Beste trago txar bat Bastidan

Tolosaldeko Ataria 2016ko ots. 13a, 14:00

Aurtengoa ez da izango Jokin Altunaren txapelketa. Arabako errioxa aldean, Bastidako frontoi berrian, jokatu dute Merino II eta amezketarrak partida erabakigarria eta hantxe geratu dira txapelketako hurrengo errondara igarotzeko aukera apurrak 22-19 galdu eta gero Victor eta Beroizen aurka. Etorkizunekoen txapelketako lehen partidak eman zion hasiera jaialdiari; Olaetxea lizartzarra gailendu zitzaion Tolosa anoetarrari, 22 eta 21.

Tolosan bukatu bezala eman dio hasiera partidari Jokinek. Berak egin du lehen tantoa ezker horman luze moztuta. Tolosan bezala orduan jarri dira aurretik lehen eta azken aldiz, lehen tantoan. Bera arduratu da sakea luzegi atera eta abantaila zapuzteaz. Partidak bide horretatik jarraitu du, eta batean asmatu orduko bitan huts egiten zuten galtzaileek. Hala, 17-8 ari ziren galtzen aurkariek aparteko ezer egin gabe. Tarte horretan, lau tanto egin baditu ere, bederatzi pilota galdu ditu Jokinek. Bere jokoa ez zen ezagutzeko modukoa. Ez gaude ohituak Altuna kokilduta eta huts nabarmenak egiten ikustera.

Tira, hutsak ez diraJokinenak bakarrik izan. Victorrek berak ere bazituen lau galduak, eta bi atzelariek ere bai bat edo beste. Partida kazkarra ikusten ari ginen. Pilotalekuak ere ez zuen laguntzen, berria eta gutxi erabilia, zoruan eta ezker-horman irteera zelebre gehitxo egiten zituen pilotak. Ez zegoen erraz-erraza ondo jokatzen

Une honetatik aurrera askoz ezagunagoa egin zaigun Jokin Altuna ikusten hasi gara eta tanto bikain mordoxka eskaini dizkigu. Partida amaitua zegoela zirudienean hasi dira urdinak, Tolosan bezala kolore hau zegokien, beraiengandik espero den jokoaren antzekoa egiten: Merino atzeko kuadroetan agintzen eta amezketarra errematatzen. Horretaz gain, Jokin kementsua, oldartua, ikusten hasi gara eta partida beste dinamika batean sartu da. Hemeretzina (19-19) egin dute, eta gorrien bi tantoak Jokinek ezker gantxoz jotako bi txapa izan dira, bata txokora bestea zabalera, tanto izatekoak.

Bazirudien hautsi zela dinamika gaiztoa. Baina ez. Aipatutako bi txapa horiek aurreratu duten zorte txarra-edo etorri da gero. Ondoen jokatzen ari zirenean, tantoa erabat mendean, Victorren itxumustuan gaizki jotako bolea juxtu-juxtu erori da txapa gainera, hau gainera, eta boterik ere ez du egin hartu duen defektu okerrarekin. Horrek eman die hogeigarrena gorriei. Hogeita batgarrena Merinok txapapera bota duen pilota beretzat errazak. Hogeita bigarrena partidu osoena egin duen pilotariak egin du, Beroizek, eskuineko puntara ñakua bikain boteaz. Akabo! Trago txar bat mama goxoaren lurretan.

Ahalik eta txukunen bukatu aurtengo txapelketa hau eta hurrengoaren zain lanean jarraitzea besterik ez da geratzen, ez dago eta zalantzarik mutil honentzat hurrengoak izango direla.

Ea igandean alegiarrak, Artolak, irabaztea lortzen duen Oñatin, hurrengo faserako urratsa ematea lortzen duen  eta gaurko zapore garraztua gozatzen zaigun apur bat.

Etorkizuneko Txapelketako lehen puntua Olaetxea eta Larunberentzat.

Gorka-Tolosa eta Olaetxea-Larunberen arteko partidak eman dio hasiera "Etorkizunekoen" txapelketari. Lizartzarra gailendu zaio anoetarrari, tanto batengatik, 22-21. Partidak emozioa eta bukaera aldera joko ona izan du. Zaharrena, Olaetxea, nabarmendu behar da. 17-20 joan dira galtzen irabazleak eta erabakiorra izan da lizartzarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!