Bigarren Gerra Karlistaren kronika Tolosaldean (III): Partiden mamua, eta Santa Cruzen itzala (1872-1873)

Asier Artola 2016ko ots. 13a, 10:30
Orokietako bataila.

Altxamendu karlistaren zurrumurruak eta saiakerak 1872. urtea baino lehenagotik ere bazetozen. 1869n karlistak Azpeitian matxinatu zirenaren zurrumurruak Tolosako errepublikarrak Askatasunaren Boluntarioetan antolatzea eta haien atzetik ateratzea eragin zuen. 

1870. urteko abuztuan, Santa Cruz apaizak autoritateen jazarpenetik ihesi Hernialdetik alde egin zuen urte berean, Gasteizen edota Azpeitian egin ziren saiakerak, baina arrakastarik gabe. 1872an prentsara igorritako gutun batek zihoenez, baziren «bi urte kleroa herrialde hau lantzen ari dela» bertako biztanleak gerrara mobilizatzeko. Bigarren karlistadaren kronologia 1872tik 1876ra artean kontsideratzen bada ere, gora-behera, etenaldi eta aldaketa esanguratsuko lau urte izan ziren.

1872ko apirilean Espainiako Kongresurako hauteskundeak ospatzen ziren. Putxerazoen eta hauteskunde faltsutzeen garai hartan ordea, agintean ziren gobernariek emaitzak manipulatu zituzten karlistek behar baino eserleku gutxiago eskuratzeko. Egunkari liberal batek, iruzurrarekin haserre, «ez diezaiegun aitzakiarik eman karlistei» oihukatu zuen, baina berandu zen. Altxamendua prest zegoen eta hauteskundeak izan ziren, hain justu, aitzakia.

Gutxi balio izan zuten karlistek berak ere manipulazioetan parte hartu izanaren salaketek (Tolosan bazkaria eta hogei pezeta eman omen zizkien karlistek bozka emaile bakoitzari), borrokaren baliabideak aldatu baitziren, politikatik gerrara. Hala ere inprentak ez ziren geldituko. Bertso paper propagandistikoen halako produkziorik apenas gutxi ikusi da ordutik euskal historian. Han-hemenkako partiden mamuak seinalatzen zituen prentsak. Hauxe izan zen gerraren lehen zati honen ezaugarririk behinena Tolosaldean.

Partida karlistetan, gerrillen gerretan, oinarritutako gatazka. Bigarren fase batean, jada 1873tik aurrera, etorriko ziren bataila handiak, setioak eta konkistak. Baina 1872an gerrillen soinua entzuten zen, eta Tolosatik ez oso gertu, Ataun aldetik etorri ziren lehen berriak. Dorronsoro jauntxoaren inguruan antolaturik 3.000 pertsona inguru omen zeuden, eta hauekin piztu ziren lehen gatazkak. Tolosako hirigunean liberal boluntario partidak antolatu ziren herria defendatzeko, Lizartzan edo Amezketan bezala. Ataundik, Lazkaotik, Ordiziatik, karlisten partiden berriak iritsiko ziren.

Partiden estrategiarekin beste logika militar batzuetarako prestaturiko ejertzito gubernamentalari arazo handia sortzen zitzaion. Han-hemenka joan ziren gerrilla hauek agertzen, apaizen ekimen handiaren fruitu dirudienez. Leku guztietan, eta inon ez. Kolpe bakar eta gogorrik ezin eman gatazka amaitzeko, gobernu indarren aldetik. Albizturren eta Tolosan ere antolatu ziren talde karlistak. Tolosara hurbildu eta bertako udala errazioak ematera behartu zuten. Telegrafoetan ebaketak egin zituzten. Andoain eta Tolosa arteko trenbidea apurtua izan zen. Ekintza hauen esangura nabariago egiten da garai haietan komunikabide hauek Frantziarekin komunikatzeko ia bi modu bakarrak zirela kontuan hartzen badugu. Eskualde hau ardatz garrantzitsua zen bi bandoentzat, eta bere kontrola pisu handiko kapital estrategikoa. Gobernuaren alde borrokatzen zuten mikeleteak berriz ez omen ziren aski egoera kontrolpean mantentzeko. Baina altxamendua apirilean hasi bazen, maiatzaren hasieran jada bere gainbehera ezagutuko zuen, Orokietako batailan Nafarroa) Don Carlosen tropek porrot egin eta ia-ia bera ere preso hartua izan zenean. Muga gurutzatu behar izan zuen berriro ere. Tropa karlistek kolpe esanguratsua hartu zuten, eta hilabetea bukatu baino lehen Zornotzako Konbenioa sinatuko zuten karlistek eta liberalek, gerrari amaiera emanez. Honela karlista preso guztiei indultua ematen zitzaien, eta karlistekin borrokatu zuten militarrek ejertzitoan lekua izan zezaketen, berriro ere altxamendu bati ez ekitekotan. 1872ko lehen saiakera karlistaren azkena hau izan zen. Eta amaiera ez zitzaien ez batzuei, ez besteei, gustatu (Gobernu presidenteak dimisioa aurkeztu zuen; sinatzaile karlistak traidoretzat hartu ziren).

Abenduaren 18rarte ez zen berritasun handiegirik izango. Gerra ez birsortzeko saiakeretan aritu ziren Tolosan batzartutako juntak, hala nola kongregazio erlijiosoak, edo urte horietan sortutako erakunde berriak kontrolatu nahian. Apaizak agente probokatzailetzat hartu zituztenez (halako punturaino hartu zuten parte altxamendua ezen hilabete hortan ia parrokia guztiak apaizez hutsik geratu ziren) hauek kargutik kendu eta klero fidelarekin betetzeko asmoa hartu zuten autoritate foralek. Garaipenaren euforia zabaldu zen, baina aldi berean indar gubernamentalak berrantolatzen hasi ziren. Tolosan errepublikarrek izan zuten iniziatibarik handiena horretan, Eguia Samiña izeneko egunkaria ere sortuz euren ideiak hedatzeko. Egunkarietan karlisten gutunak agertzen hasi ziren, berriro ere antolatzen ari zirela esanaz. Uztail aldera partidak ikusi omen zituzten Tolosa aldean. Abenduaren hasieran berriro ere trenbideak moztu zituzten inguru hauetan. Abenduaren 18rako zuten altxamendu abisua emana karlistek.

1873ko urtarrilean famatuko zen Santa Cruz apaiza Espainiako prentsan, Anoetako Rafael Francisco Otamendi Jacas alkate liberalaren hilketagatik. Hautatu berria zen, orduko ohiturari jarraiki, urte hasieran egiten baitzen alkatearen hautaketa. Berastegiarra jaiotzez, ganadu tratantea, Anoetako familia garrantzitsu batean sartu zen Munitatarren alabarekin ezkondu zenean. Askotan izan zen Anoetaren ordezkari Batzar Nagusietan, eta dantzari fina agintariek dantza protokolarioa egiten zutenean. Ameriketan fortuna egina gaztetan, handik itzulitakoei egozten zitzaizkien haize berriak egozten omen zizkioten anoetarrek. Anoetan orduan beste familia bat zen gailentzen zena, Gaiztarrotarrena. Juan Jose, sagardo tratantea, alkate izana, eta bando karlistaren burua. Bere anaia Jose Ramon herriko parrokoa. Autoritate handia zuten anoetarrengan, «euren errespetagarritasunagatik eta haziendagatik», esango zuen anoetar batek handik urte batzuetara. Autoritate erlijioso eta politikoaz gain, baserriak ere bazituzten Anoetan, eta euren maizterren gaineko boterea ere ezin genezake ahaztu, edo sagardo merkataritzan hedatutako sareak. Jakas familia honen aurrez aurre eta Anoetako bando liberalaren buru ezarri zen. Tolosan oso ezaguna omen zen, eta bertan zentroa zuten liberalekin harremanak zituen. Bere aktibitate ekonomikoen ondorio, kontaktu handiak omen zituen inguruetan. Anoetako biztanleriaren zati handiena karlistekin lerratzen bazen ere, esku hartze gubernamentalen ondorio Anoetako alkate izatea lortu zuen 1873an. Gerraren testuinguruan, liberalen espiatzat salatu zuten karlistek, eta Tolosako liberalek ere espiatzat zuten euren dokumentuetan.

Hilaren 12an batzuen arabera, 13an beste batzuen ustez, Zaldibiren tabernatik ateratzen aurkitu zuten Santa Cruzek eta beste lau partidakidek Jacas. Loturik, Alkizarako bidea hartu zuten Santa Cruzen lau mutilek, berak beste norabide bat hartuta. Buztiñaga etxearen aurretik igarotzen ari zirela Jacas-ek uko egin zion aurrera jarraitzeari, oihuka hasi zen. Etxe hartako kideak, Gaiztarrotarrak, ohartarazi nahi zituen. Karlistek ordea han bertan afusilatu zuten. Apaiz Gaiztarrotarra atera zen azken sakramentuak emate harren hilzorian zen alkateari, eta hala topatu omen zuten Tolosatik etorri ziren liberalek. Errepresalian, apaiza, honen anaia, honen Klaudio semea, parrokiako benefiziadu alkizarra eta herriko maisua hartu eta Tolosara eraman zituzten. Tolosako kaleetan, soldaduek batzuen arabera, Tolosako herri haserretuak beste batzuen ustez, labankadaka hil zuten Anoetako parrokoa. Hamarkadetan oroituko zituen Anoeta eta Tolosa Madrilgo prentsak, lehena basakeria karlistaren adibide, bigarrena basakeria liberalaren etsenplu. Gerra fase berri batean sartzen ari zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!