«GHK-k tasak igo ditu errauste plantari buruzko plangintza bideratzeko»

Imanol Garcia Landa 2016ko ots. 24a, 10:07

Josu Amilibia, Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakaria.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak erabaki duen tasa igoeren aurka azaldu da Josu Amilibia Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakaria. Tolosaldeari igoerak 380.000 euroko gastu gehigarria suposatuko diola esan du.

2015ean hondakinen bilketan izandako emaitzak gutxienez aurten errepikatzea espero du Amilibiak.

Tolosaldeko Mankomunitatearen azkeneko batzarrean erabaki duzue herri bakoitzak gaikako bilketan %60tik gora egon behar duela.

Irizpide batzuk onartu genituen, aho batez, bai herriek eta baita alderdiek ere. Marko orokor bat finkatu nahi da, eta irizpide bat da herri bakoitzak %60tik gorako gaikako bilketa bermatu behar duela. 28tik 27 herrik hori egun egiten dute. Horrek ez du esan nahi herri bat %75ean badago, bere tasa jaitsi egin behar duenik. Helburua da goitik dauden tasak mantentzea eta behetik daudenak igotzea.

Ezarritako %60 hori asko da edo ohikoa da inguruko herrialdeekin alderatuta?

%60a oso ona da. 2020rako Europatik markatzen dituzten irizpideak lehenago betetzen ari gara. Ingurura begiratuta, Gipuzkoan badaude datu hobeagoak dituztenak, baina okerragoak dituztenak gehiago daude, eta okerragoak dira ere beste herrialdeetako datuak eta estatukoak. Argi eta garbi lanketa txukuna egin da; posizio onean gaude, eta oraindik hobetu daiteke.

Eta muga hori ez bada betetzen, neurriak hartuko dira?

Onartutako irizpideen artean, puntu batean aurreikusten da Mankomunitateak penalizazio sistema bat jarri dezakeela. Ez dago definituta, urtean zehar lantzeko gai bat da. Halere, espero dudana da denon artean lortuko dugula helburu hori.

2015ean lortutako emaitzen balantze ona egin duzue. Nola aurreikusten dira 2016ko datuak, zenbait herritan bilketa sistema aldatu eta gero?

Ez dago aurreikuspen bat finkatuta, baina espero duguna da gutxienez berdin jarraitzea. Orain tasa handietan daudenak herriak mantentzea, eta Andoainen lanketa egitea besteen datuetara gerturatzeko. Espero dut bilketa sisteman aldaketak egin dituzten herrietan atzera ez egitea, eta berdin aldaketak egin ez dituztenetan ere.

Hondakinen kudeaketaren gastua nola banatzen da?

Mankomunitateak ordaintzen dio Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (GHK) bai errefusa eta baita organikoaren tratamendua. Bestalde, bilketa egiten duen enpresari ordaintzen zaio. Horrez gain, Mankomunitateak azpiegitura gastuak ditu. Herriek zer ordaintzen dute? Bada, Mankomunitateren gastu orokorrak, hau da, langileak eta kamioiak, biztanleko ordaintzen ditu herri bakoitzak. Gero, bilketa motaren arabera ordaintzen du herri bakoitzak, hau da, bilketaren maiztasuna, behar diren langile kopuruak,... kontuan hartuta. Azkenik, herri bakoitzak sortzen duen hondakinen arabera, batez ere errefusa eta organikoarengatik. Beraz, gero eta bilketa sistema eraginkorragoa izan, gaikako bilketaren ehunekoa handiagoa da eta, ondorioz, errefusarena txikiagoa, eta orduan eta gutxiago ordainduko du. Gero, udal bakoitzak erabakitzen du nola kobratzen dien herritarrei hondakinen kudeaketaren gastua.

Hainbat sistema izateak zer suposatzen dio Mankomunitateari?

Alde batetik, herri batean bilketa sistema aldatzeak lana eta denbora suposatzen dio, bilketa enpresarekin berriz negoziatu behar baita herriaren egoera. Baina herri bakoitzak ordaintzen du bere bilketa eta sortzen duenaren tratamendua. Nahiz eta bilketa garestiago atera, Mankomunitateari ez dio eragiten gastuetan, herriak ordaintzen duelako diferentzia. Herri batek ere sistema merkatu dezake, eta horretan onura berarentzako izango da, baina horrek ekarri dezake gaikako bilketen emaitzak okertzea eta hondakinen tratamendua garestitzea. Azkenean oreka bat izan behar du bilketa eta tratamendu gastuen artean.

GHK-k tasak igo berri ditu. Zehazki errefusarena %20a eta organikoarena %56a eta %104aren artean. Tolosaldeari nola eragin dio?

Dirutan jarrita, errefusaren tasa %20a igotzerakoan, tonako 144 euro ordaintzetik 173 eurora pasa gara. Lehen organikoak %50eko deskontua zuen, beraz denok tonako 72 euro ordaintzen genituen, eta orain deskontua %15 eta %35 artekoa da, emaitzen arabera. Tolosaldean emaitza onak ditugunez, organikoaren tratamendua %68a igoko zaigu, hau da, tonako 72 eurotik 121 eurora. Beraz, organikoaren tratamenduak igoera bikoitza izan du: errefusa igo da eta horren arabera kalkulatzen da organikoa; gainera, deskontua jaitsi denez, proportzioan gehiago ordaintzen da. Guzti honek erakusten du proportzionalki askoz ere zigortuagoak aterako direla hobeto egiten dutenak, adibidez organiko asko jasotzen dutenak, eta ez hain zigortuak bakarrik errefusa jasotzen dutenak. Orokorrean hartuta, Tolosaldeari bilketa berdina egiteagatik, urteko 380.000 euro gehiagoko kostua ekarriko dio igoerak.

Gastu gehigarri hori herriek ordainduko dute?

Bai, azkenean herriek ordaindu beharko dute gastuaren igoera hori. Gero, herritarrei nola aplikatuko zaien hori, udal bakoitzak erabakiko du. Defizit horri aurre egiteko igo daiteke hondakinen tasa edo ez. Tasa ez badu igotzen ere, beste zerbitzu batetik kendu beharko du hondakinen gastuetara bideratzeko. Azkenean, modu batera edo bestera herritarrek ordainduko dute.

Zein izan dira GHK-k tasa horiek igotzeko arrazoia?

Nik garbi dut zergatik igo den: errauste plantari buruzko plangintza bideratzeko, hau da, planta finantzatzeko eta GHK-k duen zor bat ordaintzen jarraitu ahal izateko. Zor hori 40 milioi euro baino gehiagokoa da, eta zor hori errauste planta egiteko orain bi legealdi kontratatu ziren finantzazio produktu toxikoek, swap deritzonak, sortu zuten. 2011ko hauteskundeetarako bi hilabete eta hiru aste artean falta zirela sinatu zituen Markel Olanoren gobernuak, eta zor hori utzi zuten, foru aldundian eta ondorioz GHKn aldaketa izanez gero, errauste plantak atzerabiderik ez izateko. Aurreko legealdian ez ziren tasak igo eta organikoaren deskontua igo egin zen, eta oraingo legealdian tasak igo dira izugarri eta ziurrenez hurrengo urteetan igotzen jarraituko dute.

Tolosaldeko Mankomunitatetik zein da tasen igoeraren iritzia?

GHK herrialdeko mankomunitateek eta foru aldundiak osatzen dugu, ehuneko ezberdinekin. Tolosaldeko Mankomunitateak ordezkaritza du GHKn hiru kiderekin, eta guk tasen igoeren aurka bozkatu genuen, beste mankomunitateko EH Bilduko ordezkariekin batera.

Zer iritzi duzu errauste plantari buruz?

Niretzako ez da inondik inora beharrezkoa. Ekonomikoki urte askotarako ia jasanezina den hipoteka bat suposatuko luke. Osasun publikoaren inguruan badaude epaiak, txostenak eta azterketak lotzen dutena erraustea osasun arazoekin. Beste irtenbideak badaude. Gainera, aurreikusten den planta gain-dimentsionatua dago guztiz. 2015ean 165.000 tona errefusa sortu ziren Gipuzkoan, eta orain planteatzen ari diren planta 200.000 tonarako da. Kontua da 165.000 tonako errefusa hori tratamendu mekaniko eta biologiko batetik igaro ondoren, 60.000 tona ingurutan geratuko litzatekeela aurreikusten da, beste guztia aprobetxatu egingo baitzen. Beraien «balorizazio plantan» zer balorizatu nahi dute 60.000 tona horiekin?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!