Kudeaketa publikoa izango duen eskualde ospitalea eskatu dute osasun alorreko langileek

Maier Ugartemendia 2016ko urt. 23a, 16:13
Irudian, agerraldia eskaini duten osasun alorreko langileak

Tolosaldeko Osasun alorreko langileek agerraldia egin dute gaur Tolosan, OSI Tolosaldea ematen ari den osasun arretaren inguruko "kezka" azaltzeko

Agerraldian sendagileek, erizainek, fisioterapeutek, gerokulturak, zaindariek, laguntzaileek eta administrariek parte hartu dute besteak beste. Eta euren izenean hitz egin dute Aitziber Alzaga, Pilar Palomares eta Javier Aranak.

bertan adierazi dute "2016ko azaroan Osasun Sailak INVIZArekin (Asuncion Klinika) sinatuta daukan hitzarmen bukatuko dela". Egoera horren aurrean, euren "kezka" azaldu nahi izan dute OSI Tolosaldea ematen ari den osasun arreta dela eta: "Osakidetzaren sareko ospitale publiko bat ezin da konparatu Tolosaldea dagoena bezalako klinika pribatu-kontzertatu batekin, batik bat kontuan izanda zer gabezi dituen".

Osasun langileen esanetan, Tolosaldean osasun langileen eta gaixoen arteko ratioak kudeaketa publikoko eskualde ospitaleetan baino "nabarmen txikiagoak" dira. Gainera, ez daukate "presentzia fisikoko guardiako espezialistarik" Traumatologian eta Kirugian, eta ez presentziakorik eta ezta lokalizaturik ere Otorrinolaringologian era Urologian.

Espezialisten arloan kezka nabarmena ageri dute. Batetik "espezialitate dezente" lanaldi partzialeko espezialistek atenditzen dituztelako. Bestetik, langile taldean espezialistak "sarri" aldatzen direlako. Eta azkenik, "espezialista izan gabe" sendagileek espezialisten lanak egiten dituztelako. Zenbait kasutan, "sendagile jubilatuak" lanean aritu izan direla ere salatu dute.

Horretaz guztiaz gain, Tolosaldean langile publikoek dituzten baldintzak baino "okerragoak" dituztela salatu dute. Eta baita sistema informatikoa "ez datorrela bat Osakidetzak duen sistemarekin" ere.

Deskribatutako baldintza horietan, langileek saiatu arren kudeaketa publikoko eskualde ospitale publiko batek eman dezakeen kalitateko arreta "nekez" eman dezaketela salatu dute.

Horregatik guztiagatik, Tolosaldeko herritarrek Euskadiko gainerako eskualdeetako herritarren "antzeko" arreta jasotzeko, bi eskaera egin dituzte: "Kudeaketa publikoa izango duen eskualde ospitale publikoa. Eta Espezialitateetako anbulatorioa, behar bezala hornituta eta osatuta".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!