«Arrauna utziko dut»

Asier Imaz 2016ko urt. 13a, 20:04

Ezkerretik eskuinera, Salvador, Larrañaga, Alijostes eta Aizpurua.

Zumaiak ez du emakumeen trainerurik aterako aurten. Gaiz hitz egin du orain artean zumaiarren tostetan eseri den Miren Salvadorrek (Alegia, 1995).

Tolosaldeko lau arraunlari aritu ziren pasa den urtera arte Telmo Deun ontzian. Ioana Alijostesek arrauna uztea erabaki zuen iaz; bada, kolokan da beste hiru arraunlarien etorkizuna. Miren Salvadorrek uzteko intentzioa duela aurreratu dio TOLOSALDEKO ATARIA-ri.

Zumaiako trainerua ezin osatu geratu zarete azkenean.
Urtero, denboraldia amaitzean, batzuk dudak izaten dituzte jarraitu edo ez. Azkenekoan, aurreko urteetako guztiak elkartu ziren duda horietan. Azkenean, zortzi bat lagunek utzi dugu, motibazio falta horren ondorioz.

Entrenamenduetan, ordea, hasi zineten.
Iazko bost berriro hasi ginen, bai. Tolosatik Irati eta biok saiatzea erabaki genuen, horrela jendea animatuko zelakoan. Ez da horrela izan, eta trainerua justu-justu osatu genuen. Hori ikusita eta Zumaiara joan-etorrian ibiltzea sakrifizio handia dela kontuan hartuta, gure motibazioak behera egin zuen. Gainera, jarritako baldintza batzuk ez ditu bete klubak, eta horrek ere motibazio eza handitu egin du.

Zumaia utzi ondoren, zer egingo duzue?
Gaur (atzo) hartu dut erabakia, eta arrauna utzi egingo dut. Irati eta Myriam jarraitzekotan dabiltzala uste dut.

Nekatuta?
Azarotik hona zalantza horiekin ibiltzeak eragina izan du. Gogoarekin hasi nintzen, baina erantzunik ez dugula jaso ikusita, eta jendea ez zela animatzen... hainbeste denboran zalantzarekin ibiltzeak eraman nau erabaki hau hartzera.

Betiko?
Nekatuta eta motibazio faltarekin amaitu dut azkenerako. Ez da gutxi eskatzen duen kirola, eta denboraldia luze joaten da. Gogorik gabe hasi baino nahiago urtea lasai pasa; eta hurrengo urtean ikusiko da.

Zumaiari ateak erabat itxi al dizkiozu?
Ez dakit. Gauza asko baloratu beharko litzateke.

Azken bi urte hauetan Zumaian ibili zara arraunlari moduan. Zer geratzen zaizu esperientzia horretatik?
Izugarrizkoa izan da. Asko ikasi dut, arraunlari eta pertsona bezala. Lagun asko egin ditut. Plazer bat izan da hangoekin arraun egitea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!