Mozorroak prestatu eta festara kalera irtetzeko garaia iritsi da

Maier Ugartemendia 2016ko urt. 27a, 10:06
Irudian, iazko Lizartzako inauterietako momentu bat

Lizartzarrek eta berastegiarrek asteburu honetan ospatuko dituzte inauteriak; mozorroak eta kalejirak ez dira faltako eskualdeko bi herrietan

Lizartzarrak izan ziren inauterien festa zoroan barneratzen lehenak, eta asteburu honetan berastegiarrak ere batuko zaizkie ospakizun horretara. Bi herrietan izango dira protagonista mozorroak eta jai giroa.

Esan bezala, lizartzarrak aurreko asteburuan eman zieten hasiera festei eta orain berastegiarrek ere «gogoz» ekingo diete Mirari Saizar, kultura zinegotziaren esanetan. Inauteri aurreko «giro polit hori» herrian jada nabari dela dio.

Lizartzan bezala, Berastegin ere duela dozena bat urte berreskuratu zuten berriro ospakizun hori, «faltan botatzen» zituztelako, eta Aldin kultur elkartea izan zen horren arduradun. Urte batzuetan berriro ere desagertu egin ziren, antolakuntza lanetarako «jendea gutxitu» egin zelako, baina berriro ekitea erabaki zen «oso festa polita» delako eta herriarentzat ere «aberasgarria» dela uste dutelako.

Herritarrek modu positiboan jasotzea nabaria da urtez urte «geroz eta jende gehiagok» parte hartzen duela inauterietan.

Ostiralean eta larunbatean izango dira inauteriak Berastegin. Lehen egunean herriko txikienak izango dira protagonista nagusiak, baina aurten egun horretarako ere berrikuntza bat prestatuta dute. Aurten euskal dantzen ikastaroa eskaini du Aiko dantza taldeak herrian, eta hortik sortu da inauterietarako proposamen hori.

Larunbatean, berriz, «herritar guztiengana» zabalduko dute programazioa. Esaterako, herri bazkarian aurten 120 pertsona inguru biltzea aurreikusten dute, haur eta heldu. Herritar guztiek mozorrotuta ibiltzeko aukera zabala izango dute egun guztian.

Berastegiko inauteriak ezagutzeko gonbita ere egin du Saizarrek. Bertara gerturatzen direnak «ondo» hartuko dituztela eta bertara joatea animatu ditu Tolosaldeko herritarrak.

MOZORROAK KALERA

Lizartzan txekorraren festa izan zuten aurreko asteburuan, eta oraingoan puske biltzea eta mozorroak izango dira protagonista. Dantzari eta txantxoak inauteri doinuak dantzatuz ibiliko dira larunbatean baserriz baserri. Eguerdian kalean dabiltzan mozorro, gurdi eta txarangekin elkartuko dira.

Igandean, puska biltzea herrian egingo da, eta eguerdian bazkari handi bat egingo dute. Aipatu, bazkarirako txartelak denda eta tabernetan daudela salgai. Agurra ijitoa errez emango diote. Lizartzarrek ijito fama izan baitute.

INAUTERIETAKO EGITARAUAK

BERASTEGI

Urtarrilak 29, ostirala

14:45. Herriko txikienen kalejira.
16:00. Txokolate jatea.
17:00. Haurren dantza eta trikitixa emanaldia eskolako atarian.
18:00. Aiko dantzari ibiltaria karrapean.
19:00. Pintxo potea.

Urtarrilak 30, larunbata

10:30. Denak mozorrotuta kalejira alaia herrian zehar plazatik abiatuta.
14:00. Herri bazkaria. Bazkal ondoren, eztarriak berotzeko karaokea.
21:00. Urepele Biltokian luntxa.
23:00. Egunari amaiera emateko DJ Txoko Urepele Biltokian.

LIZARTZA

Urtarrilak 29, ostirala

14.15. Eskolak antolatuta mozorro festa. Ondoren, kalejira.

Urtarrilak 30, larunbata

07:00. Plazan elkartu eta kalejira Uetako zubitik dantzari, txantxo eta txistulariekin. 'Diana' abestuz hasiko da inauteria.
07:30. Puske-biltzea, dantzari eta txantxoak elkarrekin ospeletik.
09:30. Etxe-zahar baserrian geldialdia gosaltzeko.
12:00. Mozorro, gurdi eta txarangen irteera Errota ataritik.
13:30. Inauteri partaide guztiek kalejira, Arrateko zubitik irtenda. Ondoren, denek elkarrekin bazkalduko dute herriko frontoian.
18:00. Gurdi eta mozorroak Joxe Mariko aparkalekuan bilduko dira kalejiran plazara jaisteko, bertan sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta 'Lizartzako talogileak' egindako taloak jateko aukera izango da.

Urtarrilak 31, igandea

11:00. Meza Nagusia.
Ondoren. Hamaiketakoa izango da plazan.
12:00. Dantzariak kalean ibiliko dira puska biltzen gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera. Ondoren, Lizartzako Ihaute Dantzak plazan.
14:00. Inauteri bazkaria herriko pilotalekuan. Ondoren, txaranga eta bertso saioa.
20:30. Plazan “ijitoa— errez inauterien amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!