Eskualdeko ikastetxeen aurkezpen gutunak, labean

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urt. 19a, 18:28

Irudian, Nuria Sanchez aditua, estimulazio goiztiarraren inguruko saioan.

Matrikulazio kanpainarekin buru-belarri ari dira ikastetxeak, beren eskaintza marraztuz

Urtarrilari aldapa bat ezartzen zaio defektuz, ziklo hasierek berezkoa duten zailtasun hori nabarmentzeko-edo. Gabonen bestondotik arin irten behar izaten dute, ordea, ikastetxeek: hurrengo ikasturteko matrikulazio kanpaina abiarazten dute.

Seme-alabak nola hazten diren ikustearekin batera, nola hezi nahi dituzten ere aukeratu behar izaten dute gurasoek eta, etxeko hezkuntzarekin hobekien uztartzen diren ereduak hautatu.

Horrela, aurkezpen gutunak kultur egitarau eta jarduera forman idazten dituzte ikastetxeek, herritarrei irekitako hitzorduekin.

Batzuk hasiak dira jada, Tolosako Hirukide eta Ibarrako Uzturpe, kasu. Eta, beste batzuk, aste honetan bertan abiaraziko dituzte urteko egun garrantzitsuenetakoak.

Hezkuntza eredu berritzaileak, elikadura egokia zaintzeko gomendioak, parekidetasuna, Tolosaldetik mundu zabaleko arazoen berri izatearen garrantzia, euskara,... Behin balorez beteriko zerrenda osatuta, gurasoek hautatu beharko dute, orain, etorkizuneko herritarrak hazteko eta hezteko mamirik egokiena zein den.

 

HIRUKIDE IKASTEXEA, TOLOSA

Urtarrilak 23, larunbata. 10:30-12:30. Ate irekien jardunaldia San Frantzisko pasealekuko eraikinean, Hirukide Jesuitinetan.

LASKORAIN IKASTOLA, TOLOSA

Urtarrilak 23, larunbata. 11:00. Ezagutu Laskorain ate irekien jardunaldia, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, Sakramentinoen eraikinean.

Urtarrilak 25, astelehena. 18:00. Ezagutu Laskorain ate irekien jardunaldia, DBHn, Usabalgo eraikinean.

Urtarrilak 27, asteazkena. 17:30. Hitzaldia: Konfiantzaren pedagogia, Arizmendi ikastolako Amaia Anteroren eskutik.

SAMANIEGO IKASTETXEA, TOLOSA

Urtarrilak 20, bihar. 17:30. Eta hik zer? antzerki forum-a, Baketik eta Donostia 2016ren eskutik, Samaniegoko Haur Hezkuntzako erabilera anitzeko gelan.

Urtarrilak 21, osteguna. Goizez. Hitzaldia, LHko 6. mailako eta DBHko 1. mailako ikasleentzat, Orixe institutuan: Tolosatik Tokiora bizikletaz, Lander Egiaren eskutik.

Urtarrilak 22, ostirala. 17:30. Hitzaldia Marian Moreno hezkidetza eta berdintasun adituaren eskutik, Topic zentroan: ¡Cómo hemos cambiado! ¿O, no?.

Urtarrilak 23, larunbata. 11:00-13:00. Ate irekien jardunaldia Samaniego ikastetxean.

Urtarrilak 25, astelehena. 18:00. Ate irekien jardunaldia Orixe institutuan. Bertan, eraikin berriaren informazioa eskainiko dute.

Urtarrilak 26, asteartea. 17:30. Hitzaldia, Finlandiako hezkuntza aditu baten eskutik, Topic zentroan: Finlandiako hezkuntza sistemaren giltzarriak, gurean aplikatzeko modukoak?

Urtarrilak 27, asteazkena. 17:30. Sukaldaritza makrobiotiko tailerra, Agurtzane Larrañagaren eskutik, Samaniego ikastetxeko Haur Hezkuntzako jangelan.

Urtarrilak 29, ostirala. 16:45. Haur jolasak, Larramendi auzoan. Jarraian, txokolate jatea izango da eta, ondoren, Irantzu Mantxoren emanaldia.

UZTURPE IKASTOLA, IBARRA

Urtarrilak 20, bihar. 17:30-19:30. Sendabelar tailerra, Amaia Bastarrika naturistaren eskutik, ikastolako jangelan.

Urtarrilak 21, osteguna. 09:00. Kike Amonarrizen saioa, DBHko ikasleentzat, kultur etxean: Gazteek euskaraz hitz egin nahi al dute?

17:30. Hitzaldia, kultur etxean, Karlos Zurutuza kazetariaren eskutik: Errefuxiatuak: ihesaldi bat, hamaika istorio.

18:00. Ate irekien jardunaldia, Emeterio Arreseko eraikinean, 2 urteko haurren gurasoentzat.

Urtarrilak 23, larunbata. 15:00-18:00. Puzgarriak Belabieta kiroldegian.

18:00. Txokolate jatea plazan.

Otsailak 26, ostirala. 20:30. Alurr dantza taldearen Tradiziotik sorkuntzara ikuskizuna, Belabieta kiroldegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!