Bertan behera gelditu da astelehenean hastekoa zen papergintzako greba mugagabearen deialdia

Ataria 2016ko urt. 14a, 18:21

Abenduan protestak egin zituzten papergintza sektoreko langileek.

ELA eta LAB sindikatuek hartu dute erabakia, CCOO sindikatuak sektoreko langileen bozketen emaitzak aintzat ez dituela hartuko esan ostean.

Astelehen arratsaldean sektoreko lau sindikatuek, ELA, LAB, CCOO eta UGTk, bilera izan zuten Adegirekin. Papergintzako hitzarmenaren inguruan azken eskaintza egin zuen patronalak. Hasiera batean lau sindikatuak ados zeuden eskaintza ez onartzeko eta greba mugagabea deitzeko, akordioa lortzeko ezinbestekotzat jotzen zutelako hitzarmenaren blindajea, eta horri ez zion erreferentziarik egiten Adegiren eskaintzak. 

Greba mugagaberen inguruko bozketak egin dira sektoreko lau enpresetan. Horietatik hirutan –Amezketako Aralar, Elduako Munksjö eta Aizarnazabalgo Zubialde– grebaren alde bozkatu zuen gehiengoak, baina Hernaniko Zikuñaga paper fabrikan grebaren inguruan kontra egiteko deialdia egin dute CCOO eta UGTk. Enpresa horretan grebaren kontrakoek irabazi dute, zehazki 118 boto kontra eta 50 boto alde lortuz. Lau enpresak kontuan hartuta, grebaren aldeko botoak 210 dira eta kontrakoak 182, hau da, 28 botoko diferentzia.

Andoaingo Itasa enpresaren emaitzak falta dira jakiteko. Enpresa horretan gehiengoa CCOO sindikatuak du, eta, beraz, ziurrenik grebaren kontrako jarrerak irabaz dezake, eta posible da sektoreko emaitza orokorra iraultzea, eta ezezkoak irabaztea.

Halere, CCOO sindikatutik esan dute ez dutela sektoreko langileek egindako bozketak aintzat hartuko, ELA eta LABetik azaldu dutenez, eta, beraz, azken hauek erabaki dute deialdia bertan behera uztea. Orain ikusi egin beharko da azken egunotan izandako jarrera aldaketak zer-nolako eragina izango duen papergintzako hitzarmenaren negoziazioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!