Hartu Trena dinamikan parte hartzeko dei egin du Sarek

Imanol Garcia Landa 2016ko mar. 16a, 11:19

Oargi mendi elkartekoek bat egin dute apirilaren 3ko ekimenarekin.

Saretik azaldu dutenez, «norbera da bidelagun garrantzitsua euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko bidean".

Hartu Trena dinamika jarri du abian Sarek, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak errespetatuak izan daitezen lan egiten duen sare herritarrak. Antolatzen dituzten ekimenen artean nagusienetakoa urtarrilean Bilbon egiten den manifestazio jendetsua izaten da. «Gure asmoa da indar metaketa hori egunez egun hor egotea, eta ahalik eta jende gehien biltzea bidea elkarrekin egin dezagun», azaldu du Egoitz Luisa Sareko kideak.

Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideak errespetatuak izateko bide horretan, «norbanakoen inplikazioa eta aktibazioa» nabarmendu ditu Luisak, eta hor kokatzen da Hartu Trena dinamika. «Ideologia eta iragan ezberdinetako jendea inplikatzea nahi dugu. Mugitzen gaituena da eskubide horiek beteko direla aldarrikatzea. Egun euskal preso, iheslari eta deportatuek bizi duten egoera oso mingarria dela ikusten du herritarren gehiengo batek».

LEHEN GELTOKIA

Dinamika iraunkor bat martxan izateko beharra ikusten dute Saretik, eta trenak hori irudikatzen du. «Guzti honen gakoa da norbera dela bidelagun garrantzitsua, trenera igoz ahal duen moduan inplikatzea, bide bazterrean begira geratu ordez», esan du Luisak. «Denon artean ahal dela lehenbailehen gure geltokietara iristea».

Lehen geltokiak hiru eskaera ditu: euskal presoen Euskal Herriratzea, larriki preso dauden gaixoak askatzea eta zigorren batuketak ez aplikatzea. «Momentu honetan mingarriak dira eta lehenbailehen paretik kentzea eskatzen diguten oztopoak dira», azaldu du Luisak. Dispertsioren amaiera «oso garrantzitsua» dela dio: «Gaur egun senide bakoitzak bataz beste astero 700 kilometro baino gehiago egin behar ditu, jakinik horrek dakarren arriskua errepidean eta kostu ekonomikoa».

Une honetan gaixotasun larriak dituzten 13 euskal preso daudela gaineratu du: «Espetxean jarraitzen dute, nahiz eta legeak onartu dagoeneko kalean izan behar zutela. Denetariko kasuak daude: arazo psikologiko oso larriak dituztenak, minbizia pairatzen dutenak... Azkenean zigor gehitua da bai presoentzako eta baita senideentzako ere».

Hirugarren eskaera zigorren batuketari dagokio. «Legeak dio urte batzuk beteta izanez gero espetxean estatu batean, urte horiek kendu egin behar direla beste estatu batean zigor berdinagatik epaituz gero. Gutxienez zortzi euskal presok kalean egon behar lukete legea behar bezala aplikatuz gero». Hiru gai horiekin ez direla ari eskatzen «pribilegiorik» esan du Luisak, «baizik eta egun legea dagoen moduan errespetatzea».

Hartu Trena dinamikaren barruan lehendabiziko ekimenak mendiarekin du zerikusia. «Mendizaleek deia egin dute Hegoaldeko lau tontor igotzeko egun berean, apirilaren 3an, Hartu Trena dinamikarekin bat egiten dutela aldarrikatzeko. Saretik ere dei egiten dugu jendeak parte hartu dezan», esan du Luisak.

Gipuzkoan Txindoki izango da igoko den mendia. «Eredu bezala izan dadila beste arlo batzuentzat ere ekimenak antolatzeko». Beste hainbat arlotan ere ekimenak bultzatzen ari dira Hartu Trena dinamikaren barruan. Esaterako, Tolosaldeko kultur arloko hainbat pertsona ekitaldi bat antolatzen ari dira apirilera begira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!