Urte «oparoa» izan da 2015a ekintzailetasunari begira

Maier Ugartemendia 2016ko ots. 19a, 10:18
Irudian, Tolosaldea Garatzeneko ordezkariak bi haztegi berrietako arduradunekin: Maialen Larrañaga eta Aritz Pereda

Bi haztegi berri jarri dira martxan, eta horrela Lehiberrin dauden zazpi haztegiak beteta gelditu dira

Urte «oparoa» izan zen 2015a Tolosaldean ekintzailetasunari dagokionez. Hori baieztatu zuten Olatz Peonek, Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak, eta Jon Zubeldiak, Ekintzailetza saileko arduradunak, atzo egindako agerraldian. Bertan Tolosaldea Garatzeneko ekintzailetasun sailaren balantzea egin zuten, eta euren datuen arabera «42 enpresa ekimen berri» sortu ziren iaz eskualdeko herri ezberdinetan; horietako gehienak Tolosan.

Ekimen horien ondorioz, «71 lanpostu zuzen» sortu ziren, eta «2.149.069,23 eurotako» inbertsioa suposatu du: «Enpresa bakoitzaren batez besteko inbertsioa 51.168,32 eurokoa izan da, 1,69 lanpostu sortuz».

Enpresaren nolakotasunari begiratuz gero, gehienak «enpresei nahiz norbanakoei zuzendutako zerbitzuei» lotutako ekimenak izan dira martxan jarri direnak, «txikikazko merkataritza eta ostalaritzak» agertzen direlarik jarraian. Esaterako: arropa eta osagai dendak, ile apaindegia, ikasketa akademia, tailer mekanikoak, arkitektura estudioa, pedagogia/psikoterapia zerbitzuak, diseinu eta publizitate arloko enpresak...

Sortutako enpresak berrogeita bi izan badira ere, Tolosaldea Garatzenera aholku eske hurbildu diren norbanakoak «askoz ere gehiago» izan dira. Tolosaldea Garatzeneko datuen arabera, hain zuzen ere, «192 pertsona» pasa dira Lehiberri zentroan kokatzen den Ekintzailetza sailetik euren asmoak azaltzera 2015ean, eta horietako gehienak «hasierako informazio orokorraren bila» hurbildu izan direla jakinarazi dute.

Profilari dagokionez, berriz, 2015ean Tolosaldean beraien enpresa martxan jarri duten ekintzaileen profila honakoa dela azaldu zuten: «Batezbesteko adina 39 urte, %42,86 emakumezkoa da eta %57,14 gizonezkoa, prestakuntza maila ertaina duena, aldez aurretik lan esperientziaren bat izan duena, eta Tolosaldeko herriren batean bizi dena».

Bi enpresa berri haztegietan

Atzo egindako agerraldian Lehiberri zentroko haztegiak beteta utzi dituzten azken bi enpresa berrien aurkezpena ere egin zuten.

Bi enpresa berri horiek Apatta Erreka industriagunean daude kokatuta, Lehiberri zentroko haztegietan. 2013ko irailean jarri zituzten, helburu zehatz batzuekin: enpresa berriak sortu eta finkatzea eta horrekin batera lanpostu berriak sortzea.

Hortaz, ekintzailetasuna sustatzeko asmoz, hastapenetan laguntzeko zazpi haztegiak beteta gelditu dira, bi haztegi berri hauekin.

Tolosaldea Garatzenek, ekintza sailari esker, «enpresa proiektu bat aurkezten duenari asmo hori aurrera eramateko behar duen laguntza guztia» eskaintzen dio. Horretarako ekintzailetza sailetik ideiaren «bideragarritasuna» zehaztu ondoren, «negozio plana» egiten dute, eta negozioa abian jartzeko «finantzaketa bilatzera» jotzen dute. Behin enpresa martxan jarrita ere, zerbitzuak «jarraipena» egiten du, enpresa bat eratzerakoan «ezinbestean sortzen diren arazoak konpontzeko eta zalantzak argitzeko».

Ingeniaritzako soluzioak emateko enpresa berria

Maialen Larrañagak Tekma Solutions zerbitzu enpresa jarri du martxan bere haztegian. Berak azaldutakoaren arabera, zerbitzu enpresa bat da, eskualdeko enpresei begira sortua.

«Soluzioak emateko» enpresa bezala definitu du berea Larrañagak, guztiak ingeniaritza zerbitzuei lotutakoak: diseinu industriala, delineazio mekaniko nahiz elektrikoa, produktuen diseinua, planoen digitalizazioa eta eguneraketa, fabrikazioa, enpresen lehiakortasuna bultzatzea...

Bezeroek Tekma Solutions «tresna» bat bezala erabiltzea gustatuko litzaioke Larrañagari.

Lehiberritik adierazi dutenez eskualdean horrelako zerbitzuak eskaintzen dituen lehen enpresa da honakoa eta eskualdeko enpresen lehiakortasuna indartzeko baliagarria izango da.

Prozedura artesanaleko diseinu eta komunikazioa

Kontuz Kreatiboak enpresa sortu du Lehiberriko haztegietan Aritz Pereda, diseinatzaile grafikoak. Hamar urtez lanean aritu eta gero «aurrerapauso bat» emateko asmoz Lehiberrira joan zen, eta bere proiektua haztegietan aurrera eramateko proposamena egin zioten.

Proiektua batez ere «eskuz egindako errotulazioan» oinarritzen da, bai pizarretan edo baita paretetan ere. Diseinu grafikoa ere egiten du, etxeetan, enpresa nahiz tabernetan marrazkiak egiten ditu.

Gehienbat «eskuz» egindako lanak proposatzen ditu, eta bere esanetan «eskualdean ez dago horrelako enpresarik», horregatik berak ildo horretan lan egin nahiko luke.

Lehiberriri «esker» laguntza hori jaso duela eta aurrera egitea espero duela adierazi zuen atzo bere haztegian Peredak.

Lehiberritik azpimarratzen dute eskualdean «errotulazio eta letreroen diseinu artesanalean lan egingo duen lehen enpresa» dela, «prozesu mekanikoetan oinarritu ordez prozedura artesanalean» oinarritzen dela, eskualdeko enpresen «lehiakortasuna areagotzeko bideratutako enpresa» dela, eta «sare sozialetan oinarritutako komunikazio estrategia» duela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!