Garraio publikoak 100.000 bidaiari irabazi ditu urtebetean

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 1a, 18:21

Irudian, Josu Astrain, Marisol Garmendia eta Olatz Peonek eskainitako agerraldia, Lehiberrin.

Aurreko agintaldian martxan jarritako garraio publiko eredua sustatzen jarraituko du foru aldundiak, 1,6 milioi euro inbertituz

Baldintza geografiko bereziak ditu Tolosaldeak, 28 herritik asko bizigune txikiak –eta landa eremukoak– izaki. Baldintza berezi horiei erantzun nahian, bada, Tolosaldea Garatzen eskualdeko garapen agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eskualderako garraio publiko zerbitzu berezia sortu zuten, elkarlanean. Besteak beste, ohiko autobusekin batera mikrobusak eta eskaripeko taxiak jarri zituzten herritarren zerbitzura, eta apustu hark eman du bere fruitua: urtebeteko epean, Tolosaldeko garraio publikoak 100.000 erabiltzaile irabazi ditu.

Olatz Peon Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak, Marisol Garmendia Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Josu Astrain Altzoko zinegotziak, zerbitzua baloratu eta aurrera begirako erronkak zehazteko agerraldia eskaini dute, Lehiberri zentroan.

Gertutasuna eskainiz, garraio publikoak eskualdeari kohesioa ematen diola nabarmendu du Olatz Peonek eta, bere ustez, zerbitzuaren malgutasuna arrakastaren gakoetako bat izan da.

Bide horretan, Marisol Garmendiak datu zehatzagoak eskaini ditu, «zerbitzu bat ona denean, herritarrek erantzun» egiten dutela azpimarratuz.

Ondo jositako sarea

2014ko abenduaren 22a zen, Lurraldebusen garraio publiko zerbitzu berria Tolosaldean martxan jarri zutenean. Sarea egoki osatu ahal izateko, 7 autobus, 2 mikrobus eta eskualdeko 9 taxi behar izan dituzte eta, azken bi ibilgailu horiek zerbitzua eskualdera egokitzea ahalbidetu dutela azaldu du Garmendiak: «Autobus txikiak eta eskaripeko taxiak areagotu egin behar dira, izan ere, biztanleria sakabanatuta dago, eta herritarren beharrei erantzun egin behar zaie».

2014an egindako apustuari «eutsi» egingo diote egungo ordezkari politikoek ere, «emaitzak oso onak direlako»: 2014an Tolosaldeko garraio publiko zerbitzuak 113.387 bidaiari izan baldin bazituen, urtebetean 216.590 bidaiari izatera iritsi da garraio sarea. Aipatzekoa da, gainera, eskaripeko zerbitzuak izan duen harrera: 3.880 zerbitzu egin dituzte, guztira.

Autobus linea berriak sortu izanak, noski, ibilgailuek egindako kilometroak ere igo ditu. Horrela, 2014an 220.272 kilometro egin baldin bazituzten, iaz 518.160 kilometro osatu zituzten autobus eta taxiek.

Tolosaldeko garraio publikoak 100.000 erabiltzaile irabazi izanagatik, herritarren ekarpena ez da nahikoa zerbitzua osorik finantzatzeko, dituen berezitasunak medio; areago, gastuaren %9,81ari soilik erantzuten diote, modu horretan.

Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.665.600 euroko inbertsioa egingo du, urtero, Tolosaldeko garraio publiko zerbitzua hornitzeko.

Proiektuaren jatorrian eskualdeko eta herrialdeko erakunde publikoen elkarlana izaki, zerbitzuak bigarren helburuetako bat ere bete du: Tolosa, Andoain, Lasarte eta Donostiarako loturak hobetzearen ondorioz, herritar gehiagok eskuratu dute, 2015ean barrena, Mugi txartela. 2014an 11.541 herritarrek baldin bazuten, 11.994era igo zen zenbakia, iaz.

Ohitura berrien iturburu

Garraio sarerako diseinaturiko zerbitzua malgua izan da lehen urtebetean, eta herritarren iradokizunei erantzun izan diete. Lehen ziklo arrakastatsuaren ondoren, foru aldundia Tolosaldeko udalekin eta garapen agentziarekin bilduko da orain, balorazio zehatzago bat egin eta balizko aldaketak jorratzeko.

Josu Astrain Altzoko zinegotzia «oso pozik» azaldu da Tolosaldeko garraio publikoarekin, 2014ra bitarte herri txikietako zerbitzua «kaskarragoa» zela esanez: «Altzon nabarmen igo da erabiltzaile kopurua eta, eskaripeko zerbitzuak ohiturak aldatzea –aurrez deitu behar izatea– ekarri baldin badu ere, herritarrak oso ondo moldatu dira».

Zenbait egokitzapen eskatuko dituztela aurreratu du, eta eskualdeko herritarrei dei egin die garraio publikoa are gehiago erabiltzera, «ingurumenaren alde».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!