Isastegiko sagardoarekin eginiko koktela 2015eko onenen artean

Ataria 2016ko urt. 21a, 13:32

Jay Kuehner Txiki Manzana koktelaren egilea (The Seattle Times)

'The Seattle Times' egunkariak 2015 urteko edaririk onenen zerrendan sartu du Txiki Manzana, euskal sagardoarekin (Tolosako Isastegi sagardotegikoa) eta mescalarekin (Mexikoko Maguey landare mexikarretik eratorritako alkoholdun zukua) eginiko koktela.

'euskalkultura.com' agerkariak jakitera eman duenez, Estatu Batuetako Seattle hiriko The Cloud Room tabernako Jay Kuehner barmanak sortu du Txiki Manzana koktela. The Seattle Times egunkariko Tan Vinh kazetariak edaria dastatu, eta argitaratu duen 2015eko hamar edaririk onenen zerrendan sartu du.

Oilba olioz bustitako sagar xerra pare bat gehituta, lima tanta batzuekin eta gatz puntu batekin borobiltzen du tabernariak edaria. Seattle-eko The Cloud Room eta Damn the Weather tabernetan eska daiteke edaria, 10-12 dolar ordainduta.

Isastegi sagardotegiko Migel Mari Lasa ez zen albistearen jakitun, eta pozik hartu du berria. Azaldu duenez, duela bost-sei urtetik ari dira sagardoa Estatu Batuetara esportatzen. "Gure nahia hemengo sagardoa ezagutaraztea da, eta urtetik urtera geroz eta kantitate handiagoa bidaltzen dugula ari gara nabaritzen, beraz, pozik gaude pixkana egiten ari garen merkatuarekin", dio. Otorduetan edan ohi da normalean gurean sagardoa, baina, Lasak azaldu duenez, Estatu Batuetan, otorduetan edaten da, baina, ohitura handiagoa dute otorduetatik kanpo edatekoa: "Guk hemen garagardoa edaten dugun moduan, arratsaldeetan, esaterako, horrela edaten dute han, eta kopan gainera. Bidali izan ditugu hemen erabiltzen ditugun edalontziak, baina, nahiago dute kopan edan".

Migel Mari Lasak esan duenez, koktela egin duen tabernariarekin harremanetan jartzeko asmoa du, elaboratu duen edariaz galdetzeko. Era berean, Euskal Herrira etortzen denean Isastegi sagardotegira gonbidatzeko asmoa duela azaldu du: "Ea horrela koktela probatzerik dugun".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!