«Zoriontsu izateko beldurrei aurre egin behar zaie»

Iñigo Terradillos 2016ko mar. 13a, 20:45

Oihana Makazaga transexuala da, eta  gizartean den bezala agertzeko erabakia bizitzan gertatu zaion gauzarik hoberena izan dela dio, beti ere, zailtasunez beteriko bidea dela onartuz. 27 urte ditu, eta Tolosaldekoa da. Duela lau urtera arte, mutil homosexual moduan agertzen zuen bere burua, transexuala dela ezkutatuz. Ordutik aurrera, ordea, den bezalakoa izatea eta agertzea erabaki zuen.

Ia bizitza osoan ezkutuan eraman duzu zure benetako identitatea.

Transexualak garela txikitatik jakiten dugu. Ez da heldutasunean agertzen den zerbait, nahiz eta jende askok hala pentsatu. Txikitatik sentitzen hasten zaren zerbait da. Nire kasuan, betidanik sentitu naiz neska. Ez naiz inoiz mutil sentitu. Ez diot gizarteari erru guztia bota nahi, baina, txikitatik esaten dizute zakila baldin badaukazu mutila zarela eta ideia horren bueltan bizi behar duzula. Mundu guztiak esaten dizu ez dagoela beste aukerarik eta hori dela normala edo egokia, beraz, nire kasuan, ikasten duzu identitatea gordetzen. Denborarekin zuk benetan sentitzen duzun hori tabu edo bekatu moduan bizitzen duzu, eta ondorioz, zure identitate sexuala erreprimitzen duzu.

Zergatik hartu zenuen zaren bezala agertzeko erabakia?

Zure gorputza zuk sentitzen ez duzun sexuaren ezaugarriekin ari dela garatzen ikusten duzu. Frustrazioa sentitzen duzu, errudun sentitzen zara horrela izateagatik, errespeturik ez duzula merezi sentitzen duzu, hutsaren hurrengoa zarela uste duzu… Urteak eta urteak eman nituen jasaten, baina, 23 urte nituenean ezin nuela gehiago konturatu nintzen. Depresio oso handiekin nengoen, eta bidetik kentzea ere pasa zitzaidan burutik. Orduan, zirt edo zart egiteko unea zela ikusi nuen: edo bizitza guztian ukatzen egon naizen errealitateari aurre egiten nion edo erotzen eta erokeria bat egiten amaituko nuen.

Eta errealitateari aurre egitea erabaki zenuen.

Oso gogorra izan zen. Nire familiak 17-18 urte nituenetik nire egoera ezagutzen zuen. Jendearen esamesei ez diote inoiz garrantzi handirik eman, eurentzat nire ongizatea izan da beti garrantzitsuena. Bada, unea iritsi zenean, esan nien aurrerantzean era irekian azalduko nintzela mundu guztiaren aurrean. Borroka handia izan nuen beraiekin, gizarteak emango zidan tratuak beldurtzen baitzituen. Etorkizuna oso zalantzazkoa ikusten zuten. Nire familia da, nik badakit benetan maite nautela, eta pixkanaka lortu nuen beraiek egoera berria onartzea. Gaur egun, nire eskubideak argi eta garbi defendatzen dituzte. Lagunek ere, ez zuten gaizki erreakzionatu, baina, beldurrez hartu zuten gaia, asko sufrituko nuela pentsatzen baitzuten. Dena den, pixkana joan ziren egoera berrira egokitzen. Unibertsitatean nengoen hori guztia gertatzean, ikasketen hirugarren maila egiten, eta han ere harriduraz hartu zuten. Jendeak esaten zidan asko kostatzen zitzaiola eta arraro egiten zitzaiola Oihana deitzea, edota emakumea banintz moduan hitz egitea. Baztertuta ez nintzen sentitu, baina, bazegoen barre egiten zuen jendea ere. Beti dago merezi ez duen jendea.

Unerik gogorrenak orduan bizitu zenituen?

Trantsizioaren lehen uneak izan ziren gogorrenak. Beldur handiena une horretan sentitzen duzu. Une horietan jende askok lagundu ninduen eta erakutsi zidan babesa, baina, beste askok mespretxua azaldu zidan, eta kalean kasu egiteari utzi zidaten askok. Jende horrek pentsatzen zuen burutik eginda nengoela, eta «Begira marikita ero hori!» edota hau guztia morboa emateko egiten nuela bezalakoak entzun beharra izan nituen. Zoritxarrez horrelako asko entzun beharra izan nituen, baina, niretzat garrantzitsuena da benetan maite zaituen jendea hor dagoela beti. Bizitzak erakutsi didana da nor den laguna eta nor ez.

Orduan, tratamenduarekin hasi zinen.

Sarean informazioa bilatzen hasi nintzen, eta Euskal Herrian transexualei laguntzeko elkarteak topatuz, eman beharreko pausoez informatu nintzen. Ondoren, herriko medikuarenera joan nintzen. Berak aspalditik zekien errealitate hau nuela, baina, gaiaren inguruan ez zekiela ezer esan zidan. Nik azaldu nion nola Bilbon, Gurutzetako Ospitalean, unitate berezi bat bazutela, eta bertarako txosten bat betetzea behar nuela. Izan ere, unitate horretan onartua izateko beharrezkoa da zure medikuak hara bideratzea kasua. Bada, azkenean, Gurutzetako ospitalera joan nintzen, transexualen atentziorako unitatera. Duela gutxi sortua izan da, izan ere, orain gutxi arte Osakidetzak ere bizkar ematen zigun. Hernaniko mutil transexual batek bere buruaz beste egin zuen 2008 edo 2009 urtean, eta horrek zeresan handia eman zuen, eta ondorioak ekarri zituen. Orduan sortu zen transexualen defentsarako lehen elkartea Euskal Herrian, eta baita lehenengo protokoloa transexual helduei arreta emateko Osakidetzan.

Eta, ordura arte zer egiten zuen jendeak?

Jende asko Andaluziara joaten zen bertan artatua izateko. Bestela, askok bere burua medikatzen amaitzen zuen. Tratamendu hormonal bat jarraitzeagatik ez dago frogatuta bizitza itxaropenean eragina duenik, baina kontrolik gabe eginez gero, osasun arazo larriak izan daitezke; hala, tronbosi kasuak asko izan dira, eta baita heriotzak ere.

Tratamendua nolakoa da?

Ez da batere erraza. Lehendabizi psikiatriara bideratu ninduten. Nire familiak joan behar izan zuen bere lekukotza ematera, txikitatik datorkidan zerbait dela frogatzeko. Gero test psikoteknikoak egin behar dituzu, ikusteko ez duzula buruko nahaste edota eskizofreniaren bat. Psikiatrarekin elkarrizketa ugari izan behar dituzu, zure intimitate guztiak kontatuz, eta bere subjektibotasunetik erabakitzen du pertsona orekatua zaren ala ez. Bizitza errealaren testa deiturikoa gainditzea ere behartzen zaituzte. Esaterako, zuk mutil itxura izanik, bat batean neskaz jantzita irtetea kalera, eta frogatzea, aldaketa horrekin zure bizitzak hobera egin duela. Ez dira konturatzen horrek dituen arriskuez, izan ere, hormona tratamenduek asko laguntzen dute, baina ez dizute guztiz neska itxura ematen, beraz, niri ez zitzaidan batere egokia iruditzen mutil itxura izanik belarritakoekin, takoiekin eta makilatuta irtetea. Hori guztia kontuan hartuta herri txiki batean bizi naizela; ez da hain erraza hori egitea. Eta, azkenean behartzen zaituzte gezurra esatera eta kontsultetara makillajearekin joatera. Umiliazio horretatik pasa ondoren proba genetikoa egin behar duzu, kromosomikoki mutila zaren ala ez ikusteko. Hori ere ez dut oso egokia ikusten, identitatea ez baitago kromosometan, garunean baizik. Osasuneko azterketak gainditu ostean, endokrinoarenera joan nintzen, hori bai psikiatrarenera joaten jarraituz.

Prozesu gogorra, beraz.

Aurrerapenak eman diren arren, oraindik ere oso gogorra da. Gaur egun, transexualen ia %50 bere buruaz beste egiten saiatzen da. Osasungintzarekin dauden zailtasunak, lan munduan sartzekoak… Nire kasuan, arlo publikoan ari naiz lanean, baina, gainerakoan, langabezian egongo nintzateke, ziur. Transexual izateak ez zaitu desgaitzen, baina, soilik etiketa hori izateagatik ez zaituzte kontratatzen. Beraz, indartsua izan behar duzu aurka dituzun faktore guztiei aurre egin ahal izateko. Jende askok ezin du jasan eta etsi egiten du.

Zure burua zaren bezala agertzea erabaki zenuenetik, nola joan dira azken lau urteak?

Bizitzan gertatu zaidan gauzarik hoberena izan da. Askoz ere pertsona zoriontsuagoa, osasuntsuagoa eta orekatuagoa naiz. Hau guztia jakin izan banu, askoz ere lehenago egingo nuke. Bizitzak erakusten dizuna da zoriontsu izateko beldurrei aurre egin behar zaiela, nahiz eta bidea gogorra izan.

Ikusi dugu adingabeko baten lehen kasua Osakidetzan, eta baita, epaitegi batek lehen aldiz izena aldatzea baimendu diola lau urteko transexual bati. Zurekin alderatuta, erraztasun handiagoak izango dituzte haur hauek.

Askoz ere pertsona zoriontsuagoak eta osasuntsuagoak izango dira. Jendeak harriduraz hartzen du hain haurrak izanik nola esan dezaketen mutil edo neska sentitzen direla, baina, 3-4 urteko haur batek garbi izaten du mutila edo neska den, eta hori beti ez dator hankartean duzunarekin bat. Ume transexualak beti egon dira, baina, orain arte ezkutuan egon dira, eta bere seme-alaben eskubideen alde borrokatzen ari den gurasoen lehenengo belaunaldia da oraingoa. Dena den, 2016 urtera arte itxaron behar izatea Osakidetzak adingabe transexual bati arreta emateko nahiko lotsagarria da. Horrek gure gizarteaz asko esaten du.

Hezkuntzan ere orain ari dira aurrerapausoak ematen.

Ikastetxe askotatik igaro naiz ni, irakasle moduan, eta denetan betiko ereduak irakasten direla ikusi dut. Zure garunean zer duzun ez da irakasten, eta hori da zoriontasuna ematen dizuna. Protokolo bat martxan jarriko da, eta materiala banatuko da, beraz pausoak ematen ari dira, baina, asko dago lan egiteko oraindik.

Erlazioetarako zailtasunak berberak dira?

Jende askok uste du transexuala naizenez, mutilak gustatzen zaizkidala; nire kasuan horrela da, baina, ez du zertan horrela izan behar. Gauza bat zure genero identitatea da, eta bestea zure orientazio sexuala, eta jendeak ez du hori desberdintzen. Bestalde, badaude mutilak niganako erakarpena sentitzen dutenak; batzuk sexuala eta beste batzuek sexuala nahiz afektiboa. Normalean, bi aukeren artean aukeratu beharra izaten dute: benetan sentitzen dutenarengatik borrokatu edo alde egin gizartearen presioaren beldur direlako. Ia beti, jendeak bigarrena aukeratzen du. Buruan dutena da jendeak zer pentsatuko duen beraietaz horrelako pertsona bat gustatzen zaiela jakitean. Beraz, azkenean, bizkarra ematen didate. Jendeak pentsatu dezake niregatik erakarpena sentitzen dutenak morbosoak izan daitezkeela, eta kasu batzuetan horrela izan daiteke, baina, beste askotan ez du zertan.

Etorkizunari nola begiratzen diozu?

Pausoa ematen duzunean eta lortzen duzunean zure burua entzutea, ezagutzea, eta barruan beti sentitu duzun nortasun horrekin bizitzen hasten zarenean zoriontasun handia sentitzen duzu. Nahiz eta gogorra den jendearen epaiketekin, gorrotoarekin eta bazterketarekin bizitzea, merezi du, eta norbait nire egoera berean baldin badago, ezkutuan eta gordeta, zaila dela eta gaizki pasako duela esango nioke, baina, zalantzarik gabe, pausoa ematea gomendatuko nioke. Etorkizuna imajinatzen dut gustatzen zaidana egiten jarraitzen, nire burua ezagutzen jarraitzen, eta borrokatzen ni bezala jaiotzen diren pertsonen eskubideen alde, inork jasan ez dezan nik sufritu dudan infernua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!