Jakina da Tolosako azoka hamaika produktu aurkitzeko plaza paregabea dela. Ekoizle eta baserritarrekin zuzeneko harremana sortzeko eta salerosketan jarduteko gunea izateaz aparte, kalitatezko produktuak prezio erakargarrian izaten dira larunbatero eskura Zerkausian eta Berdura plazan.
Zerkausiko babesean, garaian garaiko produktuak saltzen dituzte ekoizle eta saltzaileek. Berdura plaza, aldiz, landare eta loreen boutique-a da askorentzat larunbatero. Gure inguruko mendiak janzten dituzten zuhaitzak aurkitzeko eta erosteko, ordea, Atari kalera joan beharra dago.
Zerkausia eta Rondilla kaleak perpendikularki lotzen dituen kalea da Atari, duela urte batzuk Atadi izenpetua. Tolosako Kultur Etxearen atzealdean, lauzpabost postu izaten dira zuhaitzekin eta saltzaile horietatik bi tolosaldearrak dira. Hilabeteko bigarren eta laugarren asteetako larunbatetan izaten dira bertan, 08:00etatik 14:00etara bitarte.
Joxe Ramon Urkizu anoetarra eta Joxe Mari Lasa albizturtarra dira Atari kalean izaten diren eskualdeko zuhaitz saltzaileak. Beraiek eskaintzen dituzten zuhaitzen artean fruitu arbolak eta baso-zuhaitzak daude. Urtarrilean hasi eta martxora bitarte izaten dira kalearen ertzean, zuhaitz guztiak ikusgai eta landatzeko prest dituztela.
Garai bateko salmentekin alderatuz, gaur egun fruitu arbolak gehiago saltzen direla dio Urkizuk, «hala ere, gutxiago edo gehiago, baina baso-zuhaitzak ere izaten ditugu». Azoketan geroz eta gutxiago saltzen omen da azken zuhaitz mota hori baina hala ere, dituztenak ekarri egiten dituzte, «gutxienez erakusteko». Lasak berriz, pinazeoen familiako izeia saltzen du gehien.
Mota askotako fruitu-arbolak dira gehien saltzen direnak. Urkizuren esanetan sagarrondoa, udareondoa, gereziondoa eta intxaurrondoa izaten dira fruitu-arboletan ohikoenak eta gehien saltzen direnak. Joxe Mari Lasak, aldiz, pinu mota desberdinak saltzen dihardu.
Hemezortzi urterekin hasi zen Joxe Ramon Urkizu zuhaitzak saltzen eta dagoeneko 30 egin ditu lan horretan. Garai batean, larunbataz gain, astelehenetan ere izaten zen Tolosako azokan, baina badira urte batzuk dagoeneko asteleheneko hitzorduetara etortzeari utzi ziola. Beren lana «gogorra» dela dio Urkizuk. «Neguko lan guztiak gogorrak izaten dira; hotza egiten duenean hotza egiten duelako, elurra egiten duenean elurra delako... eta euriarekin ere gogorra egiten da. Beti badugu aitzakiaren bat» azaltzen du Anoetako saltzaileak.
Joxe Mari Lasak hogei urte daramatza lan honetan. Orain, ordea, uzteko asmoa du albizturtarrak, «landare gutxi dago, landarezale gutxiago ere bai eta saltzaileak ere geroz eta gutxiago gara». Erosle gazte gutxi azaltzen da zuhaitzak erostera Lasaren esanetan eta jende heldua gerturatzea ohikoagoa izaten da bere postuan behintzat: «Badira gazte batzuk azaltzen direnak, baina adinean heldua den jendea da gure eroslea normalean».
Bi saltzaileen arabera, fruitu arbolen eta baso-zuhaitzen ohiko eroslea 30 urtetan ikaragarri aldatu da, baserria eta baserritarrak bezalaxe. Lehen, mendiko zuhaitzak baserritarrak berak aldatzen zituen eta fruitu arbolak ere bai. Urkizuk azaldutakoaren arabera, gaur egun ohikoagoa da, lan asko bada behintzat, enpresaren bati ematea eginbehar horien ardura.
Azokan gutxi saltzen dela dio Lasak eta gehienetan azokan zuhaitzak enkarguz eskatzen dituztela. «Gaurko egunean jendeak ez du denborarik zuhaitzak landatzeko eta kanpoko landatzaileekin egiten dituzte landatzeak». Gainera, azokan erositako zuhaitzak berehala landatu behar dira. Horregatik, eta Urkizuk esandakoak berretsiz, gaur egun lan gehien horrela egiten dela argitzen du saltzaile albizturtarrak.
Hain zuzen ere, gaur egun saltzen dituzten zuhaitzen %10a da gehienez partikularren eskuetan amaitzen duena Joxe Ramon Urkizuren arabera. Gainerako guztia enpresei saltzen diete. Hori ere denboraren poderioz aldatu omen da, garai batean zifren ordena alderantzizkoa baitzen. Lasaren esanetan, «duela urte batzuk dena azokan saltzen zen eta guztia azokatik ematen zen. Gaur egun mandatu bidez erosten da gehienbat».
Etorkizunari begira ezkorra da Urkizu. Ohiturak eta gizartea aldatu direla dio eta zaila ikusten du lehengora bueltatzea. «Geroz eta gutxiago saltzen da, kultura eta herriak aldatzen ari dira. Herrira kotxean sartzea arazo bat da gaur egun, eta errazagoa da mintegira joan eta bertan erostea» azaltzen du.
Bitartean, eta udaberria hasi bitarte, Tolosako azokak beste plaza bat du larunbatetan zuhaitzei eskainia. Garaian garaiko produktuen plaza baita Tolosako azoka, baita zuhaitzen kasuan ere.
LANDARE AZOKA
Non. Tolosako Atari kalean.
Ordua. 08:00etatik 14:00etara.
Noiz. Apirila bitartean, hilabete bakoitzeko bigarren eta laugarren larunbatetan.
Saltzaileak
Bittor Lasa (Albiztur)
Jose Urkizu (Anoeta)
Justo Dorronsoro (Ataun)
Felix Arakama (Zegama)