Paula del Pozo Euskadiko txapeldun, krosean

Ataria 2016ko mar. 7a, 17:37

Asteburu honetan jubenilen pista estaliko Espainiako Txapelketa ospatu da Salamancan. Bertan Tolosa CF Atletismo taldeko lau ordezkari egon dira.

Euskadiko Kros Txapelketan Paula del Pozok txapela jantzi zuen infantiletan, Gipuzkoako selekzioa ordezkatuz. Bere hainbat taldekide, Espainiako Pista Estaliko Txapelketan egon dira asteburuan, jubeniletan.

Alejandro Herrero 60 metro hesietan aritu zen. Finalerdietara pasatzeko milaren batera gelditu zen. Bere anaia ere bertan izan da, baina txapelketan parte hartzeko gutxieneko markatik oso gertu gelditu arren, animatzea egokitu zitzaion oraingoan, hurrengoan ziur egingo duela.


Izaro Perurenak eta Maria Lasak 800 metrotan hartu zuten parte. Perurena, finaletik gertu gelditu zen, hamargarren postu ezin hobea lortuz. Aipatzekoa da, txapelketa honetan egindako denborarekin Matarorako bidaia lortu zuela Perurenak, aire libreko txapelketarako sailkatuz. Maria Lasa podiumeko hirugarren kaxoira igo zen. Lasterketa motela izan zen, eta guztia azken metroetan jokatu zuten. Sprint ederra egin ostean, fotofinishak erabaki behar izan zuen hirugarren postua, bigarren postutik bi milarenetara.


Salamancan izan zen azken ordezkaria, Eunate Martinez de Rituerto, altuera jauzian aritu zen, eta 1.64 metroko jauziarekin, zilarrezko domina zintzilikatu zuen.


Herrerotarren entrenatzaile Ivan Gallego eta nesken entrenatzaile Vanessa Lopez oso pozik daude lorturiko emaitzekin. Klubetik Andu Martinez de Rituerto ere zoriondu nahi dute, entrenatzaile eta atletei eskainitako laguntzagatik prestaketa luze honetan.


 Atletismoak badu etorkizuna gure eskualdean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!