«Zentzudunak ez du erraustegia etxe ondoan nahi, bihotza duenak inon ez»

Jon Miranda Labaien 2016ko mar. 16a, 11:36

Aiztondoko Erraustegiaren Aurkako plataformak lehenengo urratsak eman ditu eta antolatu dituen ekimenen artean dago Villabonako gaurko hitzaldia

Ez da borroka berria. Aurretik ere Lemoizko zentral nuklearra geldiarazi zuten bezala, orain ingurumenarekiko errespetuagatik errauste plantaren aurka agertu dira Asteasu, Larraul, Aduna, Zizurkil eta Amasa-Villabonako hainbat herritar. Erraustegiaren Aurkako Aiztondoko plataforma eratu dute azpiegitura lan hori geldiarazteko: «Zentral nuklearraren kasuan esaten ziguten egiten ez bazen atzeratuta geratuko ginela. Urteen joanak erakutsi digu, ordea, gezurretan ari zirela. Garai hartako diskurtso bera erabiltzen dute gaur egun errauste planta justifikatzeko».

Aurreko urteko ekainean, kargua hartu berritan iragarri zuen Markel Olano ahaldun nagusiak Zubietako errauste plantaren proiektua berrartuko zutela. Irailean, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak Olanok esandakoa berretsi zuen. Hondakinen plana egokitu, eta Europako irizpideen arabera eraikiko dutela azaldu zuen, birziklagarria den hondakinik ez dutela erraustuko, eta erraustegiaren tamaina ere egokitu egingo dutela. Edonola, Zubietako errauste planta 2019rako martxan egongo dela ziurtatu zuen Asensiok.

Aurreko egitasmoaren harira, 2011 bitartean errauste plantaren kontrako mugimendua indartsu ibili zen, eta mobilizazio handiak egin ziren Gipuzkoan. Plataformako kideen esanetan, «orduko hartan tokian tokiko mobilizazioak izan ziren gehienbat. Errauste planta eraiki asmo zuten tokietan sortu zen mugimendua. Oraingo honetan, ordea, aldarria Gipuzkoa osora zabaldu da eta berriz aktibatu da borroka. Indartsu gaude».

Osasunari errauste planta batek ekarri diezazkiokeen kalteak, horrelako azpiegitura lan batek dakarren zama ekonomikoa eta beste antolaketa ekonomiko eta sozial baten aldeko lana uztartuko dituzte plataforman. Hiru ildo horietan sakondu nahi dute, baina osasunaren alorrean jarri nahi dute arreta hasteko: «Ez dugu geuregan bakarrik pentsatzen, etorkizuneko belaunaldiei zein ingurune uzten diegun ere kontuan hartu behar dugu. Bost kilometroko bueltan errauste planta batek osasunean eragiten dituen kalteak ikusita, zentzua duenak ez du etxe ondoan nahi. Baina bihotza duenak, horrelako errauste planta bat ez du ez etxe ondoan, ez inon nahi».

EREDU ALDAKETA

Hondakinak kudeatzeko politika jakin bati erantzuten dio errauste planta bezalako azpiegitura batek, baina plataformako kideen esanetan, «porlanaren» eredua da azpian dagoena. Harago jo dute: «Sistema kapitalistaren baitan kokatzen da eta baliabideak etengabe xahutzearekin du lotura. Eredu honek ez ditu gizartearen beharrak kontuan hartzen eta enpresa eraikitzaile handien interesen zerbitzura dago. Errauste planta egiten bada, elikatu egin beharko dute eta horretarako erregai bezala funtzionatzen duten hondakinak beharko dituzte. Ondoan dauden baserrietako produktuak kutsatzen badira, haien menpe dauden merkataritza gune handietan erosi beharko ditugu barazki eta frutak. Gaixotzen bagara, haiek kontrolatzen duten farmazia industrian erosi beharko ditugu sendagaiak. Dena kate bat da».


Ez da borroka berria, baina bai ordea iraunkorra. Urteak dira hainbat herritar eredu alternatiboa lantzen ari direla. «Eredu horretan oraindik ere gehiago sakondu daitekeela uste dugu. Lurrarekiko errespetuzkoa den harreman bat bultzatu nahi dugu. Ekonomia zirkularrean sinesten dugu eta pentsatzen dugu eman digun guztia itzuli behar zaiola lurrari». Jasangarria den eredu bat da, baina ez hori bakarrik, plataformako kideen esanetan zoriontsu egiten dituen bizimodua da, «atzera bueltarik ez duena. Gure aukera honetan ez da errausketaren filosofiarik kabitzen».

Beraz, ahaleginean jardungo dute bizi eredu alternatibo horren onurak zabaltzen eta errauste plantaren aurka borrokatzen. Azpiegitura horrek osasunean ekar ditzakeen ondorioez ohartarazi nahi dute jendea, lehenik eta behin. Horretarako, gaurko hitzaldiarekin batera, etxez etxe informazioa banatu eta herrietako eragileekin bilerak egitea aurreikusi dute. «Gero maiatza bukaeran, Gipuzkoa mailako ekimen erraldoi bat egingo da. Eta guk ere, Aiztondo mailan, kultur arloko beste ekitaldi bat egiteko asmoa dugu, beti ere jai giroan baina gure aldarriak ahaztu gabe».

Plataformako kideetako batzuk seguru dute Zubietan ez dela errauste plantarik egingo, «Europatik datozen arauek beste eredu baten alde egiten dutelako». Taldean biltzen diren herritarrek argi dute, azpiegitura geldiarazteko ezinbestekoa dela horren aurkako gehiengoa irudikatzea. Eurekin lan egitera animatu dituzte, herritarrak.

EKIMENAK

Martxoak 16, gaur. Gurea zinema aretoan, 19:00etan, Osasuna eta errausketa' hitzaldia eskainiko dute Xabier Mitxelena eta Maialen Berridi medikuek. Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko (OEIT) kideak dira.
Martxoak 19, larunbata. Anoetako Gaztetxetik errauste plantaren aurkako korrika txikia abiatuko da 12:00etan. Herriari itzulia eman eta hainbat eragilek eramango dute lekukoa.

Bilerak astelehenetan
19:00. Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean egiten dituzte bilerak astean behin eta hurrengoa apirilaren 4an egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!