Hau da, klinika honek ez luke inongo jarduera pribaturik egin beharko, are gutxiago, jarduera publikorik. 2011-06-09an, orduan alkate zegoenak dekretu bat sinatu zuen, eta, haren bidez, Asuncion Klinikari ospitale-jarduerarako lizentzia eman zion, 50 urte operatibo egon eta gero. Dekretu hark jarduera lizentzia baldintza batzuen pean jartzen zuen, hain zuzen ere, klinikak hainbat neurri zuzentzaile bete behar zituen aireztapena, zarata, bibrazio, musika, hondakin, suteen aurkako neurri eta abarri buruz. Lau urte pasa dira eta jarduera-lizentziarik gabe jarraitzen du. Baina nahiz eta neurri zuzentzaileak bete eta jarduerari onarpena eman, ezin izango luke inongo jarduerarik egin, izan ere, «jarduera-lizentziak ez du eskubiderik ematen jarduera martxan jartzeko, eta horretarako, irekitzeko baimena lortu behar da». Irekitzeko baimena lortu 50 urte pasa eta gero?
Olatz Peon Tolosako alkateari jakinarazi nion hemen azaldu dudan guztia, 2015eko ekainaren erdi aldera. Gaur arte. Alkateari idatzi bat bidali nion, eta eskatu nion Invizari data bat ezar ziezaiola, zuzenketak egiteko. Gaur arte. 2011-06-09an Jokin Bildarratz joan zenetik, ez da ezer aurreratu. Lehenago ere ez.
Ondorioa: 50 urte pasa eta gero, Tolosan 100 ohe eta 325 langile dituen klinika bat daukagu, jarduera-lizentziarik eta irekitzeko baimenik gabe, eta eskualde-ospitale baten eta anbulatorio baten zerbitzuak ematen. Egoera hori izanik ere, klinikak hitzarmen bat dauka Osakidetzarekin, eta urtean 21 milioi euro jasotzen ditu. Baina zerk ahalbidetzen du egoera hau? Funtzionario batzuen nagikeria, utzikeria edo zabarkeria soila ote? Ez dut uste. Salaketa aurkeztu dut Gipuzkoako Fiskaltzan, fiskalak delitu-zantzurik ikusiko balu ere. Tolosaldeko herritarren historia kliniko guztiak jarduera-lizentziarik eta irekitzeko baimenik ez duen klinika bati pasa zizkioten. Egun dezente dira honen antzeko idatzi bat bidali nuela Diario Vascoren kronikara. Argitaratzeko idatzien zerrendan dago. Betiko. Era berean, gaia salatu dut Lan Ikuskaritzan, Osalanen, Gipuzkoako Osasun Lurralde Ordezkaritzan, eta Eusko Jaurlaritzako Energia, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzan.
Azken 50 urte honetan kolore guztietako korporazioak izan ditugu, alderdi batzuek beste batzuek baino arduratsuago jokatu dute; halere, arazoak konpondu gabe jarraitzen du.
Jesus Maria Penilla Ibañez