Zarena edo izan behar duzuna?

Iñigo Terradillos 2016ko mar. 13a, 10:00

Maiz hitz egiten da gaur egun haur transexualen inguruan, baina, duela urte batzuk ez zen ohikoa gai horretaz aritzea; ez ez zelako, ezkutuan eramaten zelako baizik; pixkana gaia gizarteratzen ari da, eta eskubideetan ere aurrerapausoak ematen ari dira, beraz, pentsatzekoa da datozen belaunaldiek ez dutela mespretxuz eta isekaz beteriko bizia jasan behar izango.

Berriki, Tolosako epaitegiak izena aldatzea baimendu dio lau urteko transexual bati, eta orain gutxi, baita ere, ezagutu dugu, hormona tratamendua jasotzen ari den lehen adingabe transexualaren kasua Euskal Herrian. Kasu horiek berriak izanagatik, gaia ez da oraingoa, eta egoera hori bizi dutenek argi uzten dutenez, transexualitatea betidanik egon da.

Luzia, lau urteko haurra, asteasuarra da, eta bere ingurunean, familian, nahiz eskolan, aspaldian erabiltzen zuten izen hori, baina, orain, epaitegiak baimen hori emanda, nolabait ofizial egin da. «Luzia izenarekin bizi normala egiten zuen, baina, gauza batzuetarako beharrezkoa zen aldaketa hori egitea, Osakidetzarako esaterako, edota, bidaiatzerakoan, pasaportean Luzia izena agertzeko…», azaldu du Agus Arandia aitak.

Haur transexualen errealitatea ez dela hain presente egon, edo ez dela hain ezaguna izan orain arte dio Arandiak, eta bere ustez, kontuan hartu behar da haur transexualak babesten dituzten gurasoen lehendabiziko belaunaldia dela oraingoa: «Gaur egun familiak onartu eta babestu egiten ditu, beraz, ez dute zertan, orain arteko kasuek bezala, haurtzaro traumatiko bat igaro».

Agus eta bere familiarentzat ere gaia ezezaguna zen: «Helduekin lotzen genuen, giro zehatz batekin, edo gaueko kontuekin, baina haurrekin ez genuen erlazionatzen transexualitatearen gaia». Haurra jaiotzean, ohiko bideari jarraiki, gorputzaren ezaugarriei begiratuta, Luken izena jarri zioten. «Gure hirugarrena zen, eta beste anaiekin alderatuta, bere jarreran desberdintasunak nabaritzen hasi ginen: sozialki emakumeenak ulertzen ditugun jolasak gustatzen zitzaizkion, printzesaren disfrazak janztea…». Baina, gurasoek ez zioten inolako oztoporik jarri.

Aurrerago, baina, bi urte t'erdiko adinean, hizkuntza bereganatzen hasi zenean, zerbait gehiago sumatu zuten Luziarengan: «Eskolan zakilaren eta bulbaren araberako mutil eta neskaren arteko ezberdintasunak azaltzen hasten dira, eta ikusi genuen ideia hori ez zuela ondo barneratzen». Horrela konturatu ziren haurraren ezinegonaren atzean bazegoela zerbait, eta informazioa bilatzen hasi ziren: «Chrysalis elkartearekin egin genuen topo, eta jakin genuen transexualitate egoeran dauden haurren inguruan, eta ondorioz, posible dela zakila duten neskak egotea; gu egoera horretan egon gintezkeela pentsatu genuen». Haurra ere gisa horretako galderak egiten hasi zela kontatzen du aitak: «Ama, nik zakila dut, baina, neska izan al naiteke?». Sentimendu hori bizi zuen intentsitatea ere nabarmentzen du: «Pentsa zer nolako indarrarekin sentitzen duen zer den, inguruko guztiei aurre egiteko, eta esateko besteak oker daudela, eta ezetz, ez dela mutila, neska baizik».

Bada, ahalik eta era naturalean eraman zuten gaia, pixkana. Horren berri etxetik kanpo emateko unea ere iritsi zitzaien, eta horretan ere ez zuten zailtasunik topatu: «Familiakoei eta eskolakoei azaldu genien Luken zela uste genuena Luzia dela eta mutila zela pentsatzen genuena neska dela, eta aurrerantzean horren araberako tratua emango diogula». Bere anaiek, berriz, batez ere bere adinekoak, hasieran harriduraz hartu zuten egoera berria, baina, pixkana egokitu egin ziren, eta eskolako kideek ere naturaltasunez hartu zutela dio. Pauso hauek zuzeneko eragina izan zuten Luziarengan, eta «lehengo ezinegonak, negarrak edota haserreak alde batera utzi, eta beste alaitasun eta aldarte batekin dago orain».

Zailtasunik ez, baina, beldurrez eman zituzten pauso horiek. «Ezjakintasunagatik batez ere. Gainera, etorkizunari begira jartzen zara, horrek berarengan izango dituen ondorioetan, eta kezka handia sortzen dizu», azaldu du Arandiak. Izan ere, bere buruaz beste egiten saiatzen direnen artean gehienak transexualak dira gaur egun, %42 inguru. Dena den, hori aldatzen joango dela uste du Luziaren aitak, «euren haurtzaroan onartuak ez izatearen ondorio baita hori».

Izatea, barruan

Emakume edo gizon sentitzearen ziurtasuna haur guztioi gertatzen zaigu, 2-3 urteko adinarekin. Hala azaldu du Kizkitza Arozena sexologo billabonatarrak. «Gurasoak ziur konturatuko direla adin horretako haurrak baldin badituzte, edo adin hori zuteneko uneak oroitzen badituzte, guztia mutil edo neska izatearekin lotzen hasten direla. Sentimendu hori orduan azaleratzen da».

                                         Luzia eta bere anaiak.

 

Kontua da, gerta daitekeela haur batek pentsatzen denaren aurkakoa dela esatea. «Haurren sentimendu, jarrera eta portaera gehienak ikasiak dira, baina, identitate sexuala ez da ikasten. Berdin dio haur bati esatea neska dela, neskaz janztea eta neska bezala tratatzea, mutil sentitzen bada, mutil sentitzen jarraituko du», dio Arozenak. Izan ere, identitate sexuala garunaren sexuazioaren ondorio da.

Orain arte haurrek ez zutela hain argi esaten azaldu du sexologoak, eta esaten bazuten ere, transexualitatearen fenomenoa ezagutzen ez zenez, ez zitzaiela kasurik egiten. «Haurra, bere jarreren eta keinuen bitartez, bere sentimendu edo izate hori azaleratzen hasiko zen, baina, gurasoek ez zuten baliabide nahikorik keinu horiek identifikatzeko, ulertzeko edo kokatzeko; eta, haurrak berak ere ez zekien oso ondo zer ari zitzaion gertatzen». Duela gutxira arte, beraz, haur transexualen kasurik ez zen ezagutzen, «baina, transexual guztiak izan dira haur transexualak».

Arozenak kontatzen duenez, haurrak bere izatea barrutik eramaten zuen, adinez nagusi izatera iritsi arte, eta orduan, erabakitzen zuen ezin zuela horrela jarraitu. Sexologoak gehitzen duenez, sufrimendu handiko bizitzak izaten dira normalean: «Zaren bezala ezin adierazi eta hori ahal duzun moduan eramatea, depresioak, beren buruaz beste egindako kasu asko… Horregatik da hain garrantzitsua entzutea, laguntzea, ulertzea, onartzea eta maitatzea diren moduan».

Oztopoz beteriko bidea da transexualena, nerabezaroan, esaterako, gorputzarekin izango dutena, nabarmena da: «Bere sexuazioarekin jarraituko du gorputzak, eta maskulinizatu edo feminizatu egingo da; gaur egun, badaude era ezberdinak sexuazioak geratzeko edo blokeatzeko». Hezkuntzak ere, duen eta izango duen pisua funtsezkoa da gai honetan Arozenak dioenez: «Oso garrantzitsua da irakasleei gako batzuk ematea transexualitatea ulertzeko eta egoera jakinen aurrean haurrekin izan beharreko jokamoldeen inguruan».

Kizkitza Arozenak argi du horrelako egoera baten aurrean zein den jokamolderik egokiena: «Haurra ezagutzen saiatzea beharrezkoa da, onartzea eta den bezala maitatzea». Hori bai, «une zailak eta gogorrak» egongo direla onartzen du, eta baita beldurrak egongo direla ere, «baina laguntzeko modu onena haurraren ondoan egotea da, asko entzutea, hitz egitea, asko maitatzea eta berak sentitzea inolako baldintzarik gabe onartzen eta maitatzen duzula».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!