Tentuz eta zentzuz birziklatzeko

Imanol Garcia Landa 2016ko ots. 25a, 14:01

Josu Amilibia eta Patxi Amantegi, kanpainaren aurkezpenean.

Tolosaldeko Mankomunitateak abian jarri du 'Birziklatu tentuz eta zentzuz' kanpaina, gaikako bilketan herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko, eta, beraz, hobeto birziklatzen laguntzeko.

Mankomunitateko helburuetariko bat birziklatze tasa handitzea dela adierazi du Josu Amilibia Mankomunitateko lehendakariak, "eta horretarako herritarren ingurumen kontzientzia landu nahi dugu". Eskualdeko birziklatze tasak "onak" direla gaineratu du, bataz beste %60koak, "baina oraindik hobetu daiteke. Birziklatze tasa hobetu nahi dugu, eta hobeto birziklatzea ere". Herritarrek zalantzak dituztela birziklatzeko garaian azaldu du: "Jendeak ez du nahita gaizki sailkatzen, baina gaikako edukiontzietara botatakoa kudeatzerakoan inpropio batzuk ikusten dira. Adibidez, nahiko arrunta da edukiontzi horia plastikoarekin lotzea soilik, eta horren ondorioz plastikozko ontziak ez diren beste hondakinak topa ditzakegu edukiontzi horian. Ondo sailkatzen dugu baina hobeto sailkatu dezakegu".

Kanpaina Ecoembes eta Ecovidrioren eskutik antolatu dute. Kanpainaren irudiak bi zati ditu: irudia eta goiburua. "Bai keinuak eta baita goiburuak ere, birziklatu tentuz eta zentzuz, birziklatzearen garrantzia adierazten dute eta hori da komunikatu nahi duguna", azaldu du Amilibiak. Komunikazio hori harreman zuzenean oinarrituz egin nahi dutela adierazi dute Mankomunitatetik. Horretarako kalean egongo dira bi ekimenekin: puxiken informazio puntua eta trizikloen informazio puntu mugikorra. "Bi ekimenen helburua herritarrekin harreman zuzena bultzatzea da, eta harreman horretan elkarrizketa xumea eta zehatza sustatzea", zehaztu du Amilibiak. "Gaika bildu behar diren hondakinen inguruan azpimarratu nahi da zer ez den edukiontzi berdera, marroira, urdinera eta horira bota behar, hau da, inpropioak".

Herritarren denbora eta arreta eskertzeko, poltsa berrerabilgarri bat emango zaie parte hartzen duten guztiei, agortu arte. Poltsa horiek hondakinak prebenitzeko neurri bat dela azaldu dute, erabilpen bateko plastikozko poltsak ordezkatzen dituelako.  

Bi ekimenen inguruan eman ditu azalpenak Patxi Amantegi Mankomunitateko lehendakariordeak. Puxiken informazio puntuarena Tolosan eta Andoainen jarriko dute. Zehazki, bi karpa edo informazio puntu jarriko dira ekimena egiterakoan. Tolosan, kultur etxean eta taxien geltokian jarriko dira, eta batetik bestera puxika batzuetara lotuta dauden hondakinak garraiatuko dituzte parte hartzaileek, eta bakoitzak identifikatu beharko du zein edukiontzira bota behar den hondakin hori.

Beste ekimena trizikloen informazio puntu mugikorrena da, eta hori zehazki Amezketa, Alegia, Zizurkil, Irura, Villabona, Anoeta, Ibarra eta Asteasun egingo dira. Hainbat joko egingo dira, hondakinak nola sailkatu behar diren hobeto ezagutzeko.

Ekimenak ondorengo datetan egingo dira, beti ere eguraldiaren arabera:

Puxiken informazio puntua

Tolosa. Martxoak 5 eta 19.

Trizikloen informazio puntu mugikorra

Amezketa eta Alegia. Martxoak 1, 14:30-18:30.

Zizurkil. Martxoak 2, 10:00-14:00.

Irura. Martxoak 4, 16:30-20:30.

Amasa-Villabona. Martxoak 8, 09:30-13:30.

Anoeta. Martxoak 10, 15:30-19:30.

Ibarra. Martxoak 11, 15:00-19:00.

Asteasu. Martxoak 18, 15:00-19:00.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!