Ataria Bertso Jaialdia 2016

Bertso plaza ere bada Leidor

Jon Miranda Labaien 2016ko urt. 17a, 12:00

Tolosaldeko euskarazko hedabideen ekimenez zazpigarren urtez jarraian antolatu da bertso jaialdia Tolosako Leidorren. Urtarrilaren 23an 18:00etan hasiko da eta puntako sei bertsolari ariko dira Amaia Agirreren esanetara.

Tolosaldeko bertsozaleak aspalditik gorriz seinalatua du egutegian urtarrileko azken aurreko larunbata. Badaki, Tolosako Leidor aretora gerturatuz gero arratsalde pasa ederra egingo duela bertan: puntako bertsolariak, gai jartzaileak jarritako gatz eta piperra eta publikoaren berotasuna. TOLOSALDEKO ATARIA mimo handiz arduratzen da saioa antolatzeaz publikoaren gustagarri gerta dadin.

Aurten, urtarrilaren 23an izango da hitzordua 18:00etan hasita. Beti bezala, Amaia Agirre billabonatarra ariko da saioa aurkezten eta bertsolariei lana ematen eta kantuan sei bertsolari: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi eta Unai Mendizabal Mendi. Aurtengoa zazpigarren aldia izango da bertso jaialdia antolatzen dela Leidorren. Hasierako urteetan eskualdeko euskarazko irratiak, Txolarre-k, hartu zuen antolakuntza bere gain eta behin TOLOSALDEKO ATARIA osatuta, komunikazio taldea da saioa aurrera eramateaz arduratzen dena.

Gaur egun Leidorreko bertso jaialdiaren data barneratua du eskualdeko bertsozaleak, baina aurreneko urtean ez zen izan hura antolatzaileek bertso saiorako aukeratu zuten eguna. Joxemi Aranburu, garai hartan Txolarre irratiko talde eragileko kideak gogoratu du: «Hasiera batean igande arratsaldean pentsatu genuen jaialdia antolatzeko, baina aste batzuk lehenago Tolosako Udaletik abisua pasa ziguten esanez beste ekitaldi bat zegoela egun horretan. Larunbatera aurreratzea erabaki genuen, eta asko pentsatu ez arren, asmatu genuela esango nuke». Bere tokitxoa egin du Tolosako saioak urtarrileko bertso agendan, hilaren hasieran Etxeratek Oiartzunen antolatzen duen jaialdiarekin eta urtarrileko azken larunbatean Donostian ospatzen den Bertso Egunarekin batera.

Tokiko hedabideak sustatuta urtero antolatzen den saio honek bertso plaza gisa ere egin dio Tolosari bere ekarpena. Aranburuk gogoratzen duenez, «bagenekien sanjoanetako bertso saioaz gainera, udazkenean antolatzen zela beste jaialdi bat Leidorren baina azkeneko urteetan galduta zegoela edo ez zuela behintzat arrakasta handirik izaten». 2010ean Txolarre irratikoek lehen aldiz probatu eta plaza egonkortzea lortu zuten. Ondorengo sei urteetan hutsik egin gabe 800dik gora bertsozale elkartu dira urtero Leidorren.

Bertsoari eman eta bertsotik jaso

Kultur ekitaldi gutxik lortzen dute urtean zehar Tolosan hainbeste jende biltzea. Txolarre-ko kide Aranburuk dioenez, «guk une hartan bertso jaialdia antolatzea erabaki genuen premian genbiltzalako eta diru iturri garrantzitsu bat izan zitekeela ikusten genuelako. Ideia horrekin jo genuen laguntza eske Tolosako Udalera eta lankidetza eskatu genien bertso munduko lagunei, Amaia Agirreri eta inguruan sumatzen genituenei. Txolarre-ko taldekook ere gogor lan egin genuen, batez ere komunikazioan. Lehen urteetan Gipuzkoa osora zabaldu genituen jaialdia iragartzeko kartelak».

Helburu ekonomikoaz gainera, beste asmo batekin ere antolatu zuen Txolarre irratiak 2010. urteko bertso jaialdia. 10. urteurreneko ospakizunei amaiera emateko baliatu nahi izan zuten ekitaldia: «Kabitik Plazara izenarekin urteurrena ospatzeko ekimenak antolatu genituen eskualdean zehar, herri kirol jaialdiak, kantu saioak, kontzertuak eta horretaz gain hiru herritan bertso saioak antolatu genituen: Zizurkil Goiko Zentroan Amaia Agirre buru zela garai hartako 11 Bertute taldekoak izan ziren eta saio musikatu eta ganberroa eskaini ziguten. Alegian Aitor Mendizule eta Iker Zubeldiarekin bazkaria antolatu genuen eta, Tolosan, Iurre elkartean, bertso afaria egin genuen eta bertan Irazu, Peñagarikano eta Bixente Gorostidi egon ziren. Dena oso ondo atera zen, saioen bidez bertsolariekin geneukan harremana gehiago sendotu zen», azaldu du Aranburuk.

Harreman horren emaitza izan zen 2010eko urtarrilaren 23an antolatu zen lehen bertso jaialdia. Harremanak jarraitu du eta arrakastatsu izaten segitu du urtero antolatzen den bertso saioak. Gaur egun, TOLOSALDEKO ATARIA-ko administrazio kontseiluko kide da Aranburu eta gogoratu duenez, «euskarazko hedabideon egitekoa gure komunitatean eragitea da. Aktibo dauden eragile horiei euren lana komunikatzeko eta zabaltzeko tresnak eskaini behar dizkiegu. Bertsozaletasuna bizi-bizirik dago Tolosaldean eta jaialdi hau antolatzeak berak erakusten du ATARIA baliagarria zaigula bertsolaritza bizitzeko».

Elkarlanean antolatutako jaialdia

Elkarlana ezinbesteko baldintza izan da azken bost urteetan Leidorren ospatutako bertso jaialdia antolatzeko. Aurten ere, aurreko urteetan bezala, Tolosako Udalaren babesa izango du saioak eta Lanku Bertso Zerbitzuak eta Mahala baserriko produktuen laguntzarekin batera Harituz Bertsozaleen Elkarguneak jardun du aurtengo saioaren antolaketan.

Leidorreko oholtza gainean ariko den seikotea erabakitzerako orduan, Harituzeko kideekin batera lanean izan da TOLOSALDEKO ATARIA-k. Besteak beste, eskualdeko bertsozaleen elkarguneko kide den Unai Mendizabal Mendi ariko da bertsotan, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendirekin batera.

Datorren hilaren 23ko bertso jaialdiaren zabalpena eginez ere jardun dute Harituzekoek. Eskualdeko herrietan bertso saioa iragartzeko kartelak jartzen lagundu diote TOLOSALDEKO ATARIA-ri eta euren bitartekoak ere erabili dituzte jaialdiaren hedapena egiteko.

Izan ere, Harituz Bertsozaleen Elkarguneak, hiru lan lerro nagusi ditu. Transmisioan egiten dute, adibidez, ahalegina: hezkuntza arautuan eskualdeko ikastetxeetan Gu ere bertsotan programaren bitartez bertsolaritza erakutsiz. Haur, gazte eta helduentzako bertso eskolak ere badituzte martxan eskualdeko hainbat herritan.

Tolosaldean bertsolaritza sustatzea du bigarren egitekoa Harituz Bertsozaleen Elkarguneak. Datorren urtarrilaren 23ko Ataria Bertso Jaialdia bada, eskualdeko bertso saioen mapan gorriz markatutako hitzordua, «horregatik prestutasun osoa du Harituzek jaialdi hori sustatzen», nabarmendu du elkarguneko lehendakari lanetan aritzen den Mikel Artolak. Duela gutxi antolatu zuten, adibidez, bertso jarrien afaria Altzon eta 50 lagun inguru gerturatu ziren bertara. Bertso Truk ekimenean ere hartzen du parte gure eskualdeko elkarguneak. Hurrengo saioa, martxoaren 19an egingo dute Tolosan, Leitzako bertsolariekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!