Papereko euskarria azal eta mamiz berrituko da

Ataria 2016ko urt. 21a, 08:00

Tolosaldeko Ataria-k bi urteko langa pasata, papereko euskarrian beste pausu bat eman eta aurpegi berriz jantziko ditu, bai astekaria eta baita egunkaria ere. Azal eta mami, diseinu berria estreinatuko du ostiraleko astekariak, eta hilaren 26ko egunkariak asteartean.

Danel Agirrek izan du ardura hori, Tolosaldeko Ataria-ko lan taldearekin batera. Zertan oinarritu den galdetu diogu Agirreri Atariaren maketa diseinuak egiteko: «Egunkaria, aldizkariak eta webguneak begiratzen ditut, eta irteten diren tipografia berrien gainean ere egoten naiz, «letra hau noizbait erabili behar dut ba!» burutik sarri pasatzen zaidan esaldia da adibidez. Baina inspirazioarekin kontuz ibili beharra dago. Mota guztietako mugak izaten ditugu gurean (teknikoak, diseinuak egunero erabili behar dituen jendearen aldetik), eta praktikotasuna ezinbestekoa da».
Irakurleak baino kazetariak izan ohi ditu buruan: «Denbora askoz gehiago pasatzen da diseinua erabiltzeko errazago nola egin pentsatzen elementuen itxura  edertu nahian baino», gaineratu du.
Bi adar dituen enborra, egunkaria eta astekaria, moldatu beharra interesgarria iruditu zitzaion Agirreri lanerako. Baita «dagoeneko existitzen ziren eta beste norbaitenak ziren irudi korporatibo, kolore eta formatuak errespetatzeko baldintza ere». Era berean, «askatasun osoarekin baino erronka handiagoa izaten da igaro ezin dituzun marrekin aritzea. Besteen lana errespetatzera behartzen zaitu, eta autokritika egitera eta pentsatuta zenituen ideia asko kanpoan uztera lehendik zegoenarekin ondo konbinatzen ez badute». Diseinatzailearen esanetan, «ezinbestekoa da etxekoei entzutea, beraiek erabiliko dutelako diseinu hori eta haiek eroso egotea ezinbestekoa baita».
Komunikabideek, tartean-tartean, diseinuz aldatu ohi dutela galdetuta:  «Noizean behin publikoari hemen jarraitzen dugula eta etorkizunean hemen jarraitzeko bokazioa dugula esateko modu bat da nire ustez».  
Eta «konpetentziak baino askoz itxura zabarragoa ere ez du inork eduki nahi. Krisiaren urteetan, egunkari askok lehen baino orri gutxiago inprimatzen ari zirela kamuflatzeko ere baliatu izan dituzte diseinu aldaketak», dio Danel Agirrek. «Mundu ideal batean, lehen ere txukun ekoizten den informazio emaria hobeto antolatzeko eta aurkezteko balio behar luke, eta etxeko diseinatzaileek errazago eta lanabes egokiagoekin lan egin dezaten».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!