Emakumeen Nazioarteko Eguna 2016

Izan batzuek, oraindik ezin

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 6a, 15:00

Teknologiaren aroa eta informazioaren gizartea omen, gaurkoa. Eta, datuen joan-etorri horretan, badirudi zenbakiak gailentzen zaizkiola, sarri, beste edozeri. Zenbaki horien indarra, ordea, asko alda daiteke zelai batean edo bestean jokatuz gero; azalean kolore bat edo bestea izanda; klase sozial batean bizita edo beste batera makurtuta; mapa erraldoietan, koordenada jakin batean edo bestean jaiotzea egokituta; eta mundura emakume edo gizon sortuta.

Gustatu edo ez, matematika horiei besotik heldu eta haiekin dantza egitera kondenatu gintuzten behin batez, ordularitik hasi eta egutegira begirada mugitu arte. Berak martxoa dela dio, eta laster hilak zortzigarrena ere harrapatuko duela; mundura emakume sortu ziren haien nazioarteko eguna. Ospakizunera gero eta gehiago begiratzen dion eguna, baina, oraindik ere, hamarkadatan eskubide aldarrikapenerako efemeride izango dena.

Ustezko informazioaren gizarteak emakume eta gizonen eskubideak parekatzear direla kontatzen baitu zenbaitetan, teknologia berrien sareek bestelako mezuak zabaltzen dituzten bitartean. Kontuak horrela, datu zaparradari begiratzea besterik ez da geratzen.

Motorretik hasita

Tolosako III. Berdintasun plana labetik atera berria da, eta gizarteko esparru guztietaraino besoak zabalik ditu, bost urtera begirako bide-orri izateko helburuz. Horrela, Tolosako lan-egoera du hizpide, datutan, beste hamaika konturen artean.

Zenbakiekin ezertan hasi aurretik, nabarmentzekoa da lan produktiboaren eta lan erreproduktzioaren arteko bereizketaz ohartaraztea: «Lanaren egungo ikuskera, enplegu ordainduarena, baztertzailea da neurri batean, eta ikusezintasuna ematen dio emakumeek esparru pribatuan, soldatarik gabe, egindako lan erreprodukzioari», dio planak.

2011. urteko datuak dira, lan merkatuari dagokionez, berrienak. Horien arabera, Tolosaldeko populazio aktiboa %43,9koa zen, emakumezkoen kasuan, eta %52,3koa, gizonezkoen kasuan. Tolosako Berdintasun planak nabarmendu duenez, interesgarria da populazioaren banaketa jarduera sektoreen arabera aztertzea: «Argi ikusten da emakume okupatuen populazioa zerbitzuen sektorean biltzen dela, funtsean, %84,1a bertan ari baitira; industrian, berriz, emakumeen %13,5a». Aldiz, gizonezkoen kasuan zerbitzuen eta industriaren arteko banaketa orekatuagoa zen 2011n: Tolosan, %49,1a ari ziren zerbitzuetan, %40,3a industrian eta %10a eraikuntzan.

Mendeetako rolek lan jardunean duten eragina ere begi-bistakoa da, langile horiei guztiei egindako kontratu motak aztertzerakoan. Emakumeen kasuan, 2011ko lan kontratuen %46 hezkuntzan egindakoak izan ziren, eta %22,6, berriz, merkataritzan eta konponketetan. Atzetik, jarduera administratiboen (%16) eta jarduera sanitario eta gizarte zerbitzuen (%15,9) kontratuak izan ziren.

Datuak oso bestelakoak dira gizonezkoei egindako kontratuei begiratuta, manufaktura industrian (%19,7) eta eraikuntzaren sektorean (%19,4) egin baitzituzten kontratu gehien. Portzentajeak baxuagoak izan ziren hezkuntzan (%13,4), jolas eta aisialdian (%10,4), jarduera administratiboetan (%9,6) nahiz ostalaritzan (%8,2).

Langile horiek guztiak kontratatzeko moduak ere asko esan dezake balantzaren orekaren koloreez eta, Tolosako III. Berdintasun planean bildu dutenaren arabera, obra edo zerbitzu baterako lanaldi osoko kontratua izan zen, 2011. urtean, kontratu mota maskulinizatuena: gizonek %88,2a zuten, emakumeen %11,8aren alboan. Aldiz, lanaldi osoko bitarteko kontratuak oso feminizatuak dira, %76a gailenduz, %24ari. Hezkuntzaren esparruan erabili ohi dira kontratu horiek eta, aipatu bezala, sektore horrek du ordezkaritzarik handiena, emakumeei egindako kontratuetan.

Mapetako koordenaden arabera itxuraz aurreratu diren herrialdeetan, badira idatzi gabeko legeak. Horietako bat da, jaio, hazi, ikasi, titulu garrantzitsu bat atera, merezi duen lanpostu bat lortu, autoa erosi, familia osatu eta etxebizitza bat ordaindu behar dela dioen premisa unibertsala. Herritar zenbaitek gustu handiz jarraituko diote arau horri eta, beste batzuek, berriz, bestelako bideak ibiliko dituzte, pozarren. Hala ere, sistemaren inbutua estua da oso, eta irteerak murritzak. Lanerako prestatzeko moduak asko aldatu dira azken hamarkadetan eta, hasiera batean unibertsitate ikasketek etorkizun oparo baterako ezinbesteko zubi ziruditen arren, langabezia datuek oihuka diote halako dirdira duen urrerik ez dela, oraindik.

Kontuak kontu eta, Tolosako gizon-emakumeen datuei begira, 2011. urtean kontratu bat eskuratu zuten herritarren artean, prestakuntza akademiko handiagoa jasotakoak ziren emakumezkoak, gizonezkoak baino. 20 urte bitarteko gazte gehienek DBH ikasketak zituzten, gizon edo emakume izan; ehunekoa, ordea, %66,7koa zen emakumeen artean, eta %33,3koa gizonen artean.

20 eta 24 urte bitarteko emakumeen artean, berriz, diplomatura, lizentzia edo gradua zen, duela bost urte, prestakuntza nagusia, emakumezkoen %37,2arekin. Gizonezkoen kasuan, adin tarte horretako herritar gehienek batxilergoko prestakuntza zuten, %43,2arekin. Horrek ez du esan nahi, noski, batxilergoko ikasketak zituzten emakumerik edo unibertsitate ikasketak zituzten gizonik ez zegoenik.

Balantza zertxobait orekatu zen, ikasketei dagokienez, 25 eta 29 urte bitarteko gazteen kasuan. Bi sexuetan, prestakuntza nagusia diplomatura, lizentzia edo graduarena zen: emakumeen guztizkoaren %57,3ak eta gizonen guztizkoaren %43,2ak zuen ikasketa mota hori.

30 eta 44 urte bitarteko eremuan, ikasketa maila nagusia unibertsitatekoa zen, baina sexu bakoitzean prestakuntza horrek duen pisua jaitsi egiten da: adin horretako emakumezkoen %33ak eta gizonezkoen %28,2ak jaso dute prestakuntza hori.

Azkenik, 45 urtetik gorako herritarren prestakuntza akademiko nagusia eskola graduatuarena edo bigarren hezkuntzako ikasketena zen, 2011n. Emakumeen datua %54koa zen eta, eta adin tarte horretan kontratatutako gizonen guztizkoan, %35,5ak zuen aipaturiko prestakuntza.

Bakoitzari berea, noren legea?

Badirudi okupazioak eta kontratu motek rol banaketa berresten dutela. Lanaren ordainak, ordea, roletatik harago bideratzen du kezka, pasa den otsailaren 22an LAB sindikatuak plazaratu zuenez: 2013an, Hego Euskal Herriko gizonezkoen soldata %35,6 handiagoa izan zen, emakumezkoena baino. Horrek, eurotan, gizonezkoen urteko soldata gordina emakumezkoena baino 7.807 euro gehiagokoa izan zela esan nahi du.

Iritzi publikoaren gehiengoak, ziur aski, parekidetasunerako bideak koska hori gainditua duela pentsatuko du. Baina, beste behin ere, horretarako daude zenbakiak. Anekdotikoak izango dira, askorentzat; 2013ak emandako kasualitate bat. Lanpostuen kategoriaren fruitu, berriz, hainbatentzat; hori ere zori kontua. Baina, egiazki, herritar guztien begiradak altxatu beharko lituzkeen garrasia da, gizonezkoek lan egindako ordu bakoitzagatik, emakumezkoek baino %25,1 gehiago irabazi izana.

Itzalean, baina ekinean

Bada txosten ofizialetan tarterik ez duen lanik. Lan erreprodukzioa da, ordaindu gabe egiten den hori, baina, «gure sistema ekonomikoa sostengatzen duena», Tolosako III. Berdintasun Planean jaso dutenez.

Nola neurtzen da, ordea, lan erreprodukzio deritzon hori? Bada, denboraren erabilerari buruz EUSTATek dituen zenbait datu baliagarriak dira horretarako. Zenbaki horien bitartez, adibidez, jakin daiteke egingarri fisiologikoak estaltzen batez beste herritarrek pasatzen duten denbora zein den. Tolosarren kasuan, emakumeek 11,55 ordu eskaintzen dizkiote horri, eta gizonezkoek 11,33.

Aldiz, jarduera profesionalak eta prestakuntzazkoak egiteari denbora gehiago eskaintzen diote gizonezko tolosarrek: 07,33 ordu, emakumezkoen 05,39 orduen aurrean.

Etxeko lanetan, emakumeek denbora gehiago igarotzen dute, bai EAEn, bai Gipuzkoan eta baita Tolosan ere; azken honetan, 02,32 ordu, batez beste. Gizonezkoek, berriz, 1,24 ordu gutxiago eskaintzen diote jarduera horri.

Bide beretik doaz, azkenik, zaintzaren inguruko datuak. EAEn, Gipuzkoan nahiz Tolosan, emakumezkoek denbora gehiago eskaintzen diote etxeko pertsonak zaintzeari eta, gainera, Tolosan ikusten da alderik handiena, gizonezko eta emakumezkoen artean: gizonek 1,13 ordu erabiltzen dituzte zaintza lanetarako eta emakumeek, berriz, 2,39 ordu.

Itzalean egindako lan horren guztiaren alderdirik nabarmenena zaintzarena da; ez, soilik, horretara bideratutako ordu kopuruagatik, baita zaintzaileen adinagatik ere. Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera, menpekotasunen bat duten pertsonen zaintzaile gehienak emakumezkoak dira, eta horien proportzioa hazi egin da azken urteotan, gainera. 2009an %64 ziren eta, 2011n eta 2014an %74.

Gainerakoen bizi kalitatea hobetu eta zaintza lanetan aritzen diren gizon-emakume gehienak 26 eta 60 urte bitartekoak dira Gipuzkoan, baina, langile horien guztien artean, 61 eta 85 urte bitartekoen kopurua nabarmentzekoa da, Tolosako III. Berdintasun planaren arabera. Izan ere, zaintzaile guztien %41 osatzen zuten 2014an: «Zaintzaileen zati handi bat, zaintzak behar izateko eta jasotzeko adinean dago, eta osasun pertsonala okerrera doan heinean, zaintza-lan intentsibo horrek are gehiago okertzen du osasun fisiko nahiz psikikoa».

Ordenagailuko saguari klik bakarra eginda, nonahi irakur daiteke 2008. urtean loratzen hasitako krisi ekonomikoa amaitu dela 2015ean ezarri dute mugarria, zehazki. Susperraldi garaiak datozela egia balitz ere, azaleko baieztapena baino ez litzateke hori, datu zaparrada hau eta beste hainbat iraultzen ez badira. «Egungo antolaketa sozialak lanaren banaketa sexualari eusten dio oraindik», Tolosako III. Berdintasun planaren arabera, eta «gizonei eta emakumeei desberdin esleitzen dizkie bizitzaren iraunkortasunerako beharrezkoak diren rol produktibo nahiz komunitarioak».

Gauzak horrela, sistemak ekonomia feministaren oinarriak bere egitea dute konponbidetzat, «herritarren lan prekarioaz soilik manten daitekeen egungo sistema» zalantzan jarriz. Denborak jarriko ahal du oreka, zenbaki eta zalantzen balantzan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!