Milioi erdi euroko inbertsioa egingo dute Enirio-Aralarren

Tolosaldeko Ataria 2016ko ots. 2a, 12:35
Enirio-Aralar Mankomunitateko ez-ohiko batzarrean parte hartu zuten ordezkariak.

Ez-ohiko batzarra egin du Enirio-Aralar Mankomunitateak eta, besteak beste, Amezketa eta Abaltzisketa ordezkatuta dauden batzorde iraunkor bat sortzea erabaki dute.

Eniro-Aralarko Mankomunitatearen ez-ohiko batzarra egin berri dute Ordiziako Barrena jauregian. Batzarrak bi helburu nagusi izan ditu: Batetik, ganaduzale eta artzainei mankomunitatearen antolakuntza azaltzea, eta bestetik, larre erabiltzaile hauekin lantalde bat osatzea, hauen beharrak zeintzuk diren identifikatu eta jasotzeko. Horren harira, 517.000 euroko inbertsioa egingo da Enirio-Aralar Mankomunitatean.

 Ganaduzale eta artzainek beraien beharrak eta eskaerak plazaratu zituzten batzarrean. Besteak beste: larreen hobetzeak, ur horniduren asetzea, txaboletan konponketak, itxiturak egitea, abereen gaixotasunak ekiditea eta, batez ere, mendi bideen falta. Mendien egoera ere ona ez dela adierazi zuten batzarrean. Artzainek mendian lan egiten dute eta mendiko txabolen erdiak biderik ez izateak euren eginbeharra eragozten duela azaldu zuten.

Urtarrilaren 2an, egoera guzti hori ezagutzeko mendi ibilaldia antolatu zen mankomunitateko eta aldundiko ordezkari batzuekin batera. 2016. urtean zehar aurretik aipatutako arazo horiei aurre egiteko 317.000 euroko hitzarmena sinatu zen duela gutxi bi erakundeen artean. Diru laguntza horrekin Enirio eta Astarten bi txabola berri eraikiko dira eta Goroskintxun bide berri bat egingo da.

Batzorde iraunkorra
Hitzarmen berezi horretaz gain, 2015. urte bukaeran, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016. urtean zehar mankomunitatearen inbertsioetarako 200.000 euroko diru laguntza bat onartu zuen. Bi diru laguntza horiekin, hau da, 517.000 euroko funtsarekin, gauzatuko diren proiektuak gainbegiratzeaz arduratuko da mankomunitatearen batzorde iraunkor berria.

Hain justu, hori izan da ez-ohiko batzarraren erabakietako bat, Enirio-Aralar Mankomunitateak batzorde iraunkor bat sortzea. Bertan Gipuzkoako Foru Aldundia eta bost herriren ordezkariak daude. Mendiarekin muga egiten duten lau herri sartuta dauden, hau da, Ataun, Zaldibia, Abaltzisketa eta Amezketa, eta horiez gain Ordizia, herri horretako alkatea baita mankomunitateko presidentea.

Ez-ohiko batzarrean mankomunitateko kideak diren hamabost herrietako ordezkariak, Foru Aldundiko bi zuzendariekin batera, ganaduzale eta artzainekin bildu dira. Hamabost  herri horietatik hamar Goierrikoak dira: Ordizia –mankomunitateko lehendakaritza duena–, Beasain, Lazkao, Arama, Altzaga, Itsasondo, Legorreta, Ataun, Zaldibia eta Gaintza. Beste bost herriak Tolosaldekoak dira: Amezketa –lehendakaritza ordea duena–, Abaltzisketa, Orendain, Baliarrain eta Ikaztegieta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!