Papergintzako sindikatuek greba mugagabera deitu dute

Ataria 2016ko urtarrilaren 13a

Abenduan greba egin zuten sei egunez papergintzako langileek. Irudian, Tolosako Trianguloa plazan egindako elkarretaratze bat.

Adegirekin herenegun izan zuten bilera, baina sindikatuek ez dute nahikoa ikusten patronalak egindako eskaintza. Hitzarmena blindatzea funtsezkoa dela diote, eta horri buruz Adegik ez duela ezer adierazi esan dute.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Gipuzkoako papergintzako sektoreko langileei greba mugagaberako deialdia egin diete. Adegirekin herenegun izan zuten bilera, baina sindikatuek ez dute nahikoa ikusten patronalak egindako azken eskaintza. Hitzarmena blindatzea funtsezkoa dela diote, eta horri buruz Adegik ez duela ezer adierazi gaineratu dute.

Datorren astelehenean, hilak 18, hasiko litzateke greba mugagabea. Dagoeneko hiru enpresatan egin dute bozketa eta baiezkoak irabazi du guztietan. Amezketako Aralar paper fabrikan aldeko 79 eta kontrako 31 boto izan dira, Elduako (Berastegi) Munksjö Paper enpresan aldeko 59 eta kontrako 23, eta Aizarnazabalgo Zubialden aldeko 22 eta kontrako 10. Beraz, orain arteko emaitza 160 boto greba mugagabearen alde eta 64 kontra izan da.

Bileran Adegik batez ere eskaintza ekonomikoa egin du, eta zehazki soldatak igotzearen ingurukoa izan da: 2015ean %1a, eta 2016an eta 2017an %1,5a. Sindikatuek eskaintza ez onartzearen arrazoia azaldu du ELAko Josu Olazabalek: «Guk behin eta berriz esaten ari gara Adegiri, hitzarmena negoziatu nahian pasa dugun aurreko urte guztian, sinatzen dena bete beharrekoa izatea funtsezkoa dela, hau da, blindajerik gabe ez dagoela akordiorik. Eskaintza horretan berriro ere Adegik ez du hitz egin nahi izan blindajeaz, eta lau sindikatuok ados gaude blindajerik gabe ez dagoela akordiorik, eta greba mugagabea egiteko planteamenduarekin jarraituko dugula».

Bilera horren ondoren, beraz, sindikatuek deialdia egin diete langileei Gipuzkoako papergintzako sektorean, greba mugagabera joateko. «Adegik bere jarrera ez badu aldatzen, eta langileek erabakitzen badute greba mugagabera joatea, astelehenean hasiko gara», zehaztu du Olazabalek.

Bi bozketa falta dira

Grebaren baiezkoa erabakitzeko sektorea orotara hartzen da kontuan, hau da, enpresa guztietako langileak. Andoaingo Itasa eta Hernaniko Zikuñaga paper fabriketan egin behar dituzte bozketak, eta ostegun goizean jakingo da erabakia. «Orain arteko bozketetan erabakia garbia da grebaren alde», nabarmendu du Olazabalek.

Sektoreko beste enpresa Zizurkilgo Papelera del Oria da, baina bere egoera berezia dela azaldu du Olazabalek: «Hitzarmena babestu nahi dute, berea ere badelako, eta ez dute bertatik kanpo geratu nahi. Momentu honetan bizitzen ari diren egoera larria dela eta, garbi dute greba mugagabe batek itzuli ezineko kaltea eragingo liekeela enpresei. Helburua ez da enpresak ixtea edo lur jota uztea, baizik hitzarmena lortzea. Papelera del Oriakoek ahal duten heinean greba honekin bat egingo dute».

Abenduko egun batzuetan greba egin zuten sektoreko langileek, eta horren balantze positiboa egin du Olazabalek: «Langileen erantzuna erabatekoa eta sendoa izan da. Balantzea oso positiboa izan da: sindikatuok garbi ikusi dugu sektoreko langileak gurekin daudela, eta ez garela ari gauzak edozein modutara egiten, baizik langileekin adostasun batera iritsiz eta esaten dutena entzunez». Hitzarmena ez dutelako oraindik lortu, sei eguneko greba horrek ez duela guztiz nahi zutenerako balio izan gaineratu du Olazabalek, baina espero dute «sektoreko langileen bozketen emaitzak lehengokoak bezain onak izatea, eta hortik aurrera Adegiri zer pentsatua emango dio». Olazabalek gogora ekarri du hilaren 18ra bitarte aukera duela Adegik «bere jarrera aldatu eta blindajeaz hitz egiteko. Gu horretarako prest gaude».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!