Dominak barra-barra, Euskal Herriko txapelketan

Mikel Iraola 2016ko ots. 23a, 13:53

Ezker-eskuin, Perez, Alonso eta Ezeiza dominekin

Tolosaldea IKTko igerilariek 10 domina eskuratu dituzte pasa den asteburuan Iruñean. Sailkapen nagusiko azken emaitza ere bikaina izan da.

Taldeka nahiz bakarka. 100 metrokoan edo 50ekoan. Tximeleta edo bizkar estiloan. Txapeldun zein txapeldunorde. Orotariko emaitzak lortu ditu Tolosaldea IKTk Hego Euskal Herriko Txapelketa Nagusian. Balantzea, ordea, bat: emaitza horiek bikainak izan direla. 10 domina eskuratu ditu Tolosaldeko taldeak.

Larunbatean lortu zituzten urrezko lehen bi dominak. Imanol Ezeiza, Iñaki Karrera, Beñat Bidaola eta Jon Ander Perezek osatutako taldeak 4x50ko errelebo proban irabazi egin zuen; Imanol Ezeiza berak lortu zuen bigarren urrea: 50 bizkarrean.

Beste lau domina ere izan ziren larunbatean. Zilarrezkoak, hiru: mutilen taldeak, 4x50 librean; Marta Alonsok 100 tximeletan; eta Imanol Ezeizak 200 bizkarrean; Marta Alonso berak, Leire Muñagorrik, Eneka Muñagorrik eta Zuriñe del Pozok osatutako nesken taldeak, berriz, brontzea jantzi zuen 4x50 erreleboan.

Igandean, berriz, beste lau domina lortu zituzten eskualdeko igerilariek. Mutilen taldea berriro ere txapeldun izendatu zen, 4x100 erreleboko proban. Imanol Ezeizak (100 bizkarrean), Marta Alonsok (50 tximeletan) eta Jon Ander Perezek (200 librean) zilarrezko domina bana irabazi zuten.

Sailkapen nagusian, berriz, aipatzeko moduko emaitza lortu du Tolosaldea IKTk. Mutilen mailan hirugarren izan da; neskenean, berriz, laugarren. Guztien batura eginda, podiumeko hirugarren lekua bete zuen eskualdeko taldeak. Pozik egoteko moduko emaitzak, ezbairik gabe.

Espainiako Junior Txapelketari begira

Bien bitartean, IKT Espainiako Junior Txapelketari begira jarriko da, bertan izango baita Kepa Oiartzun igerilaria. Inauterietan Euskadiko Selekzioarekin selekzioen arteko txapelketan aritzea egokitu zitzaion Pablo Urangarekin batera, eta marka politak lortu zituzten. Datorren asteburuan, berriz, Oiartzun Sabadellen jokatuko den Junior Txapelketan izango da. Hiru proba lehiatuko ditu, 50, 100 eta 200 libreak, eta lehen bi probetan, puntan egoteko helburuarekin bidaiatuko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!