Goio Jimenez: «Akusazioek ez dute oinarri juridikorik»

Imanol Garcia Landa 2016ko urt. 13a, 18:25

Argazkia: Juan Carlos Ruiz/Argazki Press

Auzitegi Nazionalean ezker abertzaleko kideak deklaratzen aritu dira, tartean eskualdeko bi: Goio Jimenez eta Eider Imaz.

Seguran 2007an egindako polizia operazioaren 04/08 sumariotik bereizitako auzi ekonomiko batengatik, 2008tik sekretupean zegoena, ezker abertzaleko hainbat kide izan dira Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzen, tartean bi eskualdekoak: Goio Jimenez tolosarra eta Donostian bizi den Eider Imaz ibartarra.

Delitu larriak leporatzen dizkiete: «Talde terroristari laguntzea –orduan legez kanpo zegoen Batasuna alderdiari–, kapitala zuritzea eta ondasunak ostentzea. Espainiako Poliziak joan den martxoan egindako txosten batean oinarrituta jarri ditu epaileak ikerketapean ezker abertzaleko kideak. Jimenezek Tolosaldeko Atariari azaldu dioenez, «abokatuak zehaztu duen moduan, oinarri juridikorik ez du auziak, eta Poliziak egineko txostenak proba edo elementu berririk ez du jarri mahai gainean». Jardun politikoa eraman nahi dutela auzitara salatu dute deklaratzean aritu direnek.

Deklaratzean, ukatu egin dituzte Batasuna diruz lagundu egin izana eta jasotako dirua EHAK alderdian egindako lanaren ondorio izan zela esan zioten epaileari. Deklaratze saioa «lasaia, tentsiorik gabea» izan zela azaldu du Jimenezek. Akusazioek ez dutela «ez hanka ez bururik» gaineratu du, eta abokatuak adierazi dioenez, «seguruena prozedimentuak jarraituko du, eta ziurrenez berriro ere joan beharko gara Madrilera. Asko luzatuko dela ematen du».

Zazpi urtez geldirik egon da auzia, eta Jimenezek azaldu duenez, ez zuen espero deklaratzera joateko agindua jasoko zuenik. «Harrituta jaso nuen. Ikerketa abiatu denetik egoera politkoa aldatu egin da, asko aldatu da, eta horrelako auziak aldatu egin behar dira ere. Ez dut ikusten bestaldetik jarrera aldaketarik. Gauzak aldatzea kostatzen da, baina sufrimendu pila dago». Astelehena eta asteartean, inputatuta dauden 27 pertsonetatik 22 egon ziren deklaratzen. Hiruri akusazioa kendu diete, Hodei Egaña, Imanol Nieto eta Eli Zubiagari, hain zuzen.

Akordioa, 08/04 sumarioan

04/08 sumarioaren auzian akordioa lortu zuten atzo, eta auzipetuta zeuden ezker abertzaleko 35 kide ez dira kartzelara joango. Auzipetuek akusazioak onartu zituzten, aitortuz legeriaren aurka jardun zutela. Halaber, «indarkeriazko jarduera ororen» aurkako konpromisoa azaldu zuten, eta espero dute aitortza horrek biktimen oinazearen «erreparaziorako» balio izatea. AVTk eta Dignidad y Justiciak onartu zuten aitortza horren ondorioz zigorrak murriztea; urte eta erdi eta bi urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete guztiei, eta, beraz, auzipetu bat ere ez da espetxera joango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!