Lekuko aldaketa, bide berean tinko jarraitzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 4a, 09:52

Naiara Roldan de Aranguiz izango da TOLOSALDEKO ATARIAren koordinatzaile berria  aurrerantzean

Urriak seigarrena zuen, 2013. urtean. TOLOSALDEKO ATARIAk, berriz, lehena; lehen zenbakia. Eskualdeko euskarazko komunikabide sendo baten aldeko lehen pauso publikoa izan zen hura, eta orduan ekindako bidea hirugarren ikasturtera iritsi da jada. Horrela, bide berarik tinko eutsi eta aurrera egiteko gogoz, lekuko aldaketarekin heldu dio, ATARIAk, 2016ari: Naiara Roldan de Aranguiz ariko da, aurrerantzean, koordinatzaile lanetan, Ainhoa Oiartzabalek 2013ko urritik 2014ko uztailera bitartean eta Eneritz Maizek 2014ko uztailaz gero egindako lanari jarraipena emanez.

Gasteiztarra da jaiotzez (1981), eta Tolosaldea du bizileku. Arabako hiriburutik Leioa aldera joan zen unibertsitate ikasketak egitera eta, bere ogibideak erakusten duen moduan, kazetaritzan lizentziatua da Naiara Roldan de Aranguiz. Horrela, komunikazioan lanean igarotako 14 urteok esperientziaz bete diote campuseko ikasgeletan ikasitakoa.

Euskarazko komunikabide bateratuko hiru hanketako Txolarre, Hitza eta Galtzaundi batetik iritsi zen, Roldan de Aranguiz, Galtzaunditik. Hiru urte eta erdiz jardun zuen, bertan,Galtzaundi aldizkaria koordinatzen eta, ATARIAn ere, ostiralero argitaratzen den astekariko gidaria izan da, oraino.

Erreferentzia erronka

Erredakzioaren ardura hartzearekin batera, Naiara Roldan de Aranguizek Eneritz Maizen lana goraipatu nahi izan du, batetik: «Erronka handia izan da hiru komunikabide bateratzearena, eta urteotan bere koordinatzaile postutik egin duen lana eskertu nahiko nioke».

Horrela, TOLOSALDEKO ATARIAk bere sorreraz geroztik ibili duen bidetik aurrera jarraitzeko asmoa azaldu du Roldan de Aranguizek: «Herritarrentzat gertukoak izaten saiatzen gara, egunero, eta, bide horretan, eskualdeko erreferentzia izatea da gure erronka, gertatzen den guztiaren berri euskaraz emanez».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!