Ibarrako zentroko errehabilitazio zerbitzua Tolosara

Maier Ugartemendia 2016ko otsailaren 25a

Ibarrako osasun-zentroko errehabilitazio zerbitzua Tolosara eramatea, ESIa martxan jarri zenetik abiarazitako «hobekuntzen esparruan» kokatu du Osakidetzak

Otsailaren 15etik aurrera «behin-betiko» ezarri dute Tolosako anbulatorioan errehabilitazio zerbitzua. Osakidetzak azaldu duenez, aldaketak Tolosaldeko Erakunde Sanitario Integratuko zerbitzuak «hobetuko» ditu, «pazienteentzat ez ezik, baita langileentzat ere».

Gauzak horrela, «biztanle gehieneko gunean zentralizatuko dira zerbitzu guztiak, eta eraikin berean espezialitateen kontsulta guztiak».

Bestalde, aldaketak Ibarrako osasun zentroko erabiltzaileei «arreta sanitario hobea» ematea ere eragingo duela uste du Osakidetzak. Batetik, emaginaren kontsulta eta talde jardueren aretoa beren jardunerako «hobeto egokitutako» azalera batera eramango direlako. Bestetik, zentroak «hiru kontsulta gehiago» izango dituelako.

Osakidetzak jakinarazi duenez, lekualdaketa horiek egiten «65.000 eurotik gora» inbertitu ditu Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!