Milaka herritarrek bat egin zuen igandean Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak egindako deialdiarekin. Herri ezberdinetik abiatu ziren mendi martxan, -eskualdean, esaterako, Zizurkildik- eta zero gunean elkartu ziren 1.500 lagun inguru, Gipuzkoako Foru Aldundiak eraiki asmo duen errauste plantaren kokagunean.
Guztira, 50 taldetik gora batu ziren mendi martxara; tartean alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileak. Eta eskualdea ordezkatuz, Aiztondoko plataforman batzen diren Villabona, Zizurkil, Aduna, Alkiza, Asteasu eta Larraulgo herritarrak.
Ondoren, menditik bueltan, Zubietako frontoian, herritar gehiagok bat egin zuen «Erraustegirik ez» mezuarekin, 3.000 guztira.
Bertan ere izan ziren, Joseba Tapia musikaria aurkezle lanetan, Asier Azpirotz eta Ane Labaka, bertso bidez errauste plantaren kontra azalduz. Estitxu Eizagirre Argiako kazetariak izan zuen manifestua irakurtzeko ardura: «Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi». Errauste plantaren beharrik ere ez dagoela adierazi zuen komunikatzaileak, hainbat datu plazaratuz: «Egunero ari gara frogatzen posible dela sortzen dugun hondakinen %80 gaika biltzea, eta organikoa ere bereizita bildu eta kudeatzea».
Teresa Lopez de Munain aktoreak, bere aldetik «udalei, mankomunitateei eta agente guztiei errauste plantaren finantzaketan ez parte hartzeko» dei egin zien.
Hurrengo hitzorduak
Erraustegiaren Kontrako Mugimenduak aurreratu bezala, proiektuari ezezkoa ematen jarraitu dute. Bi data gorriz margotu dituzte: martxoaren 12a eta maiatzaren 29a.