bagina bezala'».

Une honetan, denok landare gisa berraragiztatuko bagina, lepoa jokatuko nikek hi urkia izango hintzela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!