«Paisaiek iradoki digute gogoeta»

Iñigo Terradillos 2016ko mar. 4a, 21:02

Bidezidor eta errepide zabaletatik, bizi-minez egiten den bidaia kontatzen dute Josu Iztuetak eta Pablo Dendaluzek Biziminez dokumentalean

Biziminez dokumentalak AEBn errepidean bi adiskidek, Josu Iztuetak eta Antxon Arzak, egindako bidaia kontatzen du; bi lagun amets bat betetzen eta esperientzia eder eta ez hain ederrak partekatzen. Negarrez eta umorez gainditzen dituzte bidean aurkitutako oztopoak. Barne bidaia bat da ikus-entzunezkoa, bizitzari buruzko gogoeta sakona. Bi adiskideren erretratu zintzoa, bizi-mina transmititzen duen road movie hunkigarria. Pablo Dendaluzek hartu zituen irudiak eta Juantxo Zeberioren musikarekin jantzi dute dokumentala. Mendi Tour festibalaren barruan eskainiko dute, astelehenean, martxoak 7, 19:30etik aurrera. 

Nola sortu zitzaizuen dokumentala egiteko aukera?

Josu Iztueta: Gu besteek egiten dutena ikusi zaleak gara. Iazko Mendi Filmen Bilbon eta Tolosan ikusi genituen pelikula batzuk. Film horiek gehiago lotzen dira akzioarekin, arriskuarekin eta muturreko jarduera gogorrekin eta pentsatu genuen hor azaltzen diren superwoman eta superman horien atzean badaudela gizaki normalak, egunero beraien zalantzak, beldurrak eta pozak dituztenak. Aitzakia hori hartuta, pentsatu genuen bi hirien arteko bidaia bat egitea eta geure buruari galdetzea: 'Kanpoko paisaiak disfrutatzeaz gainera zergatik ez dugu barrura begirako bidaia bat egiten?'. Berehala hartu genuen erabakia Pablo Dendaluzek, Antxon Arzak eta nik eta iazko apirilean joan ginen AEBra. Han ustez zailena izan zitekeena egin genuen eta gero etorri zen zailagoa dena, irudi horiek denak editatzea, txukun jartzea eta musikatzea. 

Lan horiek, nagusiki, zuk hartu dituzu, Pablo. 

Pablo Dendaluze: Bai. Ikusten genuen Mendi Filmen bazeudela produktu asko, non musikari eta irudien handitasun horri ematen zitzaien lehentasuna eta protagonismoa. Guk ikusten genuen egin zitekeela, medio berean, baina beste era batera. Mendia lagun giroarekin, abenturarekin eta bidaiarekin uztartuz, nolabait, hausnarketara bultzatzen zuen produktu bat osatu nahi genuen. Ideia otu zitzaigun, eseri ginen eta ikusi genuen bazegoela hutsune bat bete genezakeena. Josuk erraztasuna du bidaiatzerako orduan, plazera da berekin ibiltzea, izan ere, txoko guztietako berri badu eta dena kontrolatzen du. Are gehiago AEBn. Horrelaxe animatu ginen, bertara joan, ibilbide bat adostu, markatu, hiruzpalau asteetan bidaia egin eta bidaia egiten genuen bitartean egunez eguneko irudiak hartzen genituen. Bidaia polita izan den bezala, lana ere hortxe dago, polita geratu dela uste dut. Esperientzi ederra izan da, azken batean, dokumentala aitzakia bat izan baita bidaia egin eta bi lagun hauekin ondo pasatzeko.

Elkar ezagutzen al zenuten Antxonek eta biok, Josu?

J.I.: Duela urte asko ezagutzen dut Antxon. Nik 18 urte nituela fondoko eski ikastaroak ematera joaten ginen. Orduan pasa ginen Aralarretik Belaguara eta Antxon fondoko eski ikaslea izan nuen. Berak zituen 14 urte eta nik 18. Ia 40 urte pasa dira geroztik eta bizitzan bide ezberdinetatik jo izan dugu. Antxonek istripu gogor bat izan du, gurpildun aulkian gelditzera behartu duena eta bestela ere bizitzan trago gogor batzuk pasa behar izan ditu. Aspaldiko laguna dut, bai, batzuetan gehiago beste batzuetan gutxiago, baina beti egon izan gara elkarrekin.

Zergatik erabaki zenuten AEB alderik alde zeharkatzea?

J.I.: Bidaia, beste leku batean egin zitekeen. Nik furgoneta bat, aurreko urtean erabilitakoa, aparkatuta neukan New Yorken eta hura Californiara eraman behar nuen. Nolabait, trantsizioko bidai bat egin beharra neukan eta Antxonekin plana egin eta dokumentala egiteko aukera atera zenean, nik astebetean egingo nukeen bidaia mantsotu eta edukiz bete genuen. Berez, zuzenean, 5.000 kilometro hartuta egin beharrekoa, luzatu egin genuen, bide normaletik desbideratuta. Ez geneuzkan lokalizazio guztiak aldez aurretik pentsatuta, baina ideia bat bageneukan nondik nora ibili. Gauza batzuk oso argi geneuzkan eta beste batzuk, bidean sortzen joan ziren. Antxonek bere istripua, piraguaz izan zuen, bere istripuaz hitz egiteko Las Vegas baina egokiagoa ikusten genuen Niagara, azken batean medio horretan izan zuelako istripua. Paisaiak, eta esan nahiko genukeen hori uztartu nahi izan ditugu. Bidean ere ordu asko geneuzkan pentsatzeko eta artisau modura egindako dokumentala izatea nahi genuen. Gogo asko jarri genion planari.

P.D.: New Yorken hasi eta San Frantziskon bukatutako bidaia horretan, makina bat leku, parke natural, hiri eta txoko berezi pasa genituen. Eszenatoki hori bihurtu zen aitzakia hainbat gai jorratzeko. Beraien arteko elkarrizketak edo off ahotsarekin hainbat hausnarketa landu genituen. Guk aprobetxatzen genituen txoko eta egoera guztiak gogoeta horiek jorratzeko. Erakusleiho izugarriak izan ziren eta Monument Valley bezalako leku batek, adibidez, hausnarketarako bidea ematen zuen.

Zein gai dira bidaian zehar atera direnak?

P.D.: Antxonen istripuaren ondorioz sortutako egoera aipatu genuen Niagaran baina beste gai asko ere sortu ziren: erlijioaren presentzia eta beharra, adibidez. AEBen potentzial ekonomiko eta armamentistikoaz ere hitz egin zuten bi hauek Dorre Bikien eremu horretan. Gaiak asko izan dira, baina ez ditugu denak aurreratu nahi dokumental horretan ikusi ahal izango direlako. Gehienetan modu oso interesgarrian ematen dira, zentzuz eta fundamentuz, filmaren protagonistak beraiek diren bezala.

J.I.: Antxonek eta biok elkar ondo ezagutzen dugu eta badakigu zer pentsatzen dugun gauza bakoitzari buruz. Kritiko xamarrak gara hainbat gauzarekin, eszeptiko xamarrak eta saiatzen gara bizitzan koherentzia bat mantentzen, beti erraza izan ez arren. Gu hara joan garenean turista bezala joan gara, Grand Canyionera joan gara beste bost milioi joaten diren bezala, eta gu ez gara bisitari apartekoak izan, estatistiketatik ateratzen garenak. Horregatik diogu, erakusleihoa ziurtatuta geneukala eta leku horiek iradokitzen zigutena jaso dugula dokumentalean. Ez dugu dogmarik egin nahi izan: han esandako ezer ez da inor konbentzitzeko. Nahiz eta Antxonek jaitsi dituen munduko ibai zail asko, nahiz eta Al Filo de lo Imposible telebista saioan ibili zenean muturreko jarduera asko egin eta ni ere ibilia naizen munduan zehar, ikusi dezala jendeak beste guztiak bezala garela, hezur haragizko, gure beldurrak dauzkagula, mamuak, pozak… bizitza hori da, azken batean. Bizitzan jaiotzen zarenetik, seguru daukazun gauza bakarra hilko zarela da. Tarte horretan bakoitzak aukeratzen du zein bidegurutze hartu edo zein errotonda, edo joan bide zuzenetik edo errepide txikietatik. Bidaia, bizitzaren metafora da, nolabait esateko.

Nola moldatu zarete aktore lanetan?

J.I.: Gu ez gara aktoreak, ez Antxon eta ez ni. Buruan zerbait eduki eta hori esatea ez da uste bezain erraza, are gutxiago kamara baten aurrean. Ni behintzat ez nago ohituta. Naturaltasunez hitz egiten saiatzen bazara, agian ez da ulertzen esan nahi duzuna eta gehiegi pentsatzen baduzu, ikusten da ez zarela ari modu naturalean. Orduan, berriz errepikatu behar izaten genituen elkarrizketak eta ondo esatea lortzen genuenerako ez genuen esaten nahi genuen hura. Horri gehitu behar zaio, erritmo bat eta bidaiaren nekea.

P.D.: Josu eta Antxon kamara aurrean nahiko ondo moldatzen dira eta ez genituen eszenak gehiegitan errepikatu behar izan. Denboraz justu genbiltzan eta ibilbidea zehaztuta geneukan, baita egunak ere. Orduan lekuan lekukoa bildu eta hurrengora salto egiten genuen. Guztira, 8.000 kilometro egin genituen hiru astetan. Lan jarraitua izan zen, kadentzia handikoa.

J.I.: 14 bat lokalizazio ezberdin agertzen dira dokumentalean. Batzuetan bolantean ageri gara, beste batzuetan parke batean eserita, hurrena berriz Visitor Center batean… Hor atera dira elkarrizketa txiki horiek, hausnarketak, burutazioak. Ez genuen bero handirik izan eta euria edo kazkabarra behin bakarrik tokatu zitzaigun. Ustez paisaia bat espero genuen tokian beste bat topatu genuen euria egin zuelako. Aldatuta zegoen. Hori da bidaiatzearen ezaugarri bat: faktore asko ez daudela norberaren esku, eta hobe horrela bestela etxetik atera baino lehen dena aurreikusia egongo litzateke. Ia-ia joan beharrik ere ez genuke izango.

Ezusteko asko izan al dituzue bidaian?

P.D.: Beste edozein bidaietan bezala, espero ez duzuna gerta daiteke bidean eta horrek ematen dio bizigarria eta aberastasuna abenturari. Hala ere, bezperan edo aurreko egunetan adosten genuen gure egitekoa: 'Horrelako lekuetara iritsiko gara eta gai honek izan dezake bertan lekua' esaten genion elkarri. Aldez aurretik gaia adostuta eramaten genuenez gehienetan asmatu egiten genuen. Ez dakidana da, dokumentalean, erritmo aldetik modu egokian islatuta geratu diren eduki horiek guztiak.

J.I.: Irudi mordoa hartuta gero horri forma eman behar zaio eta batzuetan zailagoa da kentzea eranstea baino. Hor egon da Pabloren lana eta besteon iritzia. Behin hona etorrita, adostu egin behar izan dugu zer sartu eta zer ez, batzuentzat garrantzitsua dena, beste batentzat ez delako hainbeste. Trajea neurrira egin behar genuen eta jostun nagusia Pablo izan da. Juantxo Zeberio aholkulari gisa aritu da eta ni izan naiz hirugarren hanka. Horrek ere balio du giza harremanak nolakoak diren jakiteko, gauzak, ustez politak egiteko, modu ezberdinak daudela konturatu gara. Baina hori edozein lekutan gertatzen da.

Juantxo Zeberiok jarri dio musika lan honi. 

P.D.: Ez bakarrik hori. Josu eta biok ikusten genuenean gainezka genbiltzala dokumentalaren muntaiarekin berari hots egiten genion. Begi berri batzuk. Gauzak beste modu batera ikusten ditu, eta hori eskertzen da. Hainbeste ordu zure bizitzako parte den bidaia bati eskaini ondoren, objektibotasuna galdu egiten duzu, horregatik dira lagunen iradokizunak eskertzekoak. Berehala ikusi genuen, Juantxok edukiekin ere lagundu zezakeela. Eta gero, noski, musikaren planteamendua berak egin zuen: abesti bat hartu genuen eta pista ezberdinetan banatu (soka, ahotsa, pianoa…). Elementu horiekin jokatu dugu dokumentalean azaleratu nahi genuen aspektuaren arabera, musika bat edo bestea erabiliz. Horrela gorpuztu genuen filma.

J.I.: Dokumental bati musika jartzea konplikatua da. Egile eskubideak daude, edo letra eskubideak eta horiek kontuan hartu behar dira. Alde horretatik zortekoak izan gara, Juantxok, bere anaia Migelekin eta Et Incarnatus orkestrarekin egindako musika baliatu dugulako. Filmean entzuten den ia musika guztia beraiena da; baina gero abesti pare bat dago, bat Itoitzena eta bestea Mikel Laboarena eta kontaktu batzuen bidez lortu genuen horiek erabiltzeko baimena. Hori garrantzitsua da, izan ere, norberak bere bidaia ordaindu, hango egonaldian dirua gastatu eta gainera 5.000 euro gastatu behar izan bagenitu egile eskubideetan, ez luke mereziko. Hau, etxeko lana izan da, babarrun eltzeari bakoitzak bere osagaiak bota dizkio. Horrelako gauza bat egiteko produkzio handiren baten zain bazaude, edo laguntza baten zain, seguruena ez duzu inoiz egingo edo beti protestan ibiliko zara. 

P.D.: Lagunarteko lan bat izan da, lagunartean egindakoa. Zazpi-zortzi lagun bildu gara proiektu honetan eta nik aprobetxatuko nuke aukera hau izan ditugun bidelagunak aipatzeko: Mauro Marotias, adibidez. Ni batzuetan, nire izaeragatik, nahikoa zorrotza naiz eta kasu honetan estu hartu dut Mauro. Berak egin zituen audio lanak, bi hauei mikrofonoa jarri eta inguruko soinua jasotzen aritu zen; goraipatzekoa da bere lana. Balentin Dorronsoro ere izan genuen bidaide. Furgonetan gidari bezala, trasteak ekarri eta eramaten aritu zitzaigun. Loli Etxetxipiak, produkzio eta ekoizpen lanak egin zituen: erosketak, afariak, deiak egiten zituen. Azken batean, lan talde baten emaitza izan da dokumentala.

Nondik dator bizimina izena?

J.I.: Dokumental guztiek behar dute izenen bat. Bagenuen bakarren bat buruan, esaterako, bizipoza, baina alde batera utzi genuen Pirritx eta Porrotxek ere badarabiltelako ikuskizunetarako-eta. Bizipenak ere etorri zitzaigun, baina pena horrek ez zirudien egokia esan nahi genuenerako. Gure gertuko beste lagun batek, Ramon Olasagastik, Mendiminez idatzi zuenean esaten zuen bezala, bizi-minez bada bizitzari buruz intentsitate berezi batekin hitz egiteko modu bat, maiteminez, edo herriminez hitz egiten denean bezala. Hitza gustatu zitzaigun eta ez zitzaigun asko kosta erabakitzea. Gero bakoitzarentzat, bizi-mina izango da zerbait diferentea. bizipenaren pilaketa, bizipoza eta bizi negarraren arteko zerbait… Bizitzan ez delako dena aldeko, gustuko eta atsegin.

Orain arte non erakutsi duzue 'Biziminez'?

P.D.: Aurretik Bilbon eta Alegian ikusi ahal izan da. Hurrengo astean Tolosan botako dute Mendi Filmen eta guretzako politena eta guk bilatzen duguna da herritarren artean zabaltzea eta partekatzea. Ez dugu diru edo etekin ekonomikorik bilatu nahi. Auzolanean egindako lan xume bat da eta ez daukagu beste munduko helbururik.

J.I.: Badakigu denean ez genuela asmatuko. Hainbat jenderi gaiak ez zaizkio ondo irudituko, gordinegiak irudituko zaizkio agian. Lan originala euskaraz da eta azpi-titulatua eskainiko dute Mendi Film festibalean, gaztelaniaz eta ingelesez. Horrek ematen du beste leku batzuetan proiektatzeko aukera, ez baita berdin ikusiko Tolosan edo Zaragozan. Guri gustatuko litzaiguke jendeak bere herrian emango balu eta horretarako gurekin harremanetan jartzea besterik ez dute. Pena litzateke hartutako lan guztiarekin dokumentala ahaztuta geratzea.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!