«Pilotariengan konfiantza guztia daukat»

Asier Imaz 2016ko urt. 14a, 13:52

Urtarrilaren 23an, 17:00etan, Aurrera Saizeko pilotariek finala jokatuko dute Amezketan. Luis Galarraga, klubeko arduradunak komunikabide honekin hitz egin du.

Euskal Herriko Pilota Elkarteen Arteko II. Txapelketa nork irabaziko duen hilaren 23an jakingo da. Tolosako Aurrera Saiaz eta Usurbilgo Pagazpek jokatuko dute finala. Finalerdietan, aurreko larunbatean, eskualdekoek Zaramagari irabazi zioten. Luis Galarraga bidaniarra Aurrera Saiazeko arduraduna da.

Espero al zenuen finalera iristea?
Agian ez. Talde bezala, pilotariengan konfiantza guztia daukat, eta aurrera joateko aukerak izango genituela. Baina gertatzen dena da, egutegiaren barruan tokatzen zaizun egunean pilotariak baldintza onean izan behar dituzu. Tartean txapelketa pribatu piloa egon dira, eta pilotariek partida asko izan dituzte. Orduan, egun jakin horretan ez dakizu pilotaria zein baldintzatan izango duzun. Aurtengoan uste dut talde batzuei horrek kalte dezente egin diela, gorago iristea galaraziz.

Finalerdietan, adibidez, Telletxeak ezin izan zuen zuekin jokatu.
Berarekin jokatzeko asmoa genuen, baina Espainiako Txapelketa zuen eta hara joatekoa zen. Bere ordezko bezala Arratibel jarri genuen, eta izugarrizko partida egin zuen; pozik.

Lau t'erdian Elola gazteak jokatu zuen finalerdietan.
Eta maila oso ona eman zuen. 17 urte ditu, eta baldintzak badauzka, landu behar dituenak. Etorriko den mutila da.

Buruz burukoan, Ikaztegietako artista.
Ni oso pozik nago Beñat Urretabizkaia taldean daukagulako. Nire ustez, argi, momentu honetan banakakoan dagoen pilotarik onena dela; bai lau t'erdian eta baita frontoi osoan ere. Eskuetatik ondo baldin badabil, nagusitasun izugarria dauka. Oso pozik nago mutil hau taldean edukitzeko zortea dugulako.

Binakakoan erabaki zen dena finalerdietan. Beldurrez al zinen?
Beldurrez baino kezkatuta. Arratibelek entrenatzeko ere denbora handiegirik ez du izan azken aldian, eta horrek baldintzatu du. Nik badakit Arratibelek kapazitate handia duela, baina zer moduz ote zegoen kezka nuen. Berak ondo zegoela esan zidan partida aurretik eta orduan lasai hartu nuen azken lehia hori. Gero, izugarrizko partida egin zuen. Eneko Labaka berriz, momentu izugarrian dago, txisparekin, erritmoa jarriz... Berezko pilotaria da, eta momentu onean dagoenean, asko jokatzen du.

Txapelketa honetan sari ekonomiko garrantzitsuak daude. Ondo etorriko zaizue.
Taldeak beti arazo ekonomikoekin ibiltzen gara, eta abantaila polita izango da taldearentzat sari hori. Horrelako txapelketa bat aurkezten denean, nahiz eta batzuk bakarrik jokatu, guk talde osoaren artean hartzen dugu, eta ospakizunak ere guztion artean egiten ditugu, bazkari eta afariren batekin. Jokatzen dutenek ere laguntza berezia sentitzen dute; eta denak pozik.

Eta final handian, Usurbilgo Pagazpe: Quina, Santxo, Urbieta eta Gorrotxategi. Izen handiak dira horiek.
Pentsatzen genuen aurkaria. Talde handia da Usurbilgoa. Esperientzia handiko pilotariak dituzte, maila ona dutenak. Gogorra izango da, eta gure partea jartzen saiatuko gara. Eskuetatik eta egoera onean iristen baldin bagara, ez dut uste oso erraza jarriko dugunik. Txapela irabazteko esperantza horrekin joango gara.

Non egongo da gakoa?
Banakakoa irabazteko esperantza daukat, Beñatekin izugarrizko konfiantza daukadalako. Lau t'erdian saiatuko gara, eta ahal bada, lehen bi partidak irabaztera joango gara. Ez baldin badugu lortzen, Labaka eta Telletxea, edo Arratibel hor egongo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!