Emakumeen Nazioarteko Eguna 2016

«Emakume askok eta askok deskantsu falta dute»

Gertuko pertsonak dira medikuak eta, 26 urtez herri berean jardunda, are gehiago. Ina Idarreta hernaniarrak ia familiakotzat ditu bere paziente asko eta, ondorioz, hamaika eta bat errealitate ikusten ditu, egunero, kontsultan. Emakumeek gaur egun duten bizimoduaz galdetuta, ez du zalantzarik: kontziliazioan bide luzea dago, oraindik, egiteko.

Askotan entzun izan da emakumezkoen bizi-itxaropena gizonezkoena baino altuagoa dela. Hala al da?

Datu zehatzik ez dut esku artean, baina emakumezkoena 85-86 urtean dagoela esango nuke, eta gizonezkoena zertxobait baxuagoa da. Pentsatzen dut bizi-baldintzak izan direla, gehienbat. Gizonezkoek, oro har, esposizio handiagoa izan dute produktu toxikoekin-eta, lanagatik. Emakumeak, aldiz, etxeko lanetan aritu izan dira urtetan; bai, behintzat, orain 80 urte dituztenak.

Hemendik urte batzuetara, ordea, auskalo zer gertatuko den. Adibidez, lehen, biriketako edo laringeko minbizia emakumeengan ez zen ia ikusten. Baina orain kasu gehiago ikusten dira, bai tabakoaren eraginez, bai lantegiko toxikotasunagatik.

Lan motak zerikusia du, beraz.

Bai, hala pentsatzen dugu behintzat. Orain errauste plantak herritarrengan dituen eraginak lantzen ari gara talde batean, eta asko irakurtzen ari naiz horrelako gauzei buruz. Noski, uste dugu zerikusi zuzena duela. Hala ere, hori ikertzea oso zaila da, horrelako ikerketak ez direlako diruz hornitzen.

Gainera, epe luzera begirako ondorioak aztertu behar dira.

Bai, hori da, eta ezjakintasun izugarria dago gauza horiekin.

Emakumeak luzaroagoan bizi direla aipatu duzu, baina, zure egunerokoan ikusten duzunagatik, zein osasun dute emakumeek gaur egun?

Nire ibilbide profesionala duela 30 urte baino gehiago hasi nuen eta, urte horietan barrena, Irunen, Trintxerpen eta Tolosan lan egin izan dut; hemen 26 urte daramatzat jarraian.

Bada, uste dut Tolosan, bereziki, emakumeak luzaroago bizi direla. Egia da, kasuan kasu, baieztapen hori eroriko dela. Baina guk adineko pertsonak ikusten ditugu etxez etxeko lanean, eta Tolosan 90 urtetik gorako paziente dezente ditut; areago, 100 urtekoak ere badaude Tolosan.

Hemen bizi-kalitate ona dago, oro har. Gauza askorengatik izango da hori: baliabide afektiboak, aitona-amonengandik jasotako zaintza ezagutza,... Pentsatzen dut guztiak izango duela zerikusia.

Bizi itxaropena alde batera utzita, gaur egungo emakumeen osasun egoera zein da?

Emakume gehienok oso estresatuta bizi garela esango nuke; ez dakit, argi eta garbi, zergatik den. Egia esan, gaur egun gazte guztiak bizi dira estresatuta, bai emakume eta bai gizon. Unibertsitate ikasketak egin behar dituzte, politak egon behar dute, kirola egin behar dute, ingelesa edo alemana jakin behar dute,... Eta, orduan, ez dira bizi. Gainera, ez dute sekula deskantsatzen, deskantsatzeko denbora dutenean etengabe ari baitira Whatsappean edo interneten. Uste dut horren ondorioak ikusiko ditugula gaur edo bihar.

Eta familia osatzerakoan, seme-alabak dituztenen artean, nik uste dut paperak ez direla, oraindik ere, ondo banatzen, emakume eta gizonen artean: etxeko ardurak, kanpoko ardurak,... Esango nuke hori nahiko orokorra dela.

Lan egoera kaskarrek isla dute osasunean?

Soldata desberdintasunek-eta estresa sortuko dute, ziur, baina hemen, kontsultan, pazienteek ez dute soldataz hitz egiten normalean. Familiako ardurez bai, ordea, eta emakume askok eta askok deskantsu falta dute. Egungo emakumeengan exijentzia maila askoz ere handiagoa da, %150 eman behar dute, eta 50 urterekin familia hazita, emakumeok bikain egon behar dugu, intelektualak izan eta irakurri egin behar dugu, eta mila gauza egin behar ditugu; edo hala eskatzen digu gizarteak.

Asko falta da kontziliazio erreal batera iristeko, beraz.

Uf, nire ustez izugarri. Hori hemen ikusten dudanagatik diot, noski. Kontsultak laburrak dira, baina, paziente asko nire etxekoak balira bezala ezagutzen ditut jada. Gauza askotan emakumeon egoera asko aldatu da, baina bidea luzea da oraindik.

Seme-alaben hezkuntza eta etxeko ardurak aipatu dituzu. Tolosako III. Berdintasun plana argitaratu berrian, ordea, helduen zaintzaren pisu gehiena ere emakumeen bizkarrean erori ohi dela islatzen da. Hori ere nabarituko duzu, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Orain, gainera, beste kasuistika bat ere sortu da, izan ere, emakume batzuek, beren seme-alabak hazitakoan, gurasoak zaindu behar izaten dituzte, urte askoz bizitzen direlako eta, ondoren, bilobak. Hori izugarria iruditzen zait, gaur egun lau belaunaldi bizirik izaten baitira familia askotan. Emakume askorentzat hori karga handia da, nahiz eta ezin den ezer orokortu; aitona-amona askorentzat plazera izan daitekeena, beste askorentzat lana edo estres puntu bat da.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!