Abian da birziklatzea egoki egiteko kanpaina

Ataria 2016ko martxoaren 1a

Tolosaldeko Mankomunitatearen 'Birziklatu tentuz eta zentzuz' kanpaina martxan jarri da gaur, Amezketan eta Alegian.

Abian jarri da Tolosaldeko Mankomunitateak antolatutako Birziklatu tentuz eta zentzuz kanpaina. Herritarrek hondakinak egoki sailkatzea da helburua, eta eskualdeko hainbat herritan izango dira ekimenak bultzatzen. Lehenengoak Amezketa eta Alegia izan dira. Gaur arratsaldean egin dituzte triziklo informazio puntu mugikorren dinamikak Amezketako Zumadi eskolan eta Alegiako San Juan eskolan, LHko 5. eta 6. mailako ikasleekin. Alegian herrian zehar ere izan dira trizikloak eta bertako dinamizatzaileak, herritarrek ere parte hartu zezaten.

Artelatz ingurumen zerbitzuak ari da kanpaina bideratzen herrietara. Bertako kidea den Miren Olibak azaldu duenez, trizikloen ekimenean «hiru panel daude, eta bakoitzean jolas bana dago. Panel bakoitza hondakin bilketako edukiontzi ezberdinekin lotuta dago. Ikasleekin landu dugu zalantzak argitzea eta jolasen bitartez ikustea zer botatzen den edukiontzi bakoitzean».

Ekimen hori, beti ere eguraldiak laguntzen badu, Zizurkil, Irura, Amasa-Villabona, Anoeta, Ibarra eta Asteasun egingo da. Tolosan, beste ekimen bat egingo da, puxiken informazio puntuarena eta lehenengo saioa larunbat honetan aurreikusten da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!