Hamabost talderik onenak Aiztondo Klasikoan

Asier Imaz 2016ko martxoaren 2a

Argazkia: Unai Sorarrain

XIII. Aiztondo Klasikoa-Patxi Alkortaren Oroimenezkoa igandean izango da; afizionatuen mailako Espainiako Koparen hirugarren jardunaldia izango da

Espainiako Kopako 15 talderik indartsuenak XIII. Aiztondo Klasikoan egongo dira, Patxi Alkortaren Oroimenezkoan. Afizionatuen mailako txirrindulari lasterketa igandean jokatuko da. Irteera Zizurkilen hartuko dute, 10:00etan, eta irabazlea, Asteasuko helmugara 13:30ak baino lehen iristea espero da. 138 kilometroko ibilbidean Adunako gaina lau aldiz igoko dute; azkena, helmugatik bederatzi kilometrora. Horrez gain, Alkizara ere igoko dira.

Aurreko edizioak kontuan hartuta, Jose Ramon Aiertza antolatzaile taldeko kideak amaiera nolakoa izango den argi dauka: «Aiztondo Klasikan irteera eta helmuga txandakatu egiten dira. Asteasun helmuga hiru aldiz izan da, eta beti, irabazlea bakarrik iritsi da».

Aiztondoko lau elkarteren artean antolatzen dute klasika, sei udalen laguntzarekin. Aurtengoan ere Aitzondok, Txulobik, Irrintzik eta Urkamendi elkarteek Asteasu, Amasa-Villabona, Zizurkil, Aduna, Alkiza eta Larraulgo udalen laguntza izan dute. Aiertzak babesle eta laguntzaileei bere esker ona adierazi nahi izan die.

Boluntario lanetan 100 lagunetik gora ibiliko dira igandean, eta horien lana ere gogoan izan du Aiertza asteasuarrak. 

PATXI ALKORTA, GOGOAN

Klasikoa Patxi Alkorta zizurkildarra omentzeko ere baliatzen dute antolatzaileek: «Patxi Alkortak txirrindularitzaren alde lan asko egin zuen. Aiztondo Klasikoaren lehen urteetan gure ondoan izan zen, laguntzen, eta hil zenean, bere oroimenezkoa bilakatzea adostu genuen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!