Horrela, udalak adierazi dit Invizak otsailaren 22an klinikaren jardueraren gaineko proiektu bategina aurkeztu duela eta, orain, udaletxeko zerbitzu teknikoen eskuetan dagoela aztertzeko. Idatzian besteak beste hauxe esaten da: jarduera lizentzia ez zen bertan behera utzi, ezta haren aurkako errekurtsorik aurkeztu ere; halere, eraikuntza berriarekin zerikusia duten alderdiak ezinezkoak dira.
Hala ere, kasu honetan aplikatu behar den legea honako hau da: «3/1998 LEGEA, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorra». Lege horrek 61 artikuluko 2 eta 5 apartatuetan hauxe dio:
61. atala. Obrak egiteko eta irekitzeko lizentziekiko harremana.
2. Eskatzaileak jarduera-lizentzian ezarritako neurriak bete direla jakinarazten duen hurrengo egunetik hasita 15 egun naturaleko epean, udal teknikariek ikuskapen-bisita egingo dute. Aldeko egiaztapen-akta egingo dute, instalazioa onartutako proiektuarekin eta Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoak edo eskudun foru-organoak ezarritako neurri zuzentzaileekin ados dagoela egiaztatu ondoren. Bestela, interesatuari ikusitako hutsuneen berri jakinaraziko diote eta epe bat emango diote dauden hutsuneak betetzeko.
5. Lizentziak indarrik gabe geratuko dira emateko baldintzak betetzen ez badira. Eta lizentzia edo baimena ukatzeko balio zezaketen arrazoiak agertzen badira, eta horiek emateko balio duten arrazoiak interpretatzeko irizpide berriak onartzen badira, ezeztatu egingo dira lizentzia horiek, hori guztiori Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Jardunbide Komunari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako administrazio-egintzak berraztertzeko prozeduren arabera.
Beraz, 2011n emandako jarduera lizentzia ondoriorik gabe geratu da. Eta hala ez izanda ere, klinikari faltako litzaioke irekitzeko lizentzia. Eta baimen hori gabe ezin izango luke inolako jarduerarik garatu.
Lege horrek berak, 108 artikuluan eta hurrengoetan, zigorrak aipatzen ditu oso larriak, larriak eta arinak legeak dioena ez betetzeagatik.
Udalak urte horietan klinikari jarri izan balio zigor larri edo oso larriren bat, ezinezkoa egingo zuen kontratu bat egitea Administrazioarekin. Eta hori zen egin zitekeena, baina egin ez zena.
Begiratu dezagun aurrera. Martxoaren 2an eman zen argitara GAOn, eta herritar orok 15 eguneko epea dauka, jarduerak modu batera edo bestera ukitzen duela uste badu, bidezkotzat jotzen dituen ohartarazpenak egiteko.