'2016 bidea' egitasmoak eskualdea zeharkatuko du abuztuan

Ataria 2016ko martxoaren 16a

Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldea 32 etapatan zeharkatuko dituen ibilbidea da 2016 bidea. Hiria eta mendia tartekatuz, natur eta arte balio esanguratsua duten tokietatik igaroko da. Amezketatik Tolosara bitarteko etapa abuztuaren 14an izango da eta Tolosa eta Andoain artekoa abuztuaren 21ean.

Euskal gizarteak berezkoak dituen mendizaletasunak eta kultura zaletasunak bat egiten dute proiektu honetan. DSS2016EUren baitan kokatzen da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Club Vasco de Camping elkarteak sustatu dute.

Bidea egiteko antolatuko diren irteeretan, aldi berean, naturaz eta kulturaz gozatu ahal izango dute ibiltariek, bidean jarduerak antolatuko baitira; Martxoa eta urria bitartean, igandero eramango dute mendizaleek DSS2016EUren lekukoa Euskal Herri guztian zehar, ia 600 kilometrotan zehar.

2016 bidea proiektuaren ondare gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, GR Sarea sortuko da, Gipuzkoako 7 GR nagusiak lotuko dituena. Euskal Herrian dauden Natur Gune Babestu guztietan etenik egin gabe oinez egiteko aukera emango du sareak, ireki diren bide berriei esker. Bizimodu osasuntsua eta ingurunearekiko errespetua sustatuko ditu egitasmo berriak.

Martxoaren 27an abiatuko da ekimena eta urria bitartean iraungo du. Proiektuaren inguruko informazio guztia bildu dute 2016 bidea web gunean.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!