Zubimusu ixteak baditu bere ajeak

Jon Miranda Labaien 2016ko ots. 17a, 09:58

Oria ibaian uholde arriskua ekiditeko eta ur zikinak bideratzeko egokitu egingo dute Villabona eta Zizurkil arteko zubia. Horrek, ordea, ondorioak ekarri ditu inguruko komertzioetan eta trafikoan.

Udan hasi zituzten Villabonan ur zikinak bildu eta Adunako araztegira bideratzeko lanak. URA agentziak uholdeei aurre egiteko lanen bigarren fasearen lehen atala abiatu zuen orduan. Urtebeteko epean, Oria ibaiaren ibilgua zabaldu eta eskuineko ibaiertzean -Villabona aldean- ura bideratzeko horma berria egingo dute. Bestalde, zubiaren ur hustuketa ahalmena handituko da emariaren joanari enbarazurik egin ez diezaion. Horretarako, Zubimusu birmoldatu eta besteak beste, zubiaren ezkerreko begia nabarmen zabalduko da.

Lan horiek guztiak burutu ahal izateko, urtarrilaren 25etik erabat itxita dago Villabona eta Zizurkil lotzen dituen zubia, bai trafikoarentzat, baita oinezkoentzat ere. Sei hilabete iraungo dute lanek, «gauzak ondo bidean doazela». Obraren arduradunek azpimarratu dutenez, «faktore askori begiratu behar zaio, besteak beste, eguraldiari. Beste hainbat hodi pasa behar dira eta hirugarren eragile batzuen menpe ere bagaude».

Zubimusu itxita dagoen bitartean, hala ere, ahalik eta eragozpen gutxien sortzen saiatuko direla adierazi dute. Inguruko bizilagun eta merkatariak gustura daude langileen jarrerarekin.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailari atxikita dago URA agentzia eta hark bideratu ditu lanak -2,9 milioi euroko kostua izango dute-. Maite Amenabar, Zizurkilgo alkateordeak nabarmendu dunez, «bi herrietako udalok ez dugu obra honen gaineko eskumen zuzenik, baina saiatzen gara kalteak ahalik eta gehien gutxitzen. Bizilagunei, pazientzia eta barkamenak eskatu behar dizkiegu sortzen diren eragozpenengatik».

MERKATARIEN KEZKA

Oria ibaiaren bi aldeetara dauden saltokiek sumatzen dute gehien Zubimusuren itxiera. Garazi Dorronsorok zubiaren ondo ondoan du loradenda Zizurkilgo partean: «Guretzako kalte handia eragiten du obra honek eta eskertuko genuke udalaren aldetik babes handiagoa. Paso lekua da hau eta zubia ixten badute guk nabari dugu hori salmentetan. Horri nolabaiteko soluzioa eman beharko litzaioke».

Ibaiaren bestaldeko merkatariek ere onartzen dute lanak beharrezkoak direla, baina beherakada sumatzen dute euren negozioetan. «Oraindik ere krisia ez dago erabat gainditua, urteko sasoi hau ere ez da onena eta zubiaren itxiera gehituz gero, eragina du guzti horrek salmentetan». Oria merkatari elkarteko kideek aurretik ezaguna dute egoera hau: «Duela sei edo zazpi urte norabide bakarrera aldatu zuten trafikoa eta oinezkoentzat espaloiak jarri zituzten. Orduan ere zubia itxita egon zen eta komertzioek asko nabaritu genuen eragina».

TRAFIKOAN ALDAKETAK

Izan ere, Zubimusu ixtearekin batera, Asteasu, Larraul edo Zizurkildik datorrenak eta Villabonara sartu nahi duenak Adunako errotondaraino joan eta atzera egin behar du berriz ere herrigunera sartzeko.

Oria merkatari elkartekoek argi dute, «hainbesteko itzulia ematen du jendeak, behin puntu horretara iritsita berdin zaiola Villabonara sartu, Tolosarantz jo edo merkatal gune handi batera joan». Aparkaleku faltak ere atzeratzen du jendea merkatarien ustez.

Eusebio Lizarazu, Amasa-Villabonako udaltzainburuak azaldu duenez, beste alternatiba bat aztertzen aritu dira herrira sarbide bat ziurtatzeko, «baina ezinezkoa izan da». Zizurkilgo Ubare auzotik barrena trafikoa bi noranzkoetan bideratzea pentsatu zuten eta Sacemgo zubitik Villabonarako sarrera prestatu, «baina estuegia da Zubiberri hainbeste trafiko jasateko». Zubia itxita dagoenetik, Lizarazuren esanetan, ibilgailu gutxiago dabil Villabonan.

Alderantzizkoa gertatzen da Zizurkilen. «Zubimusu itxi dutenetik jende gehiagok uzten du autoa hemen eta oinez pasatzen da Villabonara. Aparkalekuak inoiz baino beteagoak dauzkagu herrian», dio Anjel Zubizarreta Zizurkilgo udaltzainburuak. Trafikoa ere ugaritu egin da nabarmen. «Norabide guztietara joateko bide bakarra daukagu: GI-3610 errepidea. Tolosara, Donostiara edo Villabonara bertara joateko bertatik pasa behar dugu derrigor. Zama izugarria jasaten duen bidea da Bulandegikoa».

Aspaldiko kezka dute inguru horretako bizilagun eta erabiltzaileek errepide horrekin. Egoera txarrean dago eta konpontzeko eskatu dute behin eta berriro. Udaletxean batzorde bat osatu dute gaia jorratzeko. «Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena da errepidea konpontzea. Zizurkilgo Udalak ahaleginak egin ditu eta aurreneko konpromiso bat lortu du. Urte honen amaierarako edo hurrengoaren hasierarako lanak hastea espero dugu», dio Amenabarrek.

BIGARREN FASERAKO ESKAERA

Ez da Zizurkilgo Udalak egiten duen eskaera bakarra. Villabonako aldean egiten ari diren lanak bukatzearekin batera, bigarren atalari hasiera ematea eskatu dute. «Asteasutik datorren errekaren bidea zabaldu beharra dago. Guretzako presazko interbentzioa da, Aurrerako inguru horretan uholde arrisku handia dugulako». 10 milioitik gorako gastua izango lukete lan horiek eta oraindik ez diote datarik jarri.

2011ko azaroan izan zituzten azken uholdeak Zizurkilen eta aldi hartan ura sartu zen Zubi auto eskolan. Oria ibaiaren kontra dagoen Benta Txuri etxean du egoitza eskolak eta orain, Zubimusun egiten ari diren lanengatik tokiz aldatu behar izan dute. Behin behineko lokala egokitu dute Aurrera plazan. Udalak laguntza eskaini dio auto eskolari egoitza berria bilatu eta alokairua ordaintzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!