Ezker abertzaleak espetxe martxan parte hartzera deitu ditu herritarrak

Tolosaldeko Ataria 2016ko ots. 10a, 20:19

Abian prozesua landu du ezker abertzaleak azken hilabeteetan eta lehen fasean jasotako ekarpenekin landutako txostena Espainia eta Portugaleko espetxe guztietara zabalduko dute, euskal preso politikoek ere eztabaidan parte har dezaten. Tolosaldeko herritarrak Huelvako espetxera joango dira otsailaren 20an. Han daukate Karlos Besance billabonatarra

Azaroaren 7an eztabaida martxan jarri zuenetik ahalik eta parte hartze handiena bilatzen saiatu da ezker abertzalea, "horretarako militante oro ahaldundu eta eztabaidarako aktibo izanik". Prozesuaren lehen fasea, entzute eta harreman fasea izan da eta 9.000 pertsonen iritziak jaso dituzte herriz herri antolatu dituzte Abian taldeei esker. Tartean, euskal preso politikoen ekarpenak ere bildu dituzte.

Zutik Euskal Herria ebazpenetik hona jasotako balantzea, egungo egoeraren analisia, etorkizunera begirako estrategia eta ezker abertzaleak behar duen antolakuntza eta militantzia ereduaren inguruan jasotako ekarpen guztiekin txosten bat osatu dute. Abian prozesuaren baitako bigarren faserako oinarria izango da txostena eta eztabaida zabaltzea izango du helburu.

"Erronka honek parte hartze zabal eta emankorra eskatzen du, hortaz, bere burua ezker abertzalekotzat duen pertsona oro bildu nahi dugu, Euskal Herria askatasunera eramango duen bidea adosteko". Tolosaldeko herri guztiek eztabaidan parte hartzeko aukera izango dute apirila bitartean ospatuko diren batzar ezberdinetan.

Euskal preso politikoen ekarpena

Abian prozesua euskal preso politikoengana iristea "ezinbestekotzat" jo du ezker abertzaleak, "beraiek egin beharreko ekarpena gainontzeko guztiok egingo duguna bezain baliotsua denez, gure esku dagoen guztia egingo dugu eztabaida berme guztiekin egin dezaten eta haien ekarpenak jasoak izan daitezen". Aurrera begira, hori du erronka nagusienetako bat ezker abertzaleak. Horretarako, "lehen fasean jasotako iritziak biltzen dituen txostena euskal preso politikoen esku uzteko" antolatu ditu espetxeetarako martxak otsailaren 20an. 

Eskualde bakoitzari espetxe ezberdinak izendatu dizkiete eta Tolosaldeko herritarrei Huelvako espetxerako martxan parte hartzea eskatu diete. Han daukate preso Karlos Besance billabonatarra. Gaur egun, eskualdean dozena bat herritar dago espetxean: Ana Belen Egues elduaindarra, Andoni Goikoetxea gazteluarra, Andoni Otegi leaburuarra, Maite Aranalde ibartarra, Aitor Agirrebarrena eta Garikoitz Etxeberria lizartzarrak, Manex Castro, Iñigo Guridi, Emilio Salaberria eta Oskar Zelarain billabonatarrak eta Luis Iruretagoiena Suni tolosarra. Ezker abertzaleak guztien parte hartzea bultzatuko du Abian prozesuaren bigarren fasean, eztabaida fasean.

"Presondegietan eztabaida behar den bezala eman dadin, dispertsio eta sakabanaketak eragindako baldintzak salatu eta euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzea izango da martxaren helburua", Tolosaldeko ezker abertzaleko kideek aipatu dutenez. Eskualdeko herrietatik autobusak antolatu dira eta bonoak aterako dira 10 eurotan autobus guztien ordainketa egiteko. Espetxeetako martxa honetan "parte aktibo bilakatzeko deia" luzatu die ezker abertzleak Tolosaldeko herritar guztiei, "bakoitzak ahal duen moduan". Zifra bat ere eman dute: "astebururo-astebururo gure eskualdeko presoen senide eta lagunek ia 10.000 kilometro egiten dituzte euren senideak bisitatzeko".

Otsailaren 27an, "ezker abertzaleko militante guztiek elkarrekin hausnartu, hitz egin, entzun eta eztabaidatzeko" abiatuko da Abian prozesuaren bigarren fasea herriz herri antolatuko diren batzarrekin.

Esti Amenabarro, Tolosaldeko ezker abertzaleko kideak hitz egin du Villabonako Berdura plazan egindako agerraldian:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!