Bigarren eskuko azoka egingo du 'Maiatzak 20' taldeak Tolosan

Ataria 2016ko martxoaren 14a

Tolosako kultur etxean, martxoaren 17tik 20ra egingo da bigarren eskuko azoka 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Udan Saharako errefuxiatu kanpamentuetatik Amasara 15 neska-mutil etorri daitezen antolatutako ekimenen barruan sartzen da azoka. Hau da, Martxoak 20 taldeak zabaldu duen oharra:

Aurtengoan ere Amasan izango gara, bertako Apaiz etxean eta gure helburua 15 neska-mutil harreran izatea da. Batzuk iaz gurekin uda igaro zutenak eta besteak aurten lehen aldiz gure herriak ezagutuko dituztenak, baina denek behar-beharrezkoak dute gutxienez bi hilabetez desertutik ateratzea.

10 eta 12 urte bitarteko neska-mutilak dira eta desertuan jaio eta haztera behartuak izan dira, orain dela 40 urte euren guraso eta aiton-amonak Mendebaldeko Saharatik bota zituztelako. Hau Espainiak, Marokok eta Mauritaniak “hiruko hitzarmena” sinatu zutenean gertatu zen, Marokoko erregeak “martxa berdea” deiturikoa Mendebaldeko Saharara bidali eta sahararrak ihesik atera behar izan zutenean.

Ordutik saharar biztanleria ezohizko egoera batean bizi da: 120.000 pertsona baino gehiago Tindoufetik gertuko errefuxiatu kanpamentuetan bizi da, beste biztanleria zati bat Fronte Polisarioaren eskuetan dauden lurralde askatuetan eta hirugarren biztanleria zatia Marokoren okupaziopean. Hiru eremuetan oso egoera ezberdinetan bizi direlarik, eta nahiz eta gure elkarteak hiru lurraldeekiko elkartasuna agertu, gure proiektuan errefuxiatu guneetan bizi diren neska-mutilek parte hartzen dute.

Bertako bizi baldintzak oso gogorrak dira, elikadura eta ur eskasia dago; eta nahiz eta antolaketa aldetik eskolak, anbulatorio eta ospitaleak, udaletxeak… egon, beharrezko materialak lortzeko zailtasun handiak dituzte. Hori dela eta, nahiz eta mediku ikasketak dituzten sahararrak egon, osasun azterketak egiteko materialak eta gaixotasunak sendatzeko materialak falta dituzte. Klimak ere ez die gehiegi laguntzen, sahararrak iritsi bitartean inoiz inor bizi ez zen lurraldean bizirauten dute, deserturik desertuenean. Neguan hotz handia eta udan 60ºko tenperaturak jasan behar izan ohi dituzte, eta nahiz eta gezurra dirudien arren, pasatako urrian aste betez euria egin zuen eta uholdeek 90.000 pertsona baino gehiago etxebizitzarik gabe utzi zituzten.

Errefuxiatu kanpamentuetan bizirik irauteko zailtasunak kontutan hartuta, Oporrak Bakean programa jartzen da martxan eta aurretik esan bezala, gure elkarteak, Maiatzak 20 elkarteak Amasako Apaiz etxean 15 neska-mutil izan nahi ditu harreran.

Datozen hilabeteetan ekintza ezberdinak jarriko ditugu, beharrezko materialen bilketa ezberdinak antolatuko ditugu edota finantzaketa lortzeko. Aste honetan elkartasun merkatua zabalduko dugu Tolosako Kultur etxean ostegunetik igandera. Bertan proiektuko informazioa zabaltzeaz gain, gauza mordoa ipiniko dugu salgai. Tolosaldeako biztanle guztioi bertatik pasa eta gure helburua betetzen lagun diezaguten eskatu nahi diegu.



 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!