«Giro soziala lantzen dugu, balore batzuk eta egiteko modu bat»

Iñigo Terradillos 2016ko mar. 4a, 10:47

Proiektuen Azoka (K)idea ospatuko da, bihar, larunbata, Tolosako kultur etxean, 09:15etik aurrera; gizarte inplikazioko proiektuak sortzea eta hobetzea du helburu.

Impact Hub Donostia eta Donostia 2016 batu dira proiektu horretarako, Tolosaldea Garatzenen laguntzarekin. Gizarte inplikazioko proiektuak sortzea eta hobetzea du helburua. Tomas Tamayo, Impact Hub Donostiako kidea da eta topaketako prestaketa lanetan dabil.

Zertan datza topaketa honek?
Topaketa hau antolatu genuen ekintzailetasun soziala lantzen ari diren proiektuei laguntza eskaintzeko eta baita tokian tokiko ekintzaileen harremanak estutzeko.

Gu Impact Hub-en nazioarteko komunitate bat gara, ekintzaile sozialez osatuta. Hasieratik gure proiektuak ezagutzera emateko eta gure artean lanean zertan ari ginen jakiteko gure barne proiektuen azokak antolatzen hasi ginen. Gertatu dena da 2016 kultur urtea zenez Donostian, 2016ko fundazioak proiektu honi buruz entzuna zuela, eta oso interesgarria iruditu zitzaion, gerturatzen zitzaizkion proiektu askori nolabaiteko laguntza eskaintzeko. Konpromisoa hartu dugu Gipuzkoan horrelako bost ekitaldi garatzeko. Aurreko maiatzean bat egin genuen Donostian, beste bat urrian Azpeitian, oraingoa Tolosan, apirilaren 9an Eibarren, eta uda eta gero urriaren 1ean, Donostian, Tabakaleran.

Ekintzaileekin denbora bat badaramazue lanean. Adibideren bat jartzerik bai? 
Adibidez asteburu honetan egongo diren proiektuen artean dago Orendaingo Baso Eskola, hurrengo irailean hasi nahi dutena hamasei bat umerekin. Basoan oinarritutako hezkuntza lantzen dute. Gero badago beste proiektu bat online inprenta bat, Tolosako gazte batzuek hartu dutena. Inprenta hori Sevillan dago oinarrituta. Beraiek eskualdatu egin zuten eta orain inprenta hori Tolosaldeko jendeari gerturatu nahian dabiltza. Beste proiektu bat Banaiz Bagara elkartea garatzen ari dena da. Elkarteak lana egiten du euskara etorkinei irakasten, nolabaiteko gizarte integrazioa lortzeko eta modu berean lan aukerak eskaintzeko. Aurkitu duten lan aukera bat marrokiar catering bat antolatzea da, postre gozoak eta teak eskaintzen dituena. Beraiek ere proiektua landuko dute azoka honetan, eta cateringa jarriko dute. Beste proiektu bat, Otardi da. Asteasun berritu duten baserri bat, orain aterpetxea dena. Barazki otarra prestatzen dute kontsumo talde baterako, topaketak egiteko prestatuta dago, lanean han aritzeko...

Proiektu hauek garatzeko, goizean proiektuen aurkezpenak egiten dira. Guk laguntzen diegu Elevator Pitch-a prestatzen, eta hiru edo lau aldiz aurkezten dutenez, bertan dauden guztiek proiektuak ezagutzen dituzte.

Nola helarazten dizkizute zuei proiektuak edo zer egin behar da zuengana aurkezteko?
Guk web orri bat dugu: proiektuenazoka.org. Bertan izena eman eta proiektua igo behar da. Dena dela, web orrian badugu e-maila eta bertatik ere kontaktatu daiteke gurekin:proiektuenazoka@gmail.com.

Ekintzailetasun soziala da kasu honetan bultzatzen dena, ezta?
Gu ez gara poliziak eta inork ez du esaten zer den soziala eta zer ez. Guk giro soziala lantzen dugu, balore batzuk eta egiteko modu bat. Hemendik pasatzen den proiektuak balore batzuk hartu ditzan egiten dugu lana.

Azoka honetan ideiak eta tresnak partekatzea ere bada asmoa, ezta?
Ez nuke esango partekatzea denik. Bada planteamenduak, arazoak, soluzioak, bakoitzak bizi izan dituen esperientziak hor plazaratzea, eta besteekin elkarbanatzea, besteek ikas dezaten, guk ikasi duguna gure esperientziekin. Honen helburua bada ekintzaileen arteko harreman horiek estutzea, zeren ekintzaile garenok argi dugu gehien laguntzen gaituena gure moduan dagoen pertsona bat dela.

Norberak bere proiektuak sendotzeko bidean, beste pauso bat ematea.
Goizeko partean proiektuak aurkezten dira, parte hartzen duten pertsona guztiek proiektu guztiei buruz ikasten dute pixka bat. Gero luntxa egiten da, eta arratsaldean lau bat mahai-inguru egiten ditugu, non garatzen diren komunikazio gaiak, kudeaketa gaiak, iraunkortasuna (taldekoa, emozionala...), eta baloreei buruz antolatzen den elkarrizketa guztiz ireki bat. Bakoitzak dituen arazoak edo zalantzak mahai gainean jartzeko eta denon artean soluzioak aurkitzeko.

Aurretik egina duzue azoka beste herri batzuetan. Nolako esperientzia izan da?
Oso aberatsa izan da. Parte hartzen duen edonork zoriontzen gaitu, baina aldi berean oso nekatuta bukatzen dutela esaten digute. Antolatzaile lanetan gabiltzanok ere modu berean bizi dugu. Oso aberasgarriak dira elkarrizketa hauek, eta harreman estuago bat sortzen da parte hartzen duen jendearekiko.

Ekintzaileei zuzenduta dago bereziki, baina irekia da azoka, ezta?
Bai, guztiz irekia. Azoka honekin, batetik dauden proiektuak plazaratu nahi genituen. Bestetik, jendeari nolabaiteko txispa sortzea da gure asmoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!