Oinarrizko kanpamendua zain dugu. Maindire zuriak eta haragi-bola goxoak. Vuelve a casa, vuelve Inauterietan. Abaltzisketa, Amezketa, Berastegi eta Lizartzakoen atzetik, planeta osoko Inauteririk ederrenak dira Tolosakoak. Beraz, maletak utzi eta abenturara.
Akabo. Bost egunez mundua geratu egingo da. Egin kasu iragarpenari, gaur giro ona eta bihar hobea. A zer pagotxa gurea! Egunez hamaika astronauta ikusteko gaude. Gauez estralurtarrak gehiago, izarren arrastoan.
Esne bidetik lurrera bueltan, basamortu erdian oasi izango dira gutako askorentzat datozen egunak. Arnasaldia, poza. Festa, dantza, parranda, eta askoz gehiago. Beste norbait izateko parada. Edo urte guztian gorde-gordea dugun gure benetako «ni»-a ateratzeko momentua. Zer garen galdetzeari utzi eta zertaz goazen galdetzen digute; bada aldea. Argi baduzu, zorionekoa zu. Aldez aurretik mozorro guztiak eginerrazak zaizkigu, baina hasi orduko, to! Eguna gainean eta nahi eta ezina soinean. Ispiluaren aurrean 15 segundoko gatazka existentziala. Urtero berdin! Datorren urtean lehenago hasiko gara, ados. Baina orain, dagoenarekin bonbon. Peluka atzekoz aurrera jantzi eta kalera. Piura honekin? Beharko. Hala ere, bakarrik baino taldean nahiago. Auzo-lotsa, a ze lotsa. Bale, konforme. Tolosarrak ez garenoi antzeman egiten zaigu, eta zer? Izan kamaleoi ala izan sugandila, hortxe dago koska. Ikusi, bestela, Zaldunita eguneko Diana, kamaleoien tuna, sugandilak ohean harrapatzen gaituena. Astelehenita, berriz, gehiago da tarteko eguna, goizean goiz hasi eta ordu txikitan bukatu. Eta asteartean, ai ene bada, koherentzia txokolate berotan urtu eta pattar zezenaren bueltan bukatu baietz, aurten ere.
Ostegun gizen eta ostiral mehe isilik gorde ditut. Agur bana biei. Aurten ere berrituko ditugu koloretako buzoak, txistorra festa eta lantokiak hustuz Rondilla kalean antolatzen diren manifa inprobisatuak.
Eta txispun! Honaino nik esan beharrekoak. Hemen da txaranga eta goazen. Baina joan aurretik esango dizuet aurten zertaz noan: sardineraz, igerilariz, akrobataz… tira, auskalo. Pailazoarena beti gertu, badaezpada, astroak gurutzatuta ere.
Orain bai, banoa, baina azken apunte bat, izan zu zeu edo izan nahi duzuna, izan libre, baina gogoan izan, zure askatasunak parekoaren hitza duela muga.
Ondo pasa, mahaspasa!