Hekimenek Jaurlaritzaren diru laguntzak kritikatu ditu

Ataria 2016ko mar. 9a, 09:12

Euskal Hedabideen Elkarteak planteamendua «ona» dela uste du, baina ez du sektorearen garapena «bermatzen» euren ustez.

Eusko Jaurlaritzak urte baterako baino gehiagorako diru laguntza deialdia egingo du euskarazko komunikabideen arloan. Zehazki 2019 arteko deialdia izango da, konpromiso kredituen bitartez. Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak, Tolosaldeko Ataria barnean dagoenak, gaia aztertu zuen pasa den astean egindako urteroko batzar nagusian eta planteamendua sektorearentzat «ona» dela uste badu ere, «diru berdina egotea eta deialdia sektorearekin irizpideak eztabaidatu gabe egitea» ez dute «nahikotzat jo», sektore «osoaren egonkortasuna eta garapena» ez dituelako bermatzen.

Hain zuzen ere, Hekimenek sortu zenetik, «administrazioarekin epe luzeko planteamendua» landu nahi izan du, eta bide horretan 2015ean urtarriletik uztaila bitarte, «hainbat bilera» egin zituen Hizkuntza Politikako Sailburordetzako ordezkariekin.

Hekimenek bilera horien «garrantzia» azpimarratu nahi du eta «elkarlanerako jarrera» eskaini du. Elkarlanerako jarrera horrek, «oztopoak gainditzen» lagundu dio elkarteari, eta «planteamendu berriak egitera» eraman du: «urteroko diru laguntzen deialdian aldaketak proposatu ez ezik, publizitate instituzionalaren banaketaren inguruan hausnarketa egin dugu eta sektorea industria gisa kontuan izan dadin lan taldeak martxan jarri ditugu».

Izan ere, 2010etik hona euskal hedabideentzat aurrekontuek «behera» egiteaz gain, Jaurlaritzak hedabideentzat «garrantzitsua» den publizitate instituzionalaren %3 baino ez du egiten herri ekimeneko hedabideetan. Aldiz, azken urteotan, erdal hedabideetan euskara sustatzeko diru laguntzak berreskuratu ditu HPSk (400.000 € azken deialdian).

GOGOETA

Hekimen elkarteak sustatuta, 2015ean zehar euskal kulturaren inguruko hainbat enpresa eta elkarte batu ziren sormen industrien gaineko gogoeta egiteko, Europa osoan gertatzen ari den hausnarketaren haritik. Dokumentu bat osatu zuen elkarteak, eta gogoeta horien ondorioz, elkarteak HPSri 2008-2010 urte bitarteko ahalegin publikoa berreskuratzeko planteamendua egin zion, alegia, aurrekontu orokorraren %0,06 inguru: «Horrek ia 1,5 milioi €-ko ekarpena egingo zion sektoreari». Planteamendu irekia zen.

Baina, Eusko Jaurlaritzak ez du aintzakotzat hartu eta 2016rako onartutako aurrekontuen ondorioz, «aurtengo udazkenean egitekoak diren hauteskundeetatik aterako den gobernuak azken bost urteotako aurrekontu ia bera izango du hurrengo hiru urteetarako euskal hedabideentzat. Diru bera zortzi urtez jarraian, eta irizpideen inguruan eztabaidatzeko aukerarik gabe».

Hala ere, Hekimenek, bere konpromisoa berretsi nahi du «datorren gobernuarekin epe luzera begirako planteamendu egonkor eta eraginkorra lantzen jarraitzeko».

 

Hekimeneko Batzar Nagusia, urte anitzeko diru laguntzak direla eta kaleratutako oharra osorik irakurgai hemen. Eta martxoaren 9an, Gagsteizen, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldiaren testua osorik ere hemen irakur daiteke. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!