«Txolartetik jasotzen duzun maitasunak asko betetzen zaitu»

Iñigo Terradillos 2016ko ots. 17a, 10:30

Maitane Agirre 19 urteko tolosarrak eta Maider Igaitea 18 urteko billabonatarrak euren denbora librearen parte bat besteei eskaintzen ematen dute Tolosako Atzegiren baitako Txolarte programan

Adimen urriko 16 urtetik gorako pertsonak elkartu eta euren aisialdirako ekimen desberdinak antolatzea du helburu Atzegiren baitako Txolarte programak. Gipuzkoan zehar 13 Txolarte daude banatuta, eta horietako bat Tolosan kokatua dago.

Asteburuetan burutzen dituzte jarduerak euren Santa Maria kaleko lokalean nahiz kalean, begirale boluntarioen laguntzarekin. Maitane Agirre 19 urteko tolosarra eta Maider Igaitea 18 urteko billabonatarra ekimenean laguntzen ari diren eskualdeko bi gazte dira, eta Txolarten duten boluntarioen beharraz hitz egin dute.

Hamabostean behin elkartzen zarete Tolosako lokalean. Zer egiten duzue bertan?
Maider Igaitea. Adimen urritasuna duten 30 neska-mutil inguru joaten dira lokalera. Begiraleen artean euren aisialdia gustura igarotzeko jarduera desberdinak prestatzen ditugu, eta horiek burutzen ditugu larunbat arratsaldeetan. 16:30ak inguruan jartzen dugu hitzordua. Merienda egiten dugu lehenbizi, eta ondoren askotariko jarduerak prestatzen ditugu.

Zer jarduera mota egiten dituzue?
Maitane Agirre. Askariak antolatzen ditugu, baita dantzak ere, jolasak, eskulanak… eta irteerak ere egiten ditugu. Egin dugun azkena, esaterako, Donostiako Aquariumera izan zen. Oporraldiak ere egiten ditugu. Aste Santuan nahiz udan antolatzen ditugu, eta astebetekoak izaten dira.

Eta, hau guztia adimen urritasuna duten pertsonek ondo pasatzeko.
M.I. Hala da. Helburua beraiek gustura egotea da, eta larunbat arratsaldeak lagunartean ondo pasatzea.

Adimen urritasuna duten pertsonentzat zer esanahi du Txolartek?
M.A. Kluba deitzen dioten hau beraientzat oso garrantzitsua da. Herritar desberdinekin elkartzeko eta hitz egiteko aukera ematen die, jolastu egiten dute elkarrekin… Askok lan egiten dute, eta larunbat arratsaldeak festa moduan hartzen dituzte ekimen honi esker.

Noiztik ari da Txolarte eskualdean?
M.I. Duela 30 urte inguru hasi zen adimen urritasuna dutenen aisialdiari begirako zerbitzu hau ematen.

Parte hartzen dutenak nongotarrak dira?
M.A. Tolosaldeko herri askotako jendea etortzen da.

Zer adin tarte izaten dute erabiltzaileek?
M.A. Gazteenak 25 urte ditu eta helduenak, berriz, 60 urte inguru.

Jarduerak antolatzerakoan, beraz, adin guztientzako modukoak izan beharko dute, ezta?
M.I. Bai. Eta horrekin batera erabiltzaile guztiek burutzeko modukoak diren ere pentsatu behar dugu.

Nolatan hasi zineten zuek boluntario moduan?
M.I. Pertsona batek eman zidan ekimenaren berri, eta parte hartzera animatu ninduen. Larunbat batean lotsati samar agertu nintzen, eta ordutik hor jarraitzen dut begirale moduan. Bi urte egin ditut dagoeneko eta luzaroan jarraitzeko asmoa daukat.
M.A. Nik begirale izateko ikastaro bat egin nuen, eta praktikak non egiteko bila nenbilela lagun batek eman zidan Txolarte programaren berri. Horrela hasi nintzen bertan praktikak burutzen. Bertan zeuden begiraleek ere oso ondo hartu ninduten, eta zer esanik ez Txolarten parte hartzen duten pertsonek, beste bat gehiago bezala hartu baininduten. Urte bat eta zertxobait gehiago daramat begirale moduan, eta horrela segitzeko asmoa dut.

Zer ematen dizue zuei Txolarteko begirale izateak?
M.I. Ematen dizuten maitasunak asko betetzen zaitu, eta baita duten eskertzeko moduak ere. Guretzat txikia izan daitekeena ematen diegu, eta beraientzat asko da hori, eta asko eskertzen dute. Eta horrek asko alaitzen zaitu.

Zenbat boluntario zarete?
M.I. Programari ekitean hamar boluntario hasi ziren, eta gaur egun, arrazoi desberdinak tarteko hainbat boluntariok jarraitu ezin izan dutenez, lau boluntario geratu gara. Ondorioz, astebururen batean gutako norbaitek ezin badu larri samar egoten gara behar bezala erantzuteko. Beraz, une honetan lagundu nahi duen herritarren beharrean gaude.

Begirale boluntario izateko zer ezaugarri edukitzea da garrantzitsua?
M.I. Pazientzia izatea aipatuko nuke, eta erabiltzaileek behar duten hori ematen jakitea.
M.A. Askok galdetzen dute ikasketarik behar ote den edo zer jakintza behar diren gu bezala begirale moduan aritzeko. Nik erantzuten diet bakoitzaren onena ematea nahikoa dela. Erabiltzaileekin egoten jakitea da garrantzitsua eta hori da beraiek baloratzen dutena. Beraiekin ondo pasa, gozatu eta zu zeu izan, hori da gakoa. Adinari begira, berriz, denetarik dago. Maider da gazteena eta 36 urteko beste begirale bat ere badago.

Boluntario eske zaudete. Animatu nahi duenak zer egin behar du?
M.I. Informazioa eskuratu nahi duenak www.atzegi.org webgunera jo dezake edota 943 423 942 telefono zenbakira deitu. Horrela lortu dezake informazio guztia ekimenaren inguruan eta begiraleen lanaren inguruan, eta begirale izateko eman beharreko pausoak ere horrela jakin daitezke.

Zuek nola animatuko zenukete jendea ekimen honetan boluntario moduan aritzeko?
M.A. Izaera kontua dela esango nuke nik. Zalantzaz dagoen horri esango nioke animatzeko, eta begiraleok ere hor gaude laguntzeko eta hasiera hori errazteko.
M.I. Gainera, banaka joateko aukeraz gain, binaka edo taldeka agertzeko aukera badago. Guk esku zabalik hartuko ditugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!