Gutuna: ‘Oso latza izan da’. Torturaren egia, itzaletik argira

Peio Olano eta Haimar Altuna 2016ko ots. 12a, 10:22

Hiru hamarkada luze Joxe Arregi Zizurkildarra tortura latzen ondorioz eraila izan zela. Hiru hamarkada luze estatuaren bortizkeriaren ondorioz ehunaka, milaka gizon-emakumeek tortura jasaten joan direnak. Tolosaldean ere aurpegiak jartzen dizkiegu lagun guzti hauei.

Guzti honek gerra estrategia bati erantzun dio. Euskal independentismoa zapuzteko estrategiari. Estrategia horrek herri honen askatasun egarria itotzea eta giza eskubideak modu bortitzez txikitzea zuen helburu.

Tortura Estatuaren tresna izan da Euskal Herriaren kontra, Euskal Herria bere etorkizunaren jabe izan ez dadin. Tortura ez da Estatuaren indar polizialen baitan kokatutako elementu isolatu eta inkontrolatu batzuen portaera. Estatu espainiarrak tortura sistematikoki erabili izan du Euskal Herriaren eta euskal independentisten aurka.

Torturaren erabilpena ohikoa izan da bortxaren monopolioa izan duten estatuen aldetik modu sistematikoan. Torturaren erabilpena ez da gertatu askotan esan zaigun bezala zerbitzari publiko okerren batek bere kaxa modu ankerrean jokatzea erabaki duelako, tortura sistematikoki erabili da independentisten kontra bi helburu nagusirekin, bata atxilotuei egin nahi ez dituzten aitorpenak ateratzeko eta bigarrena atxilotuari berari eta ingurukoei izugarrizko beldurra sortzeko, jakin dezaten noraino iristeko prest dauden disidentziaren kontra “zuzenbide Estatuaren” defentsan.

Kolore guztietako gobernuek babesa eman diote torturaren praktikari. Kolore guztietako gobernuek poliziari, Guardia Zibilari eta Ertzaintzari bide eman diote tortura erabiltzeko eta kasu gehienetan komunikabideek ere bestaldera begiratu dute tortura kasuak isilaraziz. Estatu espainiarrean Estatu itunak sinatu dira (Moncloa, Ajuria Enea) politikoki bide eman diotenak torturari eta itun horietan PP eta PSOE egon dira baina baita PNV ere.

Asko izan dira torturari bide egin diotenak, baina torturak babesa aurkitu du bereziki salbuespenezko legedi antiterroristetan eta hauek posible egiten zuten inkomunikazioan. Hauekin bukatu beharra dago tortura desagerrarazteko.

Herri honetan bizikidetza benetako helburua baldin bada, egia ezagutu behar da. Zer gertatu zen, nork torturatu zuen nor, ardurak non dauden. Hori guztia jakin beharra dago, egia ezagutzeko eskubidea dugulako, biktimekiko errespetuagatik eta etorkizuna gertatutakoaren ezagutzaren gainean eraiki ahal izateko, bestela ez da bizikidetza erreala helduko.

Indar polizial zehatz batzuk izan dira torturaren aitzindariak; indar horiek ez daude hemen gu babesteko edota demokrazia ekartzeko; orain arte behintzat hemen daude tortura erabiltzeko, eredu espainola inposatzeko eta euskaldunak inoiz gure etorkizunaren jabe izan ez gaitezen armen bidez etengabe mehatxatzeko. Ez ditugu nahi, ez ditugu behar. Beraien armak euskal gatazkatik desagertzea nahi dugu, desagertu daitezela gure herritik baita bereziki polizia eta guardia zibilarenak. Alde hemendik, eta ez bueltatzeko, betirako!

Larunbat honetan urtero bezala Zizurkilen bilduko gara (13:00etan Joxe Arregi plazan) guzti honetaz gogoeta egin eta torturaren egia itzaletik argira ateratzeko.

Peio Olano eta Haimar Altuna
Ezker Abertzaleko kideak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!